Hezkuntza euskaldunaren lehen legea

Hezkuntza euskaldunaren lehen legea

Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendari-ohia
Europako herri zaharrena omen gara. Koldo Mitxelenak zioenez, gure identitatearen muina den hizkuntza zaharrari buruz, misterioa ez da sorrera, gaurdainoko iraupena baizik. Nola izan da hori posible mendetik mendera, gizalditik gizaldira?
2022/06/23

Aipatu galderari erantzutean, euskaldun bakoitzak eta euskaldun kolektiboak uztartu eta dinamizatu izan dituen gakoan (agian gakoetan) bilatu beharrean gaude. On Joxemiel Barandiaran ikerlari eta antropologo jakintsuak euskal kulturaren ezaugarrien bilduman oinarritzen zuen bere erantzuna, alegia euskal herritarrek tokian tokiko eta sasoian sasoiko beharrizanei eta erronkei aurre egiteko moduari erreparatzen zion Barandiaranek. Elikagaiak lortzetik (ehiza, artzaintza, laborantza, arrantza…), horiek trukatzeko edo salerosteko jardunera, tartean bizileku motak eta bertan taldeak eragiteko eta komunikatzeko moduak artikulatuz, pentsaera zein teknologia (kanpokoa edo propioa) eta pragmatismo dosia handi baliatuz, ibili izan dira euskal herritarrak. Horixe zen Barandiaranen tesia.

Pierre Bourdieu soziologoak formulatutako habitus kontzeptua guztiz ezkongarri dugu Barandiaran antropologoak zioenarekiko. Habitus sistema bat da, xedapen iraunkorrak dituena, eraginkorrak (pertsonen hautemate eta praktikak bideratzen ditu, kontzientziatik eta diskurtsotik haratago; praktikaren eremu ezberdinetara heltzen da). Habitusa egitura egituratuak dira, taldearena edo gizartearena norbanakoengan barneratzen dira, eta egitura objektiboak eta subjektiboak uztartzen dituzte. Are eta indartsuago, aldiz, habitusa egitura-egilea da, praktikak eta errepresentazioak sortzeko eta moldatzeko rola joka dezakete.

Euskaldunok geure mendetako ibilaldian zehar, garaian garaiko egokitzapen eta doikuntzen bidez, habitus herritarrak eraiki eta garatu ditugu, askotariko moldaerak izan dituztenak kostaldean, barnealdean, mendialdean, herrixkatan zein hiribilduetan… Horrek guztiak sekulako danbatekoa jaso zuen, aldiz, nazio-estatuen sorrerak eta garabideak, iraultza industrialaren azkartzea eta hezkuntza-politika estatalak aktibatu zirenean. Euskaldunok ez genuen euskal eskolarik, eta gure belaunaldi berriak eskola espainolaren eta frantsesaren hatzaparretan geratu ziren. Bereziki, XX. mendearen hasieratik aurrerantzean.

"Are eta indartsuago, aldiz, habitusa egitura-egilea da, praktikak eta errepresentazioak sortzeko eta moldatzeko rola joka dezakete".

Habitus herritar euskaldunak asmakizuna egin zuen: ikastola, hezkuntza euskaldunaren eskola herritarra, ordura arte ez zegoena, hutsetik eraikia, kooperazioan oinarritua, orduko eskola publikoaren eta erlijiosoaren alternatiba gisa, bai helburuetan, bai praxian, baita hedapen nazionalean ere (Ipar eta Hego Euskal Herrietan).

1980tik, gainera, euskal habitus instituzionala eratzen hasi zen (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, Udalak, Nafarroako Gobernua…) eta habitus hori ere sendotzen ari da, bai hizkuntza kontuetan, baita hezkuntza kontuetan ere. Eta hor daude adierazleak, hizkuntza eta hezkuntza euskaldunaren garapenari dagokionez.

Ondasun komunala dugu, egunerokoan eraikitzen ari garena, geure habitus propioa eta partekatuari esker, beste herri eta estatuekiko ezaugarri bereziak dituena, ekimen eta jardun herritarrak eta instituzionalak konbinatzen dituena, arrakastatsua, etengabe hobetu beharrekoa, tradiziotik edan duena, baina askotariko eta diferenteen artean sortua. Ondasun komunala, alegia. Denona. Eta XXI. mendean eguneratzen, berritzen eta erronkei aurre egingo diena. Kooperazioan. Beraz, adostasunaz. Duguna galdu gabe, iraganean konpondu gabe duguna bideratuta eta hurrengoari helduta.

usko Legebiltzar kideen %90ak onetsi duen Hezkuntza Hitzarmena dugu aurtengo martxotik, 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza euskaldunaren lehen legea prestatu eta Parlamentuan eztabaidatu eta onartzeko. Ez dugu estaturik. Baliatu dezagun geure habitus garaikidea, kooperatiboa, herritarra eta instituzionala.