Ikasturte berria, erronka berriak
Arizmendi Ikastolako komunitateko kideok aukerez eta erronkez jositako ikasturtea dugu aurrean. Ikastolok ekainean ospatu genuen 7. Batzarrean etorkizuneko ildoak adostu genituen, egungo errealitateari erantzungo dion hezkuntza paradigma garatzeko oinarri sendoak finkatuz. Helburu komun batek elkartu gintuen 114 ikastolak ekainaren 22an Iruñean; elkarrekin amesten dugun euskal herritarra hezten laguntzea, hots, gure gizartean modu aktiboan eragingo duten eta barne sendotasuna izango duten pertsona euskaldun, ekintzaile, eraldatzaile eta kooperatiboak.
Eta orain, udako atsedenaren ostean, Senpereko Kattalin Elizalde Kolegioan izandako ikasturte hasiera ofizialean, biharko Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko konpromiso hori berretsi dugu.
“Bisioa, estrategia eta ausardia izatea dagokigu guztioi. Indarrak batuz bakarrik lortuko dugulako pauso sendo eta irmoak ematea”
Azkar esaten da, bai, baina ikastolako paretetatik haragoko hezkuntza batean sinesten badugu, gure erronkak nahitaez euskal gizarteko erronkekin lerrokatuta egon behar dira. Ariketa azkar bat, irakurle. Jarri al zara pentsatzen zeintzuk diren egungo euskal gizarteak dituen erronkak?
Euskal gizartearen egungo erronkak
Iñaki Iurrebasok bere tesian pare bat pista ematen dizkigu. Euskal Herriaren eraikuntzan, gure identitatea, eta bereziki, hizkuntza biziberritzean jarri behar dugu fokua eta horretarako proposamen desberdinak egiten dizkigu. Horietako bat arnasguneak sendotzearena da, hezkuntzatik harago, herrietan euskaraz modu librean aritzeko arnasguneak. Hor daukagu lehenengo erronka, beraz. Gure komunitatea geroz eta globalagoa eta anitzagoa den honetan egungo errealitate soziolinguistikoan eragiteko ezinbestean errealitate demografikoa aintzat hartzea dagokigu.
Hemen bigarren erronka; gure herrietara datorren pertsona orori merezi duen artapen egokia egitea eta euskararen komunitatera erakartzea, denen artean inklusio erreal baten bidean urratsak emanez. Bakoitzak dugun identitate kultural eta linguistikotik abiatuz, denentzat izango den kolore askotariko Euskal Herri euskaldun bat elkarrekin eraikitzea.
Agerian da, erronka hauek apustu egitea eskatzen dutela, bai ikastolon aldetik baina baita Hezkuntza Sailetik eta gainontzeko erakundeetatik ere. Bisioa, estrategia eta ausardia izatea dagokigu guztioi. Indarrak batuz bakarrik lortuko dugulako pauso sendo eta irmoak ematea. Izan ere, gainontzeko ikastetxe eta herri eragileekin batera, etorkizunean gure gizartean eragile aktibo izango diren haur eta nerabe horientzat lurzorua prestatzea baitagokigu. Ez dauzkagu erronka makalak, ez. Aurrera egin dezagun indarrez eta ilusioz.
Ongi etorri 2024-2025 ikasturtera.