Zelan egin diozue aurre krisi honi zuen arloan?
Arizmendi Ikastolako zuzendaritza lehenengo momentutik etengabeko harremanetan egon da, ezohiko egoera honen edozein aldaketari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Arizmendi osatzen dugun guztion osasuna bermatzea izan da garrantzitsuena. Horregatik, lantokitik bakarrik egin daitezkeen lanak egin dira modu presentzialean; betiere, segurtasun protokoloan ezarritako gomendioak betez.
Ikastola une oro egon da martxan; batzuetan, teleikastola ikasleekin zuzenean baliatuz, eta beste batzuetan, familiei seme-alabekin jarduteko materialak eta iradokizunak eskainiz. Betiere, komunikazioa bermatuta.
Ikasleen, familien eta profesionalen lana eta jarduna txalotzekoa izan da, bakoitzaren ohiko zeregina oso bestelako giroan eta era intentsoago eta abegikorragoaz aritzera pasatu behar izan delako. Ez zen erraza, baina lortu dugu elkarrekin, bakoitzak berea ekarri eta ipini duelako.
Ze mezu bidali nahi diezu zuen komunitateari, herrikideei?
Leinztarren gehiengo batek Arizmendi Ikastolan jarri duen konfiantzari erantzuten ari gatzaizkio eta erantzuten jarraitzeko asmoa dugu. Gure ikasleei eta horien gurasoei Konfiantzaren Pedagogiaren bidez urratzen ari garen hezkuntza-eraldaketa bermatuz, adin bakoitzaren beharrizan eta gogoak beteta. Gure profesionalei erakutsi duten ezagutza maila eta gaitasun teknikoa aitortuz eta koiuntura honek eragin dituen erronka berrietan bikaintasunez aritzeko baliabideak erraztuz. Gure kooperatiba-taldeari eta sostengantzen gaituzten gainerako laguntzaile orori komunitatearen baitako komunikazioa, elkarlana eta lankidetza praktikatuz. Eta leinztar herritarrei bailararen geroan, etengabeko hobekuntzan eta eraldaketan eraginkortasunez arituko diren gazte euskaldun kooperatiboak garatzen lagunduz. Ikastolan bertan jardunda, online bideak baliatuta eta herritarrekin interakzioan.
Hemendik nola aterako gara, zertarako balio izango du honek guztiak?
Pertsona eta kolektibo moduan, hemendik atera ahal izan ditugun ondorio eta ikaskuntzez gain, uste dut hezkuntzaren eremura etorrita, eta bidean izan ditugun eta izaten ari garen zailtasunak ahaztu barik, etorkizunera begira baliagarri izan dakizkigukeen hainbat kontuz jabetzeko balio izan digula egoera honek.
Batetik, esango nuke agerian geratu dela hezkuntza lehendik ere krisian zegoela eta egoera honetan hori nabarmenago geratu dela. Arlokako ikaskuntza konpartimentatua, edukien nagusitasuna, erritmoen eta helburuen ikuspegi uniformizatua… Egoera honek hainbat eta hainbat hezkuntza-eragile aldarrikatzen, irudikatzen eta inplementatzen ari garen paradigma-aldaketa praktikan jartzea eskatu digu: arloen diziplinarteko ikuspegia duten proposamen didaktikoak sortzea, ikasle guztiak une berean eta modu berean artatzetik artapen pertsonalizatuagora pasatzea, familiarekin lotura estuagoa izatea, denborak malgutzea…
Eta horren guztiaren gainetik, gure ustez, une hau sendotasun handiagoz bizitzeko behar ditugun eta zeharkakoagoak diren bizitzarako trebetasunak garatzea.
Alegia, zailtasunen aurrean elkarrengandik hurbil egotearen garrantziaz jabetzea eta horretarako bideak sortzea, ziurgabetasun egoera honi –eta etorriko direnei– aurre egiteko norbere heldulekuak non dauden identifikatzea ezinbesteko bihurtzen dela konturatzea, behar berriak sortzen ari diren neurrian erantzun berriak behar ditugula ikustea, eta erantzun horiek kolektiboan diren neurrian funtzionatzen dutela esperimentatzea…
Egoera hau ezin aproposagoa izaten ari da hezkuntza-eragileok eskolaren funtzioari buruzko gogoeta egin dezagun eta paradigma zaharretik berrirako trantsizioa modu inteligentean egin dezagun. Eta zentzun horretan, ez genuke galdu beharko aukera konturatzeko derrigorrezko hezkuntzaren egiteko nagusia, haurrak eta gazteak esparru jakinetan trebatzea baino gehiago, pertsona moduan garatzen laguntzea dela.
Krisitik aukerak ere sortu dira. Nola aprobetxatu dituzue zuek?
Kaleratu diren mezu eta berrien gainetik, Arizmendi Ikastolak bere plan propioa diseinatzeko autonomia eta gaitasuna agerian utzi du. Gure autogestiorako ahalmena baliatuta eta gure hezkuntza-prozesua guk geuk kudeatuz.
Kontuan izaten badugu ikaskuntza prozesua pertsonen arteko interakzioaren eta ikasten ari den pertsonaren ahaleginaren arabera gertatzen dela, ikaskuntza presentzialak ikasle-irakasle eta ikasle-ikasle harreman zuzena, gertukoa, eskaintzen digu. Eta telematikoki jarduteak, berriz, artapen pertsonalizatuagoa eskaintzeko betarekin batera, ikasleak lan pertsonala modu egokituagoan egiteko aukera.
Hori horrela, jardun presentzialean ez ezik, gure ikastolak digitalizazioan egin dituen ibilbideari eta inbertsioei esker, telematikoki ere ikas-irakaskuntza prozesuari aurre egiteko aukera guztiak ditu, DBHan eta batxilergoan, bereziki.
Elkarrizketa orijinala hemen argitaratu da: https://goiena.eus/