Irakurriena
- 1. El Regato eta San Fidel ikastetxeetako taldeak, FLL Euskadi-MONDRAGON torneoko irabazle
- 2. INNKIA jaio da, enpresen behar zehatzetarako Adimen Artifizala
- 3. Laboral Kutxak 274 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2024an
- 4. Digna Gonzalez, Bexen Cardioko zuzendari nagusi berria
- 5. Espainiako Kongresuak LagunAroren berezitasuna aitortzen duen Errege Lege Dekretua baliozkotu du
- 6. MONDRAGON, etorkizuneko emakume zientzialariengan eragiten
HAZIA musikalaren estreinaldi arrakastatsua Arrasaten

“Aurrera Beti!”. Hori zen Jose Maria Arizmendiarrietaren esamolde entzutetsuenetako bat, eta hori da hain zuzen bere omenez ekoiztu den Hazia musikalak egin duena. Duela zenbait urte Gontzal Mendibil artistak Arrasateko kooperatiba mugimenduaren sortzaile nagusienaren historia kontatua izan behar zela pentsatu zuen, eta denbora tarte honetan egindako lanak joan den asteburuan izan du saria. Sortze prozesuak, entseguak eta bestelako kudeaketa lanak igarota, irailaren 17 eta 18an musikalaren estreinaldi bikoitza egin da Arrasateko Amaia Antzokian.

"Jendea harrituta geratu dela uste dugu, eta eskertzekoa da publikoak eman duen erantzuna" Mikel Lezamiz, Arizmendiarrieta Lagun Elkarteko eta Goikobalu abesbatzeko kidea
Xehetasunez beteriko kontakizuna
Haziak Jose Maria Arizmendiarrietaren bizimodua gizarteratzea du helburu, eta horretarako Gontzal Mendibilek bere bizipenik garrantzitsuenak gogora ekarri nahi izan ditu, 2 ordu eta 15 minutuko iraupena duen ikuskizun batean. Bertan, Arizmendiarrieta umea Markinako Barinaga auzoan ezagutzeko aukera du ikusleak, bere begiaren galerak suposatu ziona ulertu, Gasteizeko seminarioan egindako ikasketak gertutik jarraitu edo guda zibileko gertakizunek eragin ziotena ezagutu, besteak beste preso sartu zutenekoa edo bere adiskide Esteban Urkiaga “Lauaxeta” erail zutenekoa.

Bizipenak bizipen, Arkaitz Gartziandia aktoreak hezur-haragitzen duen Arizmendiarrietak Arrasateko San Joan parrokiara iritsi arte egindako ibilbidea musikaz kontatzen da.

Ordutik aurrera, kontakizunean kooperatibagintzan egindako lanak hartzen du protagonismo osoa, bere lorpen handienak gogora ekarriz, adibidez lanak dakarren irabazien banaketa edo emakumea hezi eta lan mundura sartzera bultzatu izana. Bukatzeko, antzezlanaren azken zatian bere ondarea jasotzen du, bereziki ULGOR kooperatibaren sorrera eta honek suposatutakoa.

“Ikaragarria izan da. Oso alaia, polita, eta Arizmendiarrietaren bizitza oso ondo laburtzen duena.” Marijo Pagaldai
Publikoaren erantzun bikaina
Musikalak irauten dituen 135 minutuak bukatzean bertaratutakoek txalo zaparrada handi batekin aitortu nahi izan dute lantaldeak aurkeztutakoa. Antzerki, musika dantza eta ikus-entzunezko osagarrien konbinazioak erabat txunditu du publikoa, eta oro-har jasotako kritikak oso positiboak izan dira.

“Oso polita iruditu zait. Niri musika asko gustatzen zait eta piezak zoragarriak iruditu zaizkit” Jose Julio Eriz
Arizmendiarrietaren Lagun Elkarteak balorazio oso positiboa egin du asteburuko estreinaldiaz. Elkartearen kide eta Goikobalu abesbatzaren partaide den Mikel Lezamizek esan duenez “baloratzekoa da publikoak emandako erantzuna, asteburu baten, eta eguraldi onarekin bi emanalditan horrelako asistentzia izatea arrakastatzat jo dezakegu”.

“Izugarri gustatu zait. Kantuak, korua, dantzariak, atrezzoa… guztia oso potentea iruditu zait.” Iñaki Azkuaga
Arrasatekoa musikalaren estreinaldia baino ez da izan, eta oraindik ikuskizunak bide luzea du egiteko. Zentzu honetan, Arizmendiarrietaren Lagun Elkarteak Bilbon (Arriaga Antzokian) urriaren 1ean; Donostian (Kursaal) azaroaren 26an; eta Gasteizen (Printzipal antzokian), abenduaren 17an; eta Iruñean (Baluarten), 2023ko otsailaren 25ean egingo diren emankizunetara gerturatzeko deialdia zabaldu nahi dio publikoari.
“Ikuskizunak merezi izan du. Benetan parte-hartzaile guztiek bere lana oso ondo egin dutela uste dut.” Elixabete Uriarte
Argazki-galeria osoa: https://flic.kr/s/aHBqjA7EnQ