Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Ikasleen bidelagun
Gaztetan bazuen irakaskuntzarako eta umeekin lan egiteko bokazioa Martxik, baina esan dezakegu txiripaz sartu zela irakaskuntzan: “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikastekoa nintzen, baina lesio bategatik ezin izan nintzen sartu; Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean atera nuen irakasle titulua, euskal filologian espezializatuta”.
37 ikasturte daramatza Martxik irakasle moduan Arizmendi ikastolan eta Almen guneko ibilbide guztia bizi izan du; Loramendi Ikastolako lehen promozioko ikasle zela inauguratu zuen, beste zenbait ikaskiderekin batera, Almen Ikastetxeko eraikin berria eta irakasle ibilbidea ere bertan egin du. “Bizitza oso bat eman dut Almenen”, dio harro.
Urte hauetan guztietan, kanpotik asko ez, baina barrutik asko aldatu da Almen. Konfiantzaren Pedagogia egitasmo pedagogikoarekin lanean hasi ziren duela urte batzuk eta barruko espazioak erabat eraldatu dira, baita metodologiak ere. Egitasmo pedagogiko hau ezinbesteko aldaketa izan dela dio, gizartea bera ere “asko aldatu” delako: “Irakaskuntzan urte asko daramatzagunontzat aldaketa handia izan da, desikasi behar izan baititugu prozesu asko. Oso pozik nago; jubilatu aurretik egitasmo honetan parte hartzea oparia izan da”.
Irakasleen rola
Irakasle ofizioaren aldaketa nabarmenenetako bat rol aldaketa izan da. Duela urte batzuk, jakituriaren iturri ia bakarrak ziren tutoreak, guztia bideratzen zutenak, baina orain bidelagun moduan definitzen du Martxik bere burua: “Irakasleok ez gara orojakileak; beste informazio iturri bat baino ez gara”. Talde kooperatiboetan lan egiten dute ikasleek PROIak lantzeko eta lehen baino autonomia askoz handiagoa dutela dio.
Gaur egun, irakasleen lanbidea erronka eta aldaketa etengabeen aurrean dago, teknologia berriak, inklusibitatea eta hezkuntza-behar berriak direla eta. Teknologiaren inguruan galdetuta Martxik garbi dauka errezeta zaharrekin ezin zaiela erronka berriei aurre egin, baina teknologia berriei mugak jarri edo erabilera egokitu beharra dagoela uste du: “Aukera handiak ematen ditu baina ez dakit prestatuegi gauden horri aurre egiteko. Bestetik, ikasleak pantailekin hiperestimulatuta daudela ikusten dugu eta saiatzen gara horien erabilera oso selektiboa egiten”.
“Gustatuko litzaidake pertsona inplikatu, bidelagun eta gertuko bezala gogoratua izatea”
Harremanak
Gelan giro osasuntsua sustatzea ere bada irakasleen eginbeharreko bat eta ikasle eta irakasleen artean konplizitatea eta konfiantza dagoela nabarmendu du: “Eremu ziurrak dira gure espazioak eta gure arteko harremanak oso sanoak dira”. Gela bat “ekosistema berezia” dela dio eta oreka “ezinbestekoa” dela.
Irakasle eta ikasleen artean harreman berezia sortu ohi da maiz eta ofizioan hainbeste urte eginda, hainbeste ikasleren irakasle izanda, seguru maitasunez gogoratzen dutela Martxi Almenen ikasitako askok. “Harreman oso ona izan dut beti ikasleekin eta norbaiti bidea errazteko modua izan badut, asko pozten naiz. Gustatuko litzaidake pertsona inplikatu, bidelagun eta gertuko bezala gogoratua izatea, eskolako ekosistemaren giro onaren sustatzaile moduan”, dio.
Hezkuntzaren etorkizuna
Irakasteko modua zeharo aldatu da azken urteotan eta datozen urteetan ere aldatzen jarraituko du. Orain edukietan baino prozesuetan jartzen da arreta eta horrek egiteko modu berriak ekarri beharko ditu. Martxik garbi dauka hezkuntza “beste bizi-esperientzia bat” izango dela: “Etorkizun likido baten aurrean ikaslearen profila beste bat izango da. Esperientzia anitzak behar dituzte, informazio iturrietara heldu eta iturri horiek behar bezala erabiltzeko gaitasuna. Lan kooperatiboa ere ezinbestekoa izango da eta ikasleak entrenatuta egon behar dira taldean lan egitera, adostasunak bilatzera”. Esperientzian oinarritutako hezkuntza, erronka errealei erantzungo diena eta barne sendotasuna lantzen duena irudikatzen du Martxik: “Gizartea zerbait izan behar bada, pertsona osoak, justuak eta euskaldunak garatu behar dituzte”, dio gartsu.