Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
Gualberto Quispe Velarde (Bolivia): "Euskaldunek hizkuntzari maitasun handia erakusten diete"
Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Bolivian? Zeintzuk dira?
2008an Bolivian Estatuaren Konstituzio Politiko berria aldarrikatu zenetik, Boliviak estatu errepublikarra atzean utzi eta estatu berria eraiki du, estatu plurinazionala alegia; izan ere, Boliviak jatorrizko 36 nekarazi herri indigena baititu, bakoitza bere hizkuntzarekin, eta Estatuaren Konstituzio Politikoaren 5. artikuluak honakoa dio hitzez hitz herri horien gainean: Estatuko hizkuntza ofizialak dira gaztelania eta jatorrizko nazio eta nekazari herri indigenen hizkuntzak diren hauek: aymara, araona, baure, bésiro, canichana, cavineño, cayubaba, chácobo, chimán, ese ejja, guaraní, guarasuawe, guarayu, itonama, leco, machajuyai-kallawaya, machineri, maropa, mojeño-trinitario, mojeño- ignaciano, moré, moseten, movima, pacawara, puquina, quechua, sirionó, tacana, tepiete, toromona, uru-chipaya, weenhayek, yaminawa, yuki, yuracaré, eta zamuco, eta desagertzeko arrisku larrian dauden beste hizkuntza batzuk.
Zein da hizkuntza horien egoera? Denen egoera antzekoa al da?
Hizkuntza bakoitzak bere egoera dauka. Hizkuntza batzuk, esaterako qhichwa, aymara eta guaraní hizkuntzak, hiztun gehien dituztenak dira eta estandarizazio prozesuan sartuta daude bete-betean. Beste batzuk, berriz, prozesu horretan hasi berriak dira.
Ba al dago nagusiki hizkuntza gaietaz arduratzen den talde edo mugimendu sozialik? Zein da bere helburu nagusia?
Hiztun gehien dituzten hiru hizkuntzei dagokienez, hezkuntza kontseiluak ditugu, mugimendu sozialen beso teknikotzat har ditzakegunak. Horiek hezkuntza politikak sortu eta esandako hizkuntza bakoitzaren estandarizazio edota bateratze prozesuaz arduratzen dira. Baina, egia esan, estandarizazioaz baino ez dira arduratzen, normalizazio edota sustapen prozesuak alde batera utzita, eta hori, agian, gure ahulguneetako bat izan daiteke. Beraz, luzera begirako politika instituzional bat diseinatu beharrean gaude, eremu guztiak, hau da, hezkuntza, komunikabideak, kultur produkzioa eta korpusa hartuko dituen politika bat alegia.
Zer egiten dute erakundeek? Zer politika bultzatzen ari dira?
Ikusirik Estatuko Konstituzio Politikoa eta berarekin lotura duten hainbat lege duela gutxi onartu direla, oraindik ez dugu hizkuntz politika espezifikorik, erakunde publiko bakoitzeko sailetan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko hainbat gobernadore eta alkateren asmoak besterik ez.
Hilabete hauetan Euskal Herrian ezagutu dituzun esperientzia eta dinamiketatik, zein edo zer azpimarratuko zenuke?
Gauza hauek azpimarratuko nituzke: hizkuntzarekiko maitasuna, mugimendu sozialetatik egiten den borroka gobernutik aldeko politikarik eduki gabe, ikastolen sorrera, Euskaltzaindiaren lan kontsekuentea eta arduraz egindakoa, enpresen konpromisoa hizkuntzarekiko, profesionalen espezializazioa hizkuntzaren hainbat alorretan (soziolinguistikan, itzulpengintzan, lexikografian, neologian...), kulturaren garapena edota produkzioa, euskararen behatokiaren sorrera, Administrazioaren hizkuntz politikak (udalak, foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza), etab...
Zerbait gehitu, eskatu edo zabaldu nahi duzu?
Zorionak eman nahi nizkieke euskaldun guztiei egiten ari diren borrokarengatik, hizkuntzaren alde hasi duten iraultza hau Abya-Yalako (Amerika) herri guztietara heltzen zaigun argi bat da, eta gutxitutako herri guztiok berreskuratu eta jarraitzeko moduko zerbait da.