Haurrekin seguru bidaiatzea

Familian mugitzea abentura bat da. Askotan, helduek ez dakite haurrek nola bidaiatu behar duten eta nola bidaiatu dezaketen.
Card image cap
2019/05/20

Autobian batetik bestera joatea lau leihoak beheraino jaitsita abuztuko bero itogarria arintzeko. Lau neska-mutikoak atzeko eserlekuetan, maletategia beteta, lehertzeko zorian, eta auto barrenean den atzerako ispilutik ia ezer ikusten ez dela. Bizikletak auto gainean eta telebista oinen azpian. Urruti samar gelditu zaigu gure haurtzaroko irudi hori, udako oporraldia iristean ohiko bihurtzen zena.

Gaur egun, pentsaezina izango litzateke haurrekin era horretan bidaiatzea. Batez ere, segurtasunagatik: 12 urtez azpikoek euste sistema batekin joan behar dute eserita. Baina baita gaur egun autoaz gain aukera gehiago badagoelako ere bidaian joateko, motzetan bezala luzeetan, baita haurtxo txikiekin ere. Garraiobide bat edo bestea hautatzen dela ere, garrantzitsuena da adin txikikoek eroso eta seguru bidaiatu dezatela. Nola lortu? Ikus dezagun zer eskatzen duen garraiobide bakoitzak.

Haurraren aulkia ondo aukeratzea funtsezkoa da bere segutasuna bermatzeko. Homologatu batek etiketa laranja bat eduki behar du atzeko aldean.

Erabiliena: autoa

Uda honetan, 90 milioi joan-etorri inguru izango dira Espainiako Estatuko errepideetan. Eta horietako askotan haurrak joango dira. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) oroitarazten duen bezala, bederatzi leku arterainoko ibilgailuetan, haurrek 1,35 metro baino gutxiago neurtzen badute, atzeko eserlekuetan joan beharko dute eta eusteko sistema homologatuak erabili beharko dituzte, beren neurriari eta pisuari egokitzen zaizkionak. Araudiak hiru salbuespen onartzen ditu: ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea, eserleku horiek beste adingabe batzuekin beteak egotea, edo horietan haurrei eusteko sistemarik jartzeko modurik ez izatea.

"Haurrentzako aulkitxoak dira txertorik onena", esaten dute Mapfre Fundazioak eta Espainiako Emagin Elkarteen Federazioak Bebés y niños seguros en el coche gidan (Haurtxoak eta haurrak seguru autoan). Ibilgailuetarako aulkitxoak erabilita, %75 murrizten dira heriotzak eta %90 lesioak, halaxe dio DGTk. Eta lesio horiek ez dira nolanahikoak: 2 urte bitarteko haurretan, lepoari eragiten diote ohikoenek; 2 eta 4 urte artekoetan, buruari; eta 4 eta 10 urte bitartekoetan, sabelaldeari. "Gurasorik gehienek haurrei eusteko sistemetan esertzen dituzte neska-mutikoak. Hirutik bi, ordea, modu desegokian erabiltzen dira, eta horixe da kezkagarria", ohartarazi du gidak. Ohiko hutsegiteak izaten dira, adibidez, haurrentzako aulkia atzerantz begira jartzea aurrealdeko airbaga aktibatuta duen jarleku batean, edo aulkitxoari eusteko uhala laxoegi uztea.

Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak kanpaina bat jarri zuen abian, 12 meses, 12 consejos de salud (12 hilabete, 12 aholku osasun arloan), eta gomendio batzuk ematen ditu. Horien artean, buru-euskarriak erabiltzea altuera egokian eta aulkitxoei elementu osagarriak jartzea burua ez dadin jarrera desegokian gelditu lo hartzen dutenean. Funtsezkoa da uhalak ongi egokituta egon daitezen haurraren neurrira, "ez baita komeni ongi eutsi gabe gelditzea edo, aitzitik, uhalak gehiegizko presioa egitea", azaldu du Jose Santosek, elkargoko idazkari nagusiak. Horrelakorik gerta ez dadin, haurrek ez dute joan behar arropa gehiegirekin, irrist egin baitezakete kolperen bat hartuz gero. Horretaz gain, arrautza erako aulkitxoak (0 multzokoak) ez dira egokiak ibilbide luzeetarako: luzaroan horietan eserita joatea kaltegarria izan daiteke bizkarrezurrerako.

Ibilbide motzenak: taxia edo TIGa

Aireportura joateko edo hirian mugitzeko, aukera ona izaten da taxia edo Turismo Ibilgailu Gidariduna (TIG). Haurrekin ere bai? Bai. Neurriz 1,35 metrotik beherakoak badira, Haurrei Eusteko Sistemarik gabe (HES) joan daitezke hiri barneko errepideetan, baina atzeko jarlekuetan. Aldiz, errepide handiagoetara ateratzean, aulkitxoa erabili beharko dute, nahitaez. Halako batean joango ez balitz, zu izango zinateke erantzulea legearen aurreran, eta taxilariari geldiarazi egingo liokete ibilgailua HES bat jarri arte.

Mikel Garrido Haurren Segurtasunerako Espainiako Elkarteko presidentea da, eta gomendatzen du konpainiari egiten zaion eskarian adieraztea adingabe batekin joango garela eta aulkitxo bat beharko dugula. Baina konpainia guztiek ez dute egiten. "TIGek jakin dute eskaintza bereizgarria egiten. Beren autoak erabiltzen dituztenez, norbaitek aulkitxoak behar dituenean, enpresa horrek inguruan bilatzen du ezaugarri jakinak dituzten HESak dauzkan TIG bat, eta auto hori bidaltzen dute", azaldu du.

Etxea aldean hartuta: autokarabanan

Etxe gurpildun batean mundua ezagutzea aukera bikaina da familientzat. Eta autokarabanentzako araudia ohiko turismoenaren berdina da: 12 urtez azpikoek eta 1,35 m-tik beherakoek atzeko jarlekuetan joan beharko dute, beren neurriari eta adinari dagokien aulkitxo batean. Camper erako furgonetak, gainera (barreneko aldea etxebizitza gisa homologatuta dutenak), zehazki 2014ko azarotik aurrera eginak, seguruagoak dira txikientzat, gutxienez bi leku eduki behar baitituzte ISOFIX sistemarekin, haurrentzako aulkitxoak eroso eta modu seguruan muntatu ahal izateko; autokarabanak, aldiz, ez daude horretara behartura: M1 erako ibilgailu berezi gisa homologatuta daude.

Testu orijinala: http://revista.consumer.es/web/eu/20190501/bebe/79368.php

Banaketa komertziala