Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Negozio garapena, azelerazio korporatiboa eta aktiboen balorizazioa Errekaren estrategiarekin lerrokatzea da gure helburua
Industria ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Masterrarekin (MBA) osatu zituen ikasketak. Ibilbide profesionala aeronautika arloan hasi zuen, ITP Aero enpresan. 8 urtez ingenieri moduan lan egin ostean, aholkularitza estrategiko mundura egin zuen salto eta enpresetan negozio garapena sustatzeko lanean jardun du harrezkero.
Ingenieritza lehenengo eta aholkularitza estrategikoa gero, nolakoa izan da zure ibilbidea?
ITP Aeron ingeniari moduan aritu ostean ikuspuntua zabaltzea nahi izan nuen aholkularitza estrategikoan sartuz. Ez da ohikoena izaten, baina horrela egiteak ere baditu bere alde positiboak: oinarri teknologiko garrantzitsua garatu nuen ingeniari moduan eta horri negozio ikuspuntua gehituta, balio erantsia biderkatu egiten dela iruditzen zait. Lau urte eman nituen aholkularitzan, Loop enpresan, eta bertan aukera izan nuen MONDRAGON korporazioko kooperatiba askorekin gertutik lan egiteko. MONDRAGON Sustapen Zentroarekin batera kooperatiba eta dibisio pila bat aztertu genituen, beraien arteko interkooperazioko jarduerak sustatzeko eta kooperatiba bakoitzaren negozio berriak eta dibertsifikazioa bultzatzeko. Niretzat aukera paregabea izan zen kooperatiba horien ibilbidea eta helburu estrategikoak ezagutu eta eurekin batera lan egitea. Garai horretan Errekarekin 4 proiektu estrategikotan lan egiteko aukera ere izan nuen.
Aholkularitza estrategikotik Danobatgroupentzat ere lan egin ostean, euren negozio berri baten (Endity Solutions) zuzendaritza komertziala bultzatzeko aukera eman zidaten; urtebete pasatxo jardun ondoren ERREKAko etapan murgildu nintzen.
Errekako Berrikuntza zuzendari berria zara. Zerk motibatu zaitu gehien?
Faktore askoren batura izan da. Alde batetik, Errekako Zuzendaritzatik Berrikuntza Irekirako apustua egin den modua oso bat dator nire ikuspuntuarekin. Bestetik, apustu honetan profesionalki oso eroso sentitzeaz gain, nire ibilbide eta garapen profesionalarekin bat datorrela uste dut. Eta, azkenik, aholkularitzan aritu nintzen garaian kooperatiba oso ondo ezagutzeko aukera izan nuen, ez bakarrik negozioak eta estrategia, baizik eta bertako pertsonak ere, eta horrek bidea errazten du.
Hiru horiek izan dira nire motibazioan eragin duten alderdi garrantzitsuenak.
Zer balio eskainiko diozu Errekari?
Laburbilduz, industria askotan kontrastatutako negozio ikuspegi sakon bat, oinarri teknikoarekin bateratuta. Azken finean, industria estrategia eta negozio kontuetan ibiltzen garenean, garrantzitsua da oinarri teknikoa izatea, batetik negozioen beharrak eta arazoak ondo ulertzeko, baina bestetik baita aukerak modu pragmatiko batean lurrera ekartzeko. Negozio ezberdinetan ekarpena egiteko aukera ematen dit konbinazio horrek. Bestetik, aholkularitzak ematen duen gauzetako bat metodoa da. Ez du arrakasta bermatzen, baina erronkak hasieratik egituratzen laguntzen du.
Garrantzitsua da norbere eta inguruan dituzun pertsonen ilusioa eta espektatibak ondo kudeatzea
Horiez gain, berrikuntzarekiko ilusio handia dakart eta talde guztian ilusio hori mantentzea izango da nire lana. Garrantzitsua da norbere eta inguruan dituzun pertsonen ilusioa eta espektatibak ondo kudeatzea. Disziplina honek gorabehera asko izaten ditu eta berrikuntzaren emaitzak epe luzera proiektatu behar ditugu; hori kudeatzen ikasi behar da.
Azkenik, kooperatiba barruko pertsonez gain, kanpoan dauden erakundeekin ere lan asko egiten da eta harreman horiek ere kudeatu behar dira. Zorte handia dugu kokatuta gauden lekuan kokatuta gaudela: dugun teknologia eta sustapenerako sareagatik, ditugun erakundeen laguntzagatik eta Korporazioak berak kooperatiben inbertsio eta negozio berriengan egiten duen apustuagatik; ekosistema hau inbidiagarria da.
Hori guztia ezagutaraztea eta kudeatzen laguntzea da Errekari gehien eskaini diezaiokedana.
Zeintzuk dira orain dituzun erronkak ERREKAn?
Erronketaz berba egitean, negozio bakoitzak bere detaileak ditu eta oso zabala izan daiteke. ERREKA kooperatiba dibertsifikatua da berez, 3 negozio oso desberdin ditu, negozio berriak bidean… Horri Berrikuntza Irekiaren ikuspuntua sartzen badiogu, erronkak askotarikoak izan daitezke.
Aukera berrien egituraketa eta lehentasunen banaketa ondo egitea daukagun erronka handienetako bat da. Automobilgintzaren sektorean zelan hazten jarraitu nahi dugun edo pertsonen mugikortasunaren bermearen esparruan izan nahi dugun forma, adibidez, parean ditugun erronkak dira, eta horiek etorkizunean taldean izango duten eragina proiektatzen jakin behar dugu. Enpresa guztietan moduan, baliabideak mugatuak dira eta lan handia izango dugu erronka edo negozio aukera horiek ondo lehenesten eta apustuak zeintzuk diren ondo finkatzen. Horri aurre egiteko, aukera berrien lanketa maila, balorazioa, aukera kopurua edo inbertsio maila bezalako faktoreak ondo dimentsionatzea izango da gakoa.
Bestalde, berrikuntza arloan dugun beste erronketako bat, abian jartzen dugun proiektu berri horiek negozioen operazioetara benetan iristea da. Proiektu hasieratik irudikatu behar dugu egoera hori. Ez dugu kaxoi batean geldituko diren proiektuak abian jartzerik nahi.
Mundu mailan zein tendentzia ari da indarra hartzen? Zeri erreparatu beharko genioke?
Mundu mailan tendentziak asko dira: makrotendentziak alde batetik baina baita sektore bakoitzarenak baita. Gure negozioari eragiten dioten batzuk: elektromugikortasuna, konektibitatearen demokratizazioa, energia jasangarriaren makrotendentzia, fabrikazio aurreratua…
Sektore askotan, digitalizazioz baliatuz, fabrikatzaileak azken bezeroarekin konexio zuzena izaten saiatzen ari dira
Negozio ereduetan tendentzia nabarmenak daude baita eta guztiz transbertsalak dira sektoreei dagokienez. Ikusten ari gara, adibidez, gure negoziek sortzen duten balio guztia merkaturatzeko gure kanalek duten gaitasuna askotan ez dela nahikoa. Sektore askotan, digitalizazioz baliatuz, fabrikatzaileak azken bezeroarekin konexio zuzena izaten saiatzen ari dira, ordura arteko kanalak eskaintzaren zati handi bat ondo iritsiko denik ezin dietelako bermatu. Aldaketa horiek martxan jarri behar baditugu, helburu edo “zertarako” hori oso garbi izan behar dugu; aldaketa hauek zentzuz kudeatu beharko ditugu.
Garrantzitsua da argi izatea eredu tradizionala eta digitalizazioak ematen dizkigun aukerak baliatu behar ditugula tendentzia horri aurre egiteko. Kanal desberdinak erabil ditzakegu horretarako. Argi dagoena da merkatua oso arin doala eta ematen diguna ez dela aukera bat, egin beharreko zerbait baizik.
Azken urteetan aldaketak barneratzeko enpresek dugun denbora tartea asko murriztu da eta guretzako ez dago beste aukerarik, arinagoak eta flexibleagoak izan behar dugu eta horretan berrikuntza irekiak asko lagundu gaitzake. Hala ere, gakoa, beste behin, ERREKA osatzen duten pertsonetan dago.