Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Humanitate Digital Globalak gradu berria atera du Mondragon Unibertsitateak
Koronabirusaren krisiak agerian utzi du gaur egungo munduan arazoak globalak direla eta tokian tokiko eremutik haragoko irtenbide sistemikoak behar dituztela; Covid-19ak, halaber, automatizazioaren eta adimen artifizialaren gorakadak iragartzen zutena berretsi du, hau da, osagai digitalaren hazkunde esponentzialaren lekuko izango garela gure bizitzetan.
Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitateak Humanitate Digital Globalak (HDG) gradu berria abiatuko du irailean Bilbon, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hauspotuta.
HDG graduak mundu aldakor horretarako prestatzen ditu gazteak, mundu bat zeinean jakintza konpartimentatuak diziplina anitzeko ikuspegiei bide eman dien, etorkizun hurbilak planteatzen dizkigun erronka konplexuei erantzuteko egokienak direlakoan. Nazioarteko 130 adituren ekarpenak biltzen dituen Munduko Goi Mailako Hezkuntzari buruzko 7. Txostenak, adibidez, zientziaren, teknologiaren eta humanitateen arteko sinergiak erraztea defendatzen du, ikasketa-planak hiru ardatz hauen inguruan egituratzea gomendatzeaz batera: iraunkortasuna, digitalizazioa/aldaketa teknologikoak eta paradigma eurozentrikoa gainditzeari begirako kultura-aldaketak.
UNESCOk defendatzen du, halaber, unibertsitate-hezkuntzaren erronka giza garapen iraunkorra lortzea dela, bai tokian-tokian, bai mundu osoan. Europako Batzordeak dio, bestalde, teknologia digitalak bultzatutako lanpostuak malguagoak eta konplexuagoak bihurtzen ari direla, eta hori kontuan izanik proposatzen du zeharkako gaitasunak garatzea (goi-mailako gaitasun digitalak, idazketa eta kalkulua, autonomia, ikasten ikastea, pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna). Horrez gain, goi-mailako hezkuntza-sistema integratzaile eta konektatuak sortzea ere proposatzen du erronka sozial eta demokratikoei aurre egin ahal izateko, ikerketa eta komunikazio gaitasunetatik zein gaitasun zibiko eta sozialetatik abiatuta eta kokatuta dauden tokiko komunitateekin konektatuta, haien tokiko garapena bultzatuz.
Horretarako, graduak UniberZiutate kontzeptuan sakondu nahi du. Kontzeptu horren ideia nagusia da unibertsitate-campusa hiri osora zabaltzea, gizarte-eragileen eta mundu akademikoaren arteko lankidetza-ekosistema bat sortuz.
Gradu berriaren egitura
Lau urteko gradua da HDG, bi ziklotan banatua: lehenbizikoan (1. eta 2. mailak), euskara izango da komunikazio-hizkuntza nagusi; bigarrenak, berriz (3. eta 4. mailak), bi ibilbide eskainiko ditu (Global Studies eta Digital Humanities) eta bata zein beste ingelesez izango dira batik bat.
Modu honetan egituratu da HDG gradua:
Lehenengo ikasturtean ikasleek ingurune hurbilaren ezagutzan sakonduko dute, eta horretarako (gizarte-eragileen, nazioarteko adituen eta udal-ordezkarien laguntzarekin) hiri-espazioaren antolaketa, bertan egiten diren jarduera ekonomikoak, hiriaren soziologia eta ekipazio teknologikoa aztertuko dituzte.
Bigarren ikasturtean etorkizuneko joerak identifikatzea eta identifikatutako erronketan sakontzea da ikasketa-planaren ardatza, eta, horretarako, funtsezko arlo horietako adituak bilduko dituen ekitaldi bat antolatuko da. Bigarren ikasturtea amaitutakoan, ikasleek bi ibilbide hauetako bat aukeratu beharko dute bigarren zikloa osatzeko:
- Digital Humanities ibilbidea aldaketa zientifiko eta teknologikoetan oinarritzen da, batez ere robotikak, konputazioak, adimen artifizialak eta Big Datak irekitako horizonteetan.
- Global Studies ibilbideak gizarte globalaren erronketarako prestatzen ditu ikasleak, nazioarteko zuzenbidea eta politika, ekonomia eta kultura globalizatuak oinarri hartuta.
Humanitate Digital Globaletan graduatzen diren ikasleek honako arlo hauetan lan egin ahal izango dute:
Global Studies:
- Diplomazia politikoa eta ekonomikoa
- Garapenerako lankidetza
- Kulturartekotasun arloa (bitartekaritza kultura anitzeko testuinguruetan, atzerriko hizkuntza eta euskal kulturaren irakurle...)
Digital Humanities:
- Eraldaketa digitala erakunde, enpresa eta elkarteetan
- Neuromarketina, publizitate digitala
- Sorkuntza eta fabrikazio digitala
Bi ibilbideetako irteera profesional komunak:
- Berrikuntzaren eta gizarte-eraginaren arduradun
- Prestatzaile eta ikertzaile
Graduari buruzko informazio gehiago: