Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
IDEKO eta Mondragon Unibertsitatea fabrikazio aurreratuko nazioarteko fororik garrantzitsuenean
IDEKO zentro teknologiko eta Basque Research and Technology Allianceko kideak (BRTA) partaidetza nabarmena izaten ari da Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiaren (CIRP) Batzar Nagusian, erakunde hori nazioartean liderra izanik fabrikazio aurreratuko ikerketa aplikatuan. Ekitaldia Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centren (BEC) ospatzen ari da abuztuaren 21etik eta 27an, oraingo larunbatean, amaituko da. 71. edizioan mundu osoko 40 herrialdetako 500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira.
Ekitaldia Teknikerrekin, Mondragon Unibertsitateko (MU) Goi eskola Politeknikoarekin eta Zaragozako Unibertsitatearekin batera antolatzeaz gain, IDEKOk lau ponentzia aurkeztuko ditu, zentroko hainbat ikertzaileren ardurapean, gai nagusiak izanik interfaze mekanikoak eta marruskaduraren eragina makina-erremintan, gurpilaren topografia eta amortiguazioa, makinen bibrazioak ezabatzeko.
71. edizioan mundu osoko 40 herrialdetako 500 ikertzaile baino gehiago elkartu dira
Lehen hitzaldian, “Mechanical interfaces in machine tools” izenekoan (Interfaze mekanikoak makina-erremintan), Jokin Muñoak, ekitaldiko presidente eta IDEKOko zuzendari zientifikoak, makina-erremintek dituzten interfaze mekanikoen etorkizunari buruzko azken aurrerapen eta joerei ekin zien, izan ere, gai horrek modu esanguratsuan eragiten dio errendimenduari; halaber, ekipamenduen osasuna ikuskatzeko hainbat soluzio eta teknika ere aurkeztuko ditu.
Bigarren ponentziari dagokionez, “Rotary dressing model for grinding wheel active surface prediction” (Diamantatze modelo birakaria, artezteko harriaren azalera aktiboa aurreikusteko), Maria Garcia, IDEKOko ikertzaileak, artezteko harria diamantatzeko modelo zinematiko bat aurkeztu du, diamantatze birakarian oinarrituta. Bere mintzaldian, ikertzaileak erakutsiko du nola modeloa tresna erabilgarri bihurtu den artezketa parametro egokiak hautatzeko, azalerako kalitate espezifikoak lortzeko.
Harriaren eta disko diamantatzailearen zehaztapenetan eta diamantatze prozesuaren zinematikan oinarrituta, diamantatze birakariaren parametroek harrian sortzen duten topografian dituzten ondorioak aurreikus daitezke. Modeloa baliozkotzeko, harriaren azalera karakterizatu da, zimurtasun parametroak erabiliz, eta %15etik beherako desbiderapenak lortu dira. Gainera, harriaren topografiak arteztutako piezaren azalaren kalitatean duen eragina ere ikertu da. Emaitzek diamantatze prozesuaren modelizazioaren garrantzia nabarmentzen dute, eta erakusten dute eredua tresna baliagarri batera eraman daitekeela, diamantatze parametro egokienak hautatu eta eskatutako gainazaleko kalitateak lortzeko; halaber, diamantatzean sor daitezkeen akatsak iragartzeko bidea errazten du.
Hirugarren aurkezpenak, “Influence of guideway friction on the cutting point receptance in machine tools” (Gidaren marruskaduraren eragina makina-erremintetan ebaketa puntuaren harreran) izenekoak, gidaren mugimenduaren marruskaduraren eta tresnaren ebaketa puntuaren errezeptantziaren dinamikaren arteko harremana izan du mintzagai. IDEKOko Dinamika eta Kontrola ikerketa taldeko Xavier Beudaert ikertzaileak emango du ponentzia hori.
Guztira, topaketak iraungo duen zazpi egunetan 9 hitzaldi magistral emango dira, industria arlokoak eta zientzia arlokoak
Azkenik, laugarren aurkezpena, “Damping in ram based vertical lathes and portal machines” (Aharien amortiguazioa tornu bertikaletan eta portikoko makinetan), Zoltan Dombovari ikertzailearen eskutik iritsiko da, eta chatterraren bibrazioak geldiarazteko motelgailu aktiboen erabilerari buruz arituko da.
Guztira, topaketak iraungo duen zazpi egunetan 9 hitzaldi magistral emango dira, industria arlokoak eta zientzia arlokoak, eta hainbat eremu teknologikori buruzko 100 txosten zientifiko baino gehiago aurkeztuko dira, non industria ekoizpenaren arloan egin diren aurrerapenik berrienak erakutsiko diren, besteak beste, diseinurako hainbat ikuspegi eta tresna, makinak, ekoizpen prozesuak, tresneria, metrologia eta ikuskapen ekipo.
IDEKO, fabrikazio aurreratuaren abangoardian
CIRPen Batzar Nagusiaren helburua fabrikazioari aplikatutako I+Ga bultzatzea da, fabrikazio industrialeko prozesuen erronkak aztertzen dituzten lehen lerroko nazioarteko ikertzaileen sare baten bidez.
Ildo horretan, akademiak kide mugatuak ditu, ikerketan frogatutako bikaintasunean oinarrituta. Izan ere, Muñoak azaldu duen bezala, “Fabrikazio industrialaren sektorea iraultzen lagundu duten mugarri teknologiko asko CIRPeko kideek egindako ikerketetan oinarritzen dira”. Gaur egun, nazioarteko errekonozimendu handiko 145 kide aktibo (Fellows) eta 137 kide berriago (Associate Members) ditu, 40 herrialde baino gehiagokoak.
Hala, IDEKO 2003tik da ekoizpenaren nazioarteko akademiaren parte, eta CIRPen kide gehien dituen estatuko zentroetako bat da, hau da, fabrikazioari aplikatutako ikerketaren abangoardian dagoen foroan. Zehazki, 6 kide ditu foroko ikertzaileen artean: bi Fellow Members, Jokin Muñoa eta David Barrenetxea; Emeritus Fellow bat, Mikel Zatarain; Gorka Agirre eta Alberto Echeverria, Corporate Members, eta Xavier Beudaert, zeinak, Associate Member izateaz gain, 2019an Taylor domina ospetsua irabazi baitzuen motelgailu aktibo eramangarriaren esparruan egindako lan zientifikoagatik.
Saria mugarri garrantzitsua izan zen IDEKOrentzat, Estatuan dagoen zentro bateko ikertzaile batek errekonozimendu hori lortzen duen lehen aldia zelako, saria 1958an eratu zenetik. Gainera, Muñoak adierazten duen bezala, “Xavier Beudaerten mailako ikertzaile bat taldean izatea benetako harrotasuna da. Makinen kontrol dinamikoaren arloan egiten duen lana estandar berriak ezartzen ari da nazioarteko ikerketan”.
Finean, CIRP antolatzea aukera handia da zentroarentzat bere bidean, fabrikazio industrialari aplikatutako ikerketan eta berrikuntzan duen posizionamendua indartzeko, ezagutza zientifikoan sakontzeko eta manufacturingean espezializazioan aurrera egiteko aukera emango baitie.