Hunkituko zaitu!

"Humanity at Music" bildumako lehenengo musika pieza aurkeztu da. Esperientziaren Soinu Banda izan nahi duen sinfonia kooperatiboaren lehenengo kantua.
2018/11/20

Iragan azaroaren 14an ilusio handia eragiten duen proiektu desberdin baten aurre-estreinaldia egin zen Donostiako Kursaal Jauregian. MONDRAGONen Kongresuaren baitan aurreneko musika pieza entzuteko aukera izan zen, etorkizunaren gainekoa. Hain justu ere, Humanity at Music  bilduma osoa zortzi kantuk osatzen dute. 

Javier Goienetxeak, Kongresuko presidenteak, egin zituen aurkezle lanak. 'Bi hanka' izenburuko musika pieza aurkezterakoan honako azalpenak eskaini zituen Goienetxeak. "Etorkizunari keinu egin nahi diogu, neska-mutikoen abesbatza batek kantatutakoa da. Etorkizunari begiratzen diogu hanka bat lurrean, errealitatean, eta bestea airean, ametsetan eta utopietan jarrita".

Javier Goienetxea: "Kooperatibismoa kantatu, kontatu eta sentitu behar dugu"

Kantuak 4:54ko iraupena du eta MONDRAGONek Humanity at Music bilduma osoaren aurrerapen gisa erabiliko du. Hain justu ere, azaroaren 29an aurkeztuko da Zentro Korporatiboan musika bilduma osoa, Esperientziaren liburuarekin batera. Musika bilduma beste zazpi kantu hauek osatzen dute: (Obertura; Ikasteko sortuak; Jabe, kide, sare; Modu bat; Banan banan; Recordamur Vos; eta Let´s Soppose). Horiek guztiek osatzen dute MONDRAGONeko kooperatiben soinu memoria. Goienetxeak gaineratu zuen bezalaxe, "Kooperatibismoa kantatu, kontatu eta sentitu behar baitugu". 

Jon Sarasuak sortu ditu kantu guztien letrak eta musika egilea Fernando Velazquez izan da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu du eta abesbatza zein kooperatiba ezberdinetako abeslariek kantatu dute. 

Bideo formatuan aurkezten den kantua entzun aurretik bi gomendio egin nahi dizkizuegu. Batetik, erabili aurikular onak eta bestetik, aktibatu zuen emozioen botoia. Seguru gaude asko gustatuko zaizuela.

Zer da Humanity at Music?

Interkooperazioan abian jarritako kultura egitasmoa da, Esperientzia Kooperatiboa kantatzeko, kontatzeko eta sentitzeko modu bat. "Abentura enpresarial eta sozialen pelikula baten soinu banda, non benetako protagonistak pertsonak diren.

Proiektuak uztartzen ditu musika (aipatu ditugun zortzi kantuak) eta literatura (Esperientziaren gaineko liburua editatu da), eta idazle zein artista ugariren parte-hartzea nabarmendu daiteke. Jon Sarasua (letra-egilea) eta Fernando Velazquez (musika-egilea) izan dira protagonistetako bi, baina beste bertsolari, dantzari, musikari, ilustratzaile eta idazle batzuek ere esku hartu dute.

2019ko irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan

Asmoa da 2019ko irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan musika eta dantza ikuskizun erraldoia eskaintzea eta aurretik, Humanity herriz-herri proiektua aurkeztea, beti ere herri bakoitzeko ezaugarrietara egokitutako ikuskizunekin.

Bai ekitaldi erraldoirako zein herriz-herriko emanaldietarako boluntario eta kolaboratzaileak behar dira, "gure kooperatibetako abeslari eta kantariak, besteak beste". Horiek guztiek aukera izango dute parte-hartzeko eta horretarako izena eman behar dute honako helbidean hatmusic@mondragoncorporation.com izena, abizena eta lan egiten duten kooperatibaren izenak aipatuz. 

Informazio gehiago link honetan.