Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
IK4-IKERLAN "sistema elektroniko hobeak industriaren lehiakortasuna bultzatzeko" proiektua garatzen ari da
Bere industria elektronikoaren lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin, Europar Batasunak sistema elektroniko horien ekoizpena eta funtzionamendua hobetzea erabaki du. Horretarako, DREAMS proiektua onartu du (‘Distributed REal-time Architecture for Mixed Criticality Systems’-en akronimoa), non IK4-IKERLANeuskal teknologia zentroa parte hartzen ari den.
Proiektuaren helburuak dira ekoizpen prozesua erraztea, garapenaren epeak laburtzea eta teknologia egiaztatzeko prozesuak ahalbidetzea, azkenean kostuak txikiagoak izan daitezen. Horretaz aparte, egun dauden gailuei dagokienez, hainbat alderdi hobetzea espero da, esaterako, fidagarritasuna, segurtasuna eta baliabideetan egindako gastuaren efizientzia.
Ekimenak 4 urte iraungo du, eta eremu ugarirekin bateragarria izango den oinarrizko teknologia garatzea aurreikusten du. Ez alferrik, pertsonen segurtasuna sistema elektroniko baten menpe dagoen aplikazio guztietan erabili ahal izango baita; beraz, ezin hobea da garraio, industria edo osasun alorreko aplikazioen garapenerako, hiru adibide ematearren.
Gailu mota horiek duten arazo zehatzetako bat garrantzi desberdineko funtzioen kudeaketa da. Hau da, sistema elektroniko berean segurtasunerako kritikoak diren funtzioak zein kritikoak ez diren beste batzuk kudeatzen dira, eta ekidin beharko da garrantzi txikienekoek segurtasuneko funtzioak oztopatzea. IK4-IKERLANen proiektuaren arduraduna den Leire Rubiok azaldu duenez, “funtsezkoa da funtzio guztiak ondo egitea, horietako batzuk segurtasunerako kritikoak dira eta". Kontua da eragoztea, esaterako, beste edozein funtziok balaztatzen ez uztea, autoen kasuan, balaztak kontrolatzen dituen sistema elektroniko berak garrantzi txikiagoko beste funtzio batzuk ere kontrolatzen baditu ere. Gauza bera gertatzen da aerosorgailuekin: bermatu egin behar da palak gelditu egingo direla beharrezkoa denean, nahiz eta une horretan sistema beste funtzio batzuk ere kontrolatzen ari.
Hiru erakusgailu
DREAMS proiektuan garatutako sistema elektronikoen funtzionamendua hiru gailutan erakutsiko da: lehenengoa mezuak bistaratzeko gailu bat izango da abioietako pilotuentzat. Gailuak parametro kritikoen gaineko informazioa emango du, pertsonen segurtasunerako hain garrantzitsuak ez diren beste batzuekin batera; bigarrena, pazienteek etxetik beren osasun egoera monitorizatu eta bilakaerari buruzko datuak ospitalera bidaliko dituen sistema bat. Sistema horrek, gainera, beste hainbat funtzio multimedia ere eskainiko ditu; eta azkenik, itsaso zabalean energia eolikoaren sorgailuak kontrolatzeko gailu bat izango da, garrantzi desberdineko hainbat funtzio kudeatzeko gai izango dena, besteak beste sorgailuaren palek kontrola galtzen dutenean horiek geldiaraztea.
IK4-IKERLANek DREAMS proiektuan izango duen berariazko eginkizuna izango da Alstom Renovablesekin batera azken erakusgailu hori garatzea. Era berean, teknologi zentroak proiektuan zehar erabiliko diren hainbat tresna garatuko ditu, eta zehaztu egingo du nola egin beharko diren produktuak ondoren egiaztapena lortzea errazago izateko eta produktuek arauak betetzeko.
“Oso aukera handia”
Leire Rubiok azaldu duenez, “IK4-IKERLANentzat sekulako aukera da hain helburu anbiziotsuak dituen DREAMS proiektuan parte hartzea, proiektuak Europako industria elektronikoaren lehiakortasuna bultzatzea baitu helburu”, eta, gainera, “hain merkatu konplexuan ezinbestekoa da ezagutza aplikatzea lehiakortasuna irabazteko, eta, zentzu horretan, proiektu honetan garatuko ditugun ezagutzak oso baliotsuak izango dira”, gaineratu du.
“DREAMS proiektuarekin IK4-IKERLANek aukera izango du funtzio kritikoak eta ez kritikoak nahastuta eta gorabeherarik sortu gabe kontrolatzen dituzten sistema elektronikoak garatzeko gai dela erakusteko. Gure zentroak ia hamar urte egin ditu produktu kritikoak garatzen eta egiaztatzen”, esan du, amaitzeko.
Partzuergoa
DREAMS proiektuaren partzuergoa Siegeneko Unibertsitateak (Alemania) gidatzen du, eta, IK4-IKERLANez gain, 6 herrialdetako beste 16 erakundek ere hartzen dute parte bertan. Hauek dira aipatu erakundeak: Alstom, STMicroelectronics, Thales, TÜV Rheinland, FENTISS, RealTime-at-Work, TTTech, Virtual Open Systems, ORTISS, ONERA, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, SINTEF, Kretako Hezkuntzako Institutu Teknologikoa eta Kaiserslauterneko Unibertsitate Teknikoa.