Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
IDEKOren diru-sarrerak 10,6 milioi eurokoak dira, eta horietatik ia erdiak enpresekin egindako kontratuetatik datoz
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den IDEKO euskal zentro teknologikoak 10,6 milioi euroko diru-sarrerak erregistratu zituen 2019an. Kopuru horrek esan nahi du %4ko igoera izan zela aurreko ekitaldiko 10,2 milioien aldean, eta erakundearen jarduera sendotu egin zela, bai ikerketaren esparruan, bai sektore pribatuarekiko proiektuetan, eta hortik dator fakturazioaren ia erdia.
Zehazki, IDEKOko diru-sarreren %45 iaz sektore pribatuari egindako transferentzia teknologikoko 165 proiekturen emaitza da, eta datu horrek agerian uzten du erakundea enpresen errealitatetik hurbil dagoela. Gainerako %55ak, berriz, Europako (%17), Estatuko (%8) eta Euskadiko (%30) erakundeek bultzatutako programei lotutako I+G+b ekimenak ditu jatorri.
Zentro teknologikoak ekoizpen zientifikoa alde batera utzi gabe egin du jarduera hori. 2019an 32 patente aktibora iritsi zen, eta horietatik 5 ekitaldi horretan eman ziren. Bestalde, dibulgazio-jarduera areagotu egin zen, 34 argitalpen indexatu egin baitziren.
IDEKOko lantaldea 110 pertsonara iritsi zen, eta horietatik %29 doktoreak dira. Kopuru horri gainera gehitu egingo zaizkio une honetan zentroan doktore-tesia egiten ari diren 8 profesionalak.
"Iazkoa ekitaldi garrantzitsua izan zen IDEKOrentzat, eta mugarri garrantzitsuak lortu ziren. 2019ak ziklo estrategiko baten amaieran kokatu gintuen eta ziurgabetasunak markatutako 2020 baten aurrean jarri gintuen. Erronka handiak ditugun arren, gure espezializazioan erreferentziazko posizio batetik abiatzen gara: Industria ekoizpeneko teknologia aurreratuak garatzetik. Gainera, zentro teknologiko sendotuaren eredua dugu, bikaintasunaren, teknologia merkatura transferitzearen eta enpresa-sektorearekiko hurbiltasunaren aldeko apustuari eutsiko diona ", esan du Nerea Aranguren IDEKOko zuzendari nagusiak.
Emaitzak teknologia-zentroaren Batzar Nagusian onartu ziren, joan den uztailaren 16an, presentziala eta telematikoa izan zen formatu hibrido batean, eta segurtasun-protokolo eta arau guztiak jarraitu ziren, Covid 19aren ondoriozko egungo osasun-larrialdiko egoeran parte-hartzaileen osasuna babesteko.
Ikuspegi kualitatiboa
2019ko alderdi kualitatiboan zentro teknologikoarentzat esanguratsuak diren hainbat mugarri izan ziren. DITAS eta COROMA proiektu europarrak amaitu ziren, eta horien bidez IDEKO enpresak datuetan eta robotika industrialean oinarritutako aplikazioak garatzeko plataformak sortzeko jauzi teknologikoa egin zuen.
Ikerketaren alorrean ere, ZAero proiektuak, sektore aeronautikoko tamaina handiko material konposatuko piezak akatsik gabe fabrikatzeko prozesu berrietan zentratuak, Berrikuntzaren Saria jaso zuen JEC World ekitaldian.
Era berean, erakundeak hainbat lan-esparru izan zituen zabalik adimen artifizialaren esparruan, betiere fabrikazio aurreratuko espezializazioaren ikuspegitik. Zentzu horretan, Adimen Artifizialak potentzial handia du industria-makinen edo -instalazioen eraginkortasun orokor handiagoa lortzeko eta fabrikatzaileek beren ekoizpen-plantak jarduteko eta bezeroei zerbitzuak eskaintzeko modua aldatzeko.
IDEKO nazioarteko foroetan egoteari dagokionez, 2019an zentroko ikertzaileek Espainiako Saiakuntza Ez suntsikorren Elkartearen (AEND) Nazioarteko Biltzarraren antolakuntzan parte-hartu zuten; biltzarra ekainean izan zen Gasteizen.
Euspen Nazioarteko Biltzarraren hamargarren edizioaren antolakuntzan ere parte hartu zuten, zehaztasunaren arloari buruzkoa, Bilboko Euskalduna Jauregian hilabete horretan bertan egin zena.
Estatuan, IDEKOK presentzia nabarmena izan zuen Makina Erremintaren Kongresuan, eta 10 txosten tekniko aurkeztu zituen, gainera María García ikertzaileak ekitaldiko ponentzia zientifiko onenaren saria jaso zuen.
Joan den urtean gainera instalazioak egokitzeko egindako ahalegina nabarmena izan zen. Ahalegin horren barruan, azpimarratzekoa da Doitasun laborategiaren birmoldaketa. IDEKOko espezializazio-eremu hori indartu egin da Zeiss multinazional optikoarekin lortutako akordioarekin, Elgoibarko erakundearen aldeko apustua egiten jarraitzen baitu.
Iazko zentro teknologikoaren beste gertaera garrantzitsu bat IK4 aliantza teknologikoaren etapa ixtea eta BRTAko kide gisa ziklo berri bat hastea izan zen.
"Partzuergo teknologiko honetako kide den heinean, eragile eta erakunde publikoen arteko lankidetzaren etapa berri honi baikortasun handiz ekiten dio IDEKO erakundeak", gaineratu du Arangurenek.
2020a ziurgabetasunez beteta dagoen arren, Elgoibarko zentro teknologikoa erreferentea da bere espezializazioari dagokionez, eta, aurten, hurrengo urteetarako fabrikazio aurreratuko teknologien garapena gidatuko duen ikerketa-plan berri baten definizioari ekingo dio.