"Hiri itxi bat"

"Hiri itxi bat"

Rafa Pol. Ekonomialaria eta PMP
Beti berdin! Gasteizera sartzen naizen bakoitzean honakoa pentsatzen dut: Zerk egin du huts hiri hau diseinatzerakoan?
2025/02/10

Atzerriko bisitariak harrituta gelditzen dira Europa hegoaldean iparraldeko traza daukan halako harribitxia aurkitzean. Aldiz, bertakoentzat edo are gehiago Euskadiko edozein puntutatik hara jo behar dugunontzat sufrikarioa da hiriko bihotzeraino heltzea: biribilguneak, semaforoak, agertu eta desagertzen diren errei bihurgunetsuak eta, batez ere, arte modernoko museo batean ikusgai jartzeko moduko seinalitika.

Hirian barrena ibiltzerakoan itsutu eta sutu egiten nau honek, eta udan zabaldutako albiste batek berretsi du nire usteak. Albiste horretan honakoa azaltzen zen: “Gasteiz da Espainiako hirietatik gidatzeko zailena” eta “munduko hirugarren txarrena” (Telecinco, Euskadiko albisteak, 2024/08/30). Nolabait aringarria izan da niretzat jakitea ez naizela hala sufritzen duen bakarra eta ez hain justu isilik. ‘Ekonomia urbanoa’ deritzon diziplinatik zerbait egin beharko litzateke halako potentziala zeukan hiriaren kasua aztertzeko.

Kontua da ingurunearen mugikortasunari eta garapen ekonomikoari eragiten dion arteriosklerosia zirkulazio fluxuetan erakundeetan ere modu antzekoan gertatu ahal dela.

“Sarritan, kudeaketa ereduek talka egiten dute lan korronte naturalekin, eta informazio fluxua eta konfiantza fluxua buxatzen duten oztopoak sortzen dituzte, horiek askatasunez eta sinkroniaz zirkulatzea eragotziz”

Sarritan, kudeaketa ereduek talka egiten dute lan egiteko korronte naturalekin eta informazio zein konfiantza fluxuak oztopatzen dituzte, hauek askatasunez eta sinkronian joatea eragotziz. Gailu, baliabide eta pertsona onenak izan arren, ez dira akzio koherente eta sinergiak erdiesten.

Seguruenik kudeaketaren arduradunek kontu honetan erantzukizunen bat izango dute, baina bada gauza gehiago. Erakundea osatzen duten pertsonek batzen dituen kumulo kultural bat dagoela uste dut. Oinordetzan jasotako komunikatu eta lan egiteko modu zehatz batzuk kutsatzen jarraitzen dutenak.

Agian Gasteizek, Ertaroko hastapenetatik Gaztela eta Nafarra arteko defentsa gotorleku bilakatu zenak, aldarte horri eutsi dio eta esentzia horrek bere biztanleak busti ditu, bai gutxienez hiriko diseinuaren eta zirkulazioaren ardura dutenak. Badirudi helburua dela kanpotarrak Santa Maria katedral-gotorlekutik urrun izatea: Hiri itxi bat.

MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala eratu aurreko eztabaidetan Kooperatiba askok eta beren bazkideek egitura korporatiboekiko eta kasu batzuetan Esperientzia Kooperatiboarekiko duten urruntasun sentsazioa azpimarratu zen.

Orain, Konpromiso eta Nortasun Kooperatiboaren ardatz estrategikoaren garapenean, bazkide, kooperatiba eta MONDRAGONen egituren arteko hurbiltasuna erraztuko duten komunikazio garden eta topagune egokiak bultzatzeko borondate sutsua jasotzen da.

Begiztatu beharko da nolakoa den ‘zirkulazio korporatiboa’ eta neurtu zenbat denbora ematen duen erdiguneko dorrera heltzeak eta alderantziz. Agian gure eredua hiri itxi batena ez dela ziurtatzeko unea izango da.

Izan ere, Gasteizkoari ez diot konponbide erraza ikusten.