Huhezinemak saria estreinatuko du 2023ko edizioan, HAZI erakundeak babestua

Jaialdiaren aurtengo edizioaren kartel berria estreinatu du Huhezinemak, Ariadna Tola ikasleak egindakoa. Gainera, berrikuntza nagusia ere estreinatu du Huhezinemak; HAZI saria.
Card image cap
2023/11/21

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu, eta sarien atalean nabarmenena Hazi Saria izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZI enpresa publikoak eta Huhezinemak bat egin dute HAZI sari berria sustatzeko. Lankidetza berri honen helburua da urtez-urtez HAZIrekin zerikusia duten egitekoak sustatzea eta ezagutaraztea (ekintzailetasuna, landa garapena, basogintza...). Gauzak horrela, HAZI sariak jasoko du egiteko horiek egokien lantzen dituen film laburra.

Helburua da zinemaren bidez ezagutaraztea landa eta itsasertz ingurune bizi batek duen garrantzia

Saria Huhezinemako epaimahai ofizialak eta HAZIk izendatutako ordezkari batek emango dute, Huhezinema jaialdian finalista izango diren film labur eta bideoklipen artean onena aukeratu ondoren. Sariaren irabazleak 600 euro jasoko ditu Eusko Label produktuen saski batekin batera, urtarrilaren 26an egingo den Huhezinema jaialdiaren sari banaketa ekitaldian. HAZIko ordezkari batek emango du saria Aretxabaletako Arkupe kultur etxean.

Sail guztien artean HAZI Sari bakarra emango da

Helburua da zinemaren bidez ezagutaraztea landa eta itsasertz ingurune bizi batek duen garrantzia, daukagun gizarte-ereduaren oinarri den aldetik, eta, era berean, lehen sektoreko eta landa eta itsasertz inguruneko pertsonek eredu horren barruan duten zeregina baloratzea.

Izena emateko epea amaitzear

Urriaren 16an zabaldu zen Huhezinemaren 17. edizioan parte hartzeko epea. Oraingoz, parte hartze ona izaten ari da aurtengo edizioa, baina, ohar honen bitartez,film laburrak eta bideoklipak bidaltzeko epea azaroak 27an itxiko dela gogoraraztea nahi dugu. Oinarriak, parte hartzeko baldintzak, filmak aurkezteko epeak zein bidalketa moduak Huhezinemako webgunean edo gure sare sozialetan ere jaso daiteke. Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko izen-ematea Imprimaki honen bidez egin beharko da.

HUHEZINEMA-17-KARTELA (1).jpg

Aurtengo kartela, Ari Tolarena

Ariadna Tola, Huhezinemaren 17.edizioko kartel egilearen hitzetan “Aretxabaletako lagun batek gomendatu zidan telefono kabinaren irudia kartelean txertatzeko, izan ere, herriko gazteekin polemika handia izan duen kabina da. Kontuan izanda Huhezinema gazteei zuzendutako ekitaldia dela, eta Aretxabaletan egiten den zinema jaialdia dela, lotura hori egiteko modurik egokiena iruditu zitzaidan .”

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa