Iker Robles: “25 urte daramagu Mexikon lanean eta aurten, egindako ahaleginen aitorpena jaso dugu”.

Copreciko kideek, Jalisko Estatuan egiten duten lanaren esker ona jaso zuten martxoaren 3an. Guadalajaran urtero antolatzen den enpresen topaketan, Francisco Silva Romero saria jaso zuen kooperatibak. Iker Roblesekin egon gara, Coprecik Mexikon duen instalazioaren zuzendariarekin.
Card image cap
Iker Robles, Copreci Mexikoko zuzendaria
2014/04/15

Encuentro de la Unidad Obrera-Patronal de Jalisco izeneko ekitaldiaren seigarren edizioa ospatu da aurten.

Bai, hala da. Mexikon sindikatuek indar handia dute eta oso lotuta daude alderdi politikoekin eta boterearekin. Croc-ek, gure sindikatuak, Jaliskon dihardu lanean eta Estatuko garrantzitsuenetakoa da. Urtean behin aipatu ekitaldia prestatzen du sektore ezberdinetako lau enpresa saritzeko.

"Langileek aldarrikapen asko dituzte, bai berain egoera hobetzeko eta baita enpresak izan ditzakeen akatsak konpontzeko, lan giro on bat izateaz arduratzen dira eta hau oso aberasgarria da"

Enpresa sarituez gain, nork hartzen du parte topaketan?

400 bat pertsona bildu giñen. Batetik, Coprecitik zuzendaritzako hiru pertsona, gure ordezkaria eta lau langile bertaratu giñen, azken hauetako bat, langilego osoaren ordezkaria izanik. Gu bezela saritutako enpresak eta beste zenbait erakunde ere hurbildu ziren. Bestetik, Jaliskoko gobernatzailea, Jorge Aristóteles Sandoval Díaz -hemengo lehendakariaren boterea izango lukeena-, Guadalajarako alkate den Ramiro Hernández García, Francisco Robles Ortega Guadalajarako artzapezpikua eta sindikatuko buruak ere parte hartu zuten.

Eta aurten Industria sektoreko saria Coprecirentzat izan da...

Bai, lehenengo aldia da ekitaldi honetara joaten garela eta oso pozik gaude. 25 urte daramagu Mexikon lanean, MONDRAGONeko lehen kooperatiba izan giñen kanpoan instalazio bat finkatzen, eta aurten, egiten ari garen lanaren aitorpena jaso dugu.

"Aipamen hau, sindikatuekin mantentzen dugun harreman onaren isla da, eta hori oso positiboa da"

Francisco Silva Romero izeneko saria jaso duzue, baina zer da saritzen duena?

Produktibitate mailan oreka bat mantendu izan duten eta era berean, langileen lan baldintzak mantendu dituzten enpresak saritzen dituzte. Aipamen hau, sindikatuekin mantentzen dugun harreman onaren isla da, eta hori oso positiboa da.

Copreci MexikoEkitaldira hurbildu ziren Copreci Mexikoko eta Croc-eko kideak

Sindikatuekin, beraz, harreman ona duzue.

Bai, beti izan dugu harreman ona beraiekin. Langileen eskaerak ere entzuten ditugu eta adostasun batera heltzen saiatzen gara, orokorrean izan ditugun arazoak modu oso egokian konpondu izan ditugularik. Langileek aldarrikapen asko dituzte, bai berain egoera hobetzeko eta baita enpresak izan ditzakeen akatsak konpontzeko, lan giro on bat izateaz arduratzen dira eta hau oso aberasgarria da.

Zer iritzi duzu Mexikoko kooperatibismoaren gainean?

Nekazaritza arloan kooperatibismoaren presentzia zerbait nabari daiteke, baina enpresa munduan ez. Gu kooperatiba bat garela esatean, jendea harritu egiten da. Orokorrean, gure lan egiteko era ez dator bat beraienarekin, nekazaritza salbuespena izanik, beste metodologia bat erabiltzen dute eta zaila egiten zaie gurea ulertzea.

Etxetresna elektrikoetarako osagaiak