Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen ostiralean, Kursaalen
- 2. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 3. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 4. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 5. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 6. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
Ikasketa Dualen Europako Unibertsitatearen Biltzarra Mondragon Unibertsitateak antolatuko du

EU4Dualek, Mondragon Unibertsitatea buru duen eta prestakuntza dualean aitzindari diren Europako bederatzi unibertsitatek osatutako Ikasketa Dualen Europako Unibertsitateak, erabaki ditu 2025eko konferentziarako egunak eta lekuak. «Ikuspegi berdeagoak, etorkizun distiratsuagoak» izenburuko konferentzia aliantzaren barruan dauden bi unibertsitateren egoitzetan egingo da, bi egunetan.
Goi-mailako hezkuntza dualarekin lotutako esperientziak, proiektuak eta etorkizuneko joerak partekatzea da biltzarraren helburuetako bat
Hitzordua apirilaren 2an hasiko da, Mondragon Unibertsitatearen Galarretako campusean Hernanin. Hurrengo egunean, bigarren jardunaldia egingo da, Bidarteko ESTIA Teknologia Institutuan. Konferentzian parte hartzeko erregistroa zabalik dago jada, eta doakoa izango da, baina aldez aurretik eman beharko da izena.
Helburu bikoitza
Konferentziak bi helburu ditu: alde batetik, goi-mailako hezkuntza dualarekin lotutako esperientziak, proiektuak eta etorkizuneko joerak partekatzea eta, bestetik, konferentziako gai nagusien —ekonomia berdea, etorkizuneko lana eta goi-mailako ikasketa dualak— inguruan egindako azken ikerketen emaitzak azaltzea.
Aurtengo konferentziak zenbait berritasun izango ditu; esate baterako, ikertzaileentzako jarduera espezifikoez gain, nazioarteko ikasleentzako jarduera-programa bat antolatu da, aukera izan dezaten beste herrialde batzuetako gazteekin lankidetzan aritzeko eta nazioarteko hainbat enpresa ezagutzeko.
Konferentziara joan nahi dutenek doan eman dezakete izena esteka honetan, otsailaren 24ra arte: https://knowledgeinnovation.zohobackstage.eu/EU4DualAnnualConference2025#/registration?lang=en
Bestalde, ikertzaileek urtarrilaren 20ra arteko epea dute konferentziako 3 gaiei buruz egin dituzten ikerketa-lanak bidaltzeko. Beren lana EU4Dual Innovation Prize-ren lehen ediziorako ebaluatzea nahi duten erabaki dezakete; horri esker, lehiaketako saria irabazteko aukera izango dute. Lanak bidaltzeko esteka prest dago jada: https://ojs.eu4dualdevelopment.com/index.php/eu4dual2025/index
Kongresuari buruzko informazioa ekitaldiaren webgune ofizialean dago eskuragarri: https://knowledgeinnovation.zohobackstage.eu/EU4DualAnnualConference2025#/
Prestakuntza duala Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitateak aspaldi egin zuen prestakuntza dualaren alde, eta, horri esker, EU4Dual aliantzaren buru da. Europako 9 unibertsitate aitzindarik osatzen dute aliantza hori; hauek dira: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta), Koszalin University of Technology (Polonia) eta Mondragon Unibertsitatea bera.
Mondragon Unibertsitatearen eskaintzak historikoki izan du 'dual izaera' eta hori dela eta egitasmoaren lider bilakatu da MONDRAGONeko unibertsitatea
Partzuergo horren helburua da Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna handitzea, prestakuntza dualaren bidez, gizartea eredu sozial eta ekonomiko jasangarriago, berdinzaleago eta eraginkorrago baterantz eraldatzen laguntzeko. EU4Dual munduko hezkuntza dualeko erakunde integraturik handiena da, arlo akademikoa eta enpresariala ezin hobeto uztartzen dituena.