Ikerlan Europako Nimbleai proiektuaren buru da, IOT gailuen "begiak" garatzeko

NimbleAI giza ikuspegiko sistemaren energia-eraginkortasuna erreplikatzen saiatuko da, milioika urteko bilakaeraren emaitza, eta inpaktu-potentzial handiko teknologia neuromorfikoa sortzen.
Card image cap
2022/11/30

Gizakiak bezala ‘ikusten’ ikas al dezake adimen artifizialak (AA), eta energia oso gutxi kontsumituz egin? IKERLAN zentro teknologikoak baietz uste du, eta horregatik gidatzen du Horizon Europe NimbleAI ikerketa-proiektua, gauzen Interneteko gailuen (IoT ingelesez) begiak sortzea helburu duena. Ibilgailu autonomoak, 4.0 industria, osasun-laguntza, robotika eta errealitate birtuala dira NimbleAI teknologiarako jomuga merkatu nagusia; izan ere, aplikazio finkatuak dira, eta ikuspegiak funtsezko zeregina du horietan.

IKERLANek sektore horretan aitzindari diren beste zentro teknologiko, unibertsitate eta enpresa batzuekin batera landuko dituen “begiek” siliziozko txip batean erreplikatuko dituzte erretinaren funtzionamendua eta giza ikuspegia gaitzen duten prozesu neurokognitiboak.

Sistema horiek milioika urteko eboluzioaren emaitza dira, eta energia inbertitzea dute ezaugarri. Horretarako, informazio asko duten ikusizko datuak atzitzen eta prozesatzen dituzte, eta konplexutasun handiko lanak egiten uzten dute modu seguruan, hala nola ibilgailuak gidatzea. Erretinan, zelula fotorrezeptoreek argi-aldaketa garrantzitsuen aurrean bakarrik erreakzionatzen dute, eta ikusmen-informazioa prozesatzen duten garuneko neuronek energia kontsumitzen dute erretinako zelula fotorrezeptoreek edo beste neurona aktibo batzuek estimulatzen dituztenean. NimbleAIk funtzionamendu biologiko hori hartuko du, ‘gertaeretan’ oinarritua (fotorrezeptoreen eta neuronen aktibazioak), eta prozesadore tradizionalek erabiltzen dutenaren guztiz ezberdina da. Horiek etengabe prozesatzen dituzte datuak, prozesatutako datuek ematen duten informazioaren balioa kontuan hartu gabe, eta horregatik ez dira eraginkorrak.

3Dko txipak egiteko azken aurrerapenak erabiliko ditu NimbleAIk, silizio-bolumen batean ahalik eta fotorrezeptore eta neurona artifizial gehien integratzeko, eta burmuin biologiko baten 3Dko egitura emulatzeko.

Bestalde,  espero da NimbleAIn diseinatutako txipak hamarnarka mW baino ez kontzumitzea batzuk –ia mila aldiz gutxiago led bonbilla batek baino– , eta 50 mm2-ko silizio-azalera erabiliko du, gutxi gorabehera zentimo bateko txanpon baten azaleraren laurdena. Xabier Iturbek, Nimble AI proiektuaren koordinatzaileak eta IKERLANeko ikertzaile seniorrak, honako hau adierazi du: “Nimble AI delakoak txip neuromorfiko bat diseinatu nahi du, egungo teknologia komertzialarekiko eraginkortasun energetikoa eta IA prozesatze-latentzia gutxienez 100 eta 50 aldiz hobetzeko, hurrenez hurren”.

Eragina industrian eta ikerketan Europan eta Euskadin

NimbleAIk erdieroaleetan Europako subiranotasuna indartzen lagunduko du, eta Europa teknologia neuromorfikoan gaur egungo iraultzaren abangoardian kokatzen, prozesadore tradizionalen alternatiba eraginkorrago gisa. Halaber, egungo IoT gailuek hodeian duten mendekotasuna murrizten lagunduko du, datu aurreratuenak (eta eskatzaileenak) modu lokalean prozesatzeko gaituko baititu. Datuak hodeira transmititzea saihestuz gero, segurtasun-arriskuak minimizatuko ditu  eta erantzun-denborak murriztu egingo dira; gai kritikoa da aplikazio batzuetan, hala nola, gidatze autonomoan.

Emaitzak epe laburrean proiektuan parte hartzen duten konpainiei transferitzeaz gain, epe luzean, txip neuromorfiko komertzialen belaunaldi berriak sortuz, NimbleAI aukera bat da euskal industriarako eta Euskadiko ikerketarako.

Proiektuko parte-hartzaileak

NimbleAIk 10 M€-ko aurrekontua du 2022-2025 aldirako, Europar Batasuneko Horizon Europe programak eta Erresuma Batuko Gobernuak emana. Proiektuaren buru den IKERLANekin batera, partzuergoan parte hartzen dute proiekturako garrantzitsuak diren sektore teknologikoetako erreferentziazko ikerketa-zentroek (CEA, IMEC, CSIC, BSC), 3D txipak diseinatzeko software-tresnen konpainia batek (MZ Technologies), txipetan integratzeko jabetza intelektuala lizentziatzen duten konpainiek (CODASIP, MENTA), prozesadore neuromorfikoak diseinatu eta merkaturatzen dituen konpainia batek (GrAI Matter Labs), ganbera plenoptikoak diseinatzen dituen konpainia batek (Raytrix), ospe handiko unibertsitateek (TU Wien, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Politecnico di Milano, University of Manchester, Queen Mary University of London, Leiden University) eta azken ekipoen fabrikatzaileak (ULMA Medical, AVL eta View’ System).

Partzuergoak aholkulari-batzorde baten laguntza du. Bertan, irudi-sentsore neuromorfikoak diseinatzeko eta merkaturatzeko konpainiarik garrantzitsuena dago, Prophesee, bai eta erdieroaleen sektoreko balio-kate osoa estaltzen duten enpresak ere, txipak ekoizteko litografia-ekipoen fabrikatzaileak eta txipen ekoizleak barne. Helburua da NimbleAIn sortutako jabetza intelektuala eta teknologia fabrikagarria dela bermatzea.

Ikerketa zentro teknologikoa