Ikastetxeetan ematen diren igarobideak hobetzeko jardunaldia egin da Eskoriatzan

'Goieskola' Debagoieneko herri eskolen elkartearekin batera antolatutako jardunaldia izan da gaur, irailak 5, Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean.
Card image cap
2022/09/05

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Oñatiko eta Bergarako eskola publikoekin batera, Igarobideak parte-hartze kultura eta garapen komunitarioaren norabidean izeneko jardunaldia egin dute, gaur, irailak 5. Ekitaldia Eskoriatzako campusean egin da. Bi urteko proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna eraikiz deialdiaren finantziazioa jaso du.

52334619422_2319fea0ca_k.jpg

Igarobideak dira egoera batetik besterako aldaketa prozesuak. Eskolen ematen diren igarobide batzuk une puntualetara mugatzen dira, adibidez, etapa aldaketetara

Igarobideak dira egoera batetik besterako aldaketa prozesuak. Eskolen ematen diren igarobide batzuk une puntualetara mugatzen dira, adibidez, etapa aldaketetara; beste igarobide batzuk, ordea, etenik gabekoak eta orokorragoak izan ohi dira. Irati Sagardia, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateako ikerlariak esan duen bezala, “igarobideaz hitz egiterakoan, momentu zehatzak aztertu izan dira, baina etenik gabeko prozesu konplexu bezala ulertu behar ditugu”.

Igarobideak, aldaketa sasoiak

Igarobideek eragin handia dute ume eta familien bizitzetan, aldaketa biopsikosozialak gertatzen direlako prozesu horietan. Gaurko jardunaldian azaldu duten bezala, eskoletan prozesu horiei behar besteko garrantzia ematen ez zaiolakoan, Mondragon Unibertsitateko Zehar eta Hazitegi ikertaldeek igarobideak hobetzeko eta eskola inklusiboaren bidetik, Bergarako eta Oñatiko eskola publikoekin batera, prozesu parte-hartzailea jarri zuten abian orain dela bi ikasturte: Guztion ohotsa egitasmoa. Gaurko jardunaldian aurkeztu dituzte egitasmo horren lehenengo emaitzak.

Guztion ahotsa proiektuan parte hartu dute Bergarako San Martin Eskola eta Ipintza Institutuak, eta Oñatiko Urgain ikastetxeak (Errekalde herri eskolak eta Zuazola Institutuak). Ikastetxe horietako ordezkariek azaldu duten bezala, lehen ikasturtean, eskolako komunitatea osatzen duten agente guztien ahotsak kontuan hartuta, igarobideak nola ikusten dituzten aztertu zituzten: indarguneak, ahulguneak, prozesuarekiko beldurrak, premiak... Diagnostiko hori egin ondoren, prozesu horien hobekuntzarako ekintza plana diseinatu zuten. Bigarren ikasturtean aldiz, ekintza plan hori abian jarri eta ebaluatzeko aukera izan dute, hobekuntza eta doikuntzak eginda.

Bergarako herri eskolan esaterako, etapa eta zikloen arteko trantsizioa lantzen ari dira buru belarri. Joxerra Lasa San Martin Eskolako zuzendariak aipatu duenez, zalantza gehien 6. mailatik DBHrako etapa aladaketan ematen dira

Bergarako herri eskolan esaterako, etapa eta zikloen arteko trantsizioa lantzen ari dira buru belarri. Joxerra Lasa San Martin Eskolako zuzendariak aipatu duenez, zalantza gehien 6. mailatik DBHrako etapa aladaketan ematen dira, eta zalantza horiek argitzeko egiten ari diren lanketa xehetu du. Besteak beste, honakoak egiten dituzte Bergaran ikastetxean: eraikinera bisita, hamaiketako formatuan hurrengo etaparen berri eman, taldeko kohesiorako jolasak ikasturte hasieran zein aurreko ikasturtean, hurrengo etapako ikasleekin ekintzak… Garaine Baleztena San Martin eskolako LHko tutoreak azaldu duenez, Lehen Hezkuntzan, “tutore berriek hurrengo ikasturtean izango dituen haurrekin ekintzak garatu dituzte, elkar ezagutu eta igarobidea lasaiago egiteko”.

52334620607_52299f3e92_k.jpg

Oñatiko Urgain eskolakoak

Oñatiko Urgain eskolako ordezkariek ere partekatu dituzte igarobiak hobetzeko egin dituzten esperientziak. Maider Riverak azaldu duen moduan, “lehen, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara eta Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako igarobideak lantzen genituen soilik; egun, aldiz, jorratzen ditugu mailaz mailako igarobide guztiak”. Riverak gaineratu du sistematizatzeko aukera eman diela Guztion ahotsa proiektuak, eta aurrerantzean errepikatzeko modukoa ikusten duela. Etorkizuneko erronkak ere identifikatu ditu Oñatiko eskolako ordezkariak: taldeak nahasteko premia eta familiengana heltzeko bide berrien finkatzeko beharra.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa