IDEKOk industria digital eta ekologikoago bat aurreratu du, zero akatseko ekoizpenean aurrerapen berritzaileekin

Zentro teknologikoak bere egitekoa amaitu du Europako Batasuneko H2020 programaren bidez finantzatutako lau proiektutan.
Card image cap
2024/01/26

Manufaktura-industriak akatsik gabeko fabrikaziorantz duen bilakaera ezinbesteko pausoa da Europako Itun Berdearen helburuak lortzen lagunduko duen trantsizio digital eta ekologikoaren bila. Hitzarmen hori EBko kide diren estatuek sinatu dute, 2050ean klimaren neutraltasuna lortzeko.

Horretarako, datuak denbora errealean aztertzeko aukera ematen duten sistema aurreratuen integrazioa eta adimen artifizialean (AA) oinarritutako soluzioen garapena funtsezko kontzeptuak dira ekoizpen-katearen monitorizazioa, akatsen detekzio goiztiarra eta akatsen konpentsazioa errazteko.

Testuinguru horretan, IDEKO zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide eta fabrikazio aurreratuan erreferente denak, zeregin nabarmena izan du Europar Batasuneko H2020 programaren bidez finantzatutako lau proiektu europarretan, digitalizazioaren bidez manufaktura-eraginkortasuna frogatu eta optimizatzeko.

INTERQ ekimenaren esparruan, fabrikazio-prozesuan akatsak saihesteko eta piezen kalitatea bermatzeko ikuskaritza-soluzioak eta AA teknologiak garatu ditu.

Adibidez, INTERQ ekimenaren esparruan, fabrikazio-prozesuen monitorizazio zehatza lortzeko, akatsak garaiz prebenitzeko eta piezen kalitatea edo quality hallmark bermatzeko irtenbide berritzaileen garapena gidatu du, zero akats fabrikaziorantz aurrera eginez.

Proiektuko 25 kideen artean garatutako irtenbideak hauek dira: makinetako sentsore integragarriak, ultrasoinu eta korronte induzituetan oinarritutako ikuskaritza-sistema ez-suntsitzaileak (NDT), eta prozesuaren aztarna digitala identifikatzeko gai diren monitorizazio-sistemak (process fingerprint).

Gainera, partzuergoak AA algoritmoetan oinarritutako metodo eta ikuspegi berriak sustatu ditu, prozesua eta produktua optimizatzeko.

Jose Luis Lanzagorta IDEKO fabrikazio-prozesuen ikertzailearen arabera, "proiektu honen buru izatea erronka handia izan da, eta, horri esker, zentroa aitzindari gisa sendotu da fabrikazio aurreratuko teknologietan eta AAn".

Beste ekarpen aipagarri batzuk

Era berean, zentro teknologikoak parte-hartze nabarmena izan du amaitu diren beste hiru proiektu europarretako soluzioen eta helburuen garapenean: SERRANO, LEVEL-UP eta COGNIPLANT.

SERRANO, LEVEL-UP eta COGNIPLANT ekimenek ere IDEKOk duen esperientzia baliatu dute fabrikazio aurreratuaren eta prozesu-industriaren digitalizazioan eta industria-instalazioen birfabrikazioan.

SERRANOren kasuan, IDEKOk AA erabiltzen duen aplikazio berritzaile baten garapenean lagundu du, zeinak osagai mekaniko kritikoen osasuna gainbegiratzen duen, hala nola boladun torlojuak. Prozesu horri condition monitoring deritzo, eta, horri esker, ia denbora errealean detekta daitezke anomaliak, eta ekoizpenean sor daitezkeen eragozpenak aurreikus daitezke, mantentze-lan prediktiboa errazteko.

Era berean, LEVEL-UP proiektuan, zentroak kontzeptu berriak ezartzen lagundu du, hala nola instalazioen birfabrikazioa edo refurbishment, instalazioen modernizazio digitala edo teknologia digital aurreratuenetara egokitzea. Zehazki, IDEKOk digitalizazio-teknologiak eta AA jarri ditu martxan, trenbide-ardatzen artezketa-lineen kontrola optimizatzeko, mantentze-lan prediktiboa erraztuta eta, ondorioz, prozesua hobetuta.

Azkenik, COGNIPLANT ekimenaren esparruan, Co-Digitise izeneko soluzio digital bat diseinatu du IDEKOk, ekoizpen-instalazioetako sistema fisikoen eta fabrikazio-industria jarraitua monitorizatzeko eta kontrolatzeko plataforma kognitibo baten arteko konexio gisa lan egiten duena. Tresna hori instalazioko datuak eskuratzeaz arduratzen da, beharrezko informazio guztia biltzeko, eta, ondoren, datu horiek birtualizatu egiten ditu, hizkuntza komun eta ulergarrian antolatuz, etorkizuneko azterketa eta erabakiak hartzea errazteko.

Lau proiektuak Horizon 2020 (H2020) programaren baitan Europako Batzordearen babes finantzarioarekin gauzatu dira, eta nabarmen laguntzen dute zero akatsen fabrikazioan, baita Europako manufaktura-industria digitalagoa eta ingurumenaren aldetik iraunkorragoa lortzen ere.

Makina erreminta eta fabrikazio teknologien zentro teknologikoa