Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko abian da Arantzazulab
Gaur inauguratu da Arantzazun (Oñati), Gandiaga Topagunean, Arantzazulab, gizarte berrikuntza laboratorioa. Makel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta Naiara Goia Aranzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu dute irekiera ekitaldian.
Izaro Elorza, Oñatiko alkatea, gaurko ekitaldian.
Arantzazu Gaur Fundazioko kideek -Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia- sustatuta sortu da laborategia, eta eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak.
Agenda publikoaren eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izan nahi du Arantzazulab-ek. Euskal gizartearen beharrizanak ulertuta, herritarren inplikaziotik helduko die gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta. Eta hori etengabeko ikasketa aktiboa sustatuz egingo du, ikerketaren bitartez, dinamika berriekin esperimentatuz eta lortutako ezagutza dibulgatuz. “Herri proiektu” izaki, Arantzazulab-ek Euskal Herri osoari begiratzen dio, Gipuzkoan sortua den arren.
Ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu dute. Bertaratutakoen zerrendak, gainera, erreferentziazko eragile askoren interesa eta lankidetzarako prestutasuna utzi ditu agerian, izan ere, inaugurazio ekitaldira lurralde ezberdinetako ordezkariak bertaratu dira: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, unibertsitateak; edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere.
Hala, bada, aurkezpenean izan dira, besteak beste, Arantzazulab-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak: Sebas Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Iñigo Ucin (MONDRAGON Korporazioa), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), Izaro Elorza (Oñatiko Udala), Joxe Mari Arregi (Frantziskotarren probintzia); eta horiekin batera, Aholku Batzordeko kideak ere izan dira: hiru unibertsitateetako ordezkariak, Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria) eta Jose Luis Madinagoitia (Arantzazuko Adiskideak elkartea). Hitzorduak ordezkaritza zabala bildu du. (*eranskinean partaideen zerrenda)
Arantzazuk Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean izan duen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. “Pandemiak azaleratu duen moduan, arazo eta desafio konplexuei komunitate gisa aurre egitea eskatzen du egungo munduak. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia ehun sendo bat, erakunde eta eragile sare indartsu eta dinamiko batekin eta, batez ere, herritar ahaldundu eta parte-hartzailez osatutako gizarte batekin”, gogoeta egin du Olanok. Arantzazulab-ek “berebiziko ekarpena” egingo du, bere ustez, ikuspegi horretatik: “Herri gisa dugun ezaugarrietako bat, gizarte aktibatu eta berdinzale hori, berritzen eta saretzen jarraitzeko tresna izango da. Arantzazuk betitik oinarri izan duen humanismo horretatik, izaera herrikoi horretatik, egin ere”, adierazi du diputatu nagusiak. Orobat, Arantzazurentzat, eta baita Oñatirentzat ere, ingurune honek duen balioaz eta bere ekosistemaren garrantziaz mintzatu da Izaro Elorza, Oñatiko alkatea.
Bestalde, Naiara Goiak, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari nagusiak, giza faktorea landu beharra azpimarratu du. “Egungo testuinguruak dituen konplexutasunen, ziurgabetasunen edota etengabeko aldaketen aurrean gizartea eraldatu egin behar da, eta gizakia aldaketetara egokitu nahi badugu, gizakia, norbanakoa eraldatzetik abiatu behar dugu”, azaldu du. Aurkeztu berri den laborategia joan den urteko uztailean abiatu zen. Tokiko eragileen, erakundeen eta frantziskotarren artean Arantzazuren geroari buruzko gogoeta partekatuaren ondoren eratutako proiektua da. Arantzazuren izaera berritzailearekin eta eraldatzailearekin bat eginik, eta Arantzazuko tradizio humanista zein balioak aintzat hartuta, euskal gizarteari baliozko ekarpena egiten jarraitzeko erantzukizuna du Arantzazulab-ek.
4 ardatz estrategiko
Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko, Arantzazu erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea du helburu proiektuak. “Bultzatu nahi dugun gizarte berrikuntza, gainera, printzipio eta balio jakin batzuekin lotzen da. Batetik, herrigintzarekin eta garapen komunitarioarekin; eta, bestetik, lankidetzazko gobernantzarekin. Agenda publiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokion alorrean eragiten gabiltza, administrazio publikoaren eta gizarte antolatuaren artean gobernantza eredu berriak esploratuz”, bereizi du Naiara Goiak.
Arantzazulab-ek eragile askoren lankidetzarako prestutasuna zein elkarlana ditu oinarri. “Erronka konplexuek erantzun konplexuak eskatzen dituztenez etengabeko ikasketa aktiboa sustatzen dugu. Entzunez eta ideiak sortuz, ezagutza bereganatuz, esperimentatuz, sareak sortuz, nazioartera irekia izanik, eta ezagutza hori guztia sozializatuz”, laburbildu du Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. Horri ekiteko laborategiak 4 ardatz estrategiko ditu: Garapen komunitarioa; Saretzea eta elkarlana; Ikerketa, formakuntza eta sozializazioa; Irekiera eta Nazioartekotzea.
“Garapen komunitarioari lotua, herritarrei entzuteko, deliberaziorako, partaidetza prozesuetarako, eta, oro har, komunitatea ahalduntzeko, joera eta tresna berrien inguruko ikerketa, esplorazioa eta esperimentazioa egitea bilatzen dugu, eta zeregin horretan bai udalekin zein hainbat eragilerekin lehen proiektuen diseinuan murgildu gara”, xehetu du Naiara Goiak. Laborategiaren bigarren ardatza den saretzea eta elkarlanaren inguruan proiektuaren lemazainak zera dio: “Gure herriko erakundeekin, elkarteekin, gizarte eragileekin, politika- eta herri-ekimenekin lan egingo dugu, testuinguru berrietara egokitzen laguntzeko eta lan egiteko modu berrietara eramateko. Elkarren arteko osagarritasunetik abiatuta, egiten dugun horrek eragin handiagoa izan dezan”.
Naiara Goia, zuzendaria: “Gure herriko erakundeekin, elkarteekin, gizarte eragileekin, politika- eta herri-ekimenekin lan egingo dugu, testuinguru berrietara egokitzen laguntzeko".
Mugarria: 3 euskal unibertsitateen elkarlana
Orobat, ikerketak, formakuntzak eta sozializazioak osatzen dute hirugarren ardatza. Hasieratik gaurdaino unibertsitateak Arantzazulab-en eragile gakoak izan dira. Gure lurraldeko hiru unibertsitateek elkarlanean parte hartu dute laborategiaren diseinuan: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea. Mugarritzat har daitekeen gertaera da, eta egun, laborategiaren Aholku Batzordean ez ezik, Arantzazulab-ek sustaturiko ikerketarako kooperazio espazioan ere eragile aktibo dira. “Ezagutza sortzeko elkargune izan nahi dugu, ikerketan lehiatu baino, indarrak batuz, eta kolaborazio espazioa sortuz”, azpimarratu du Naiara Goiak. Ildo beretik mintzatu da Agustin Erkizia, EHU-ko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. “Arantzazu euskal unibertsitateen arteko elkarlana sustatzeko aparteko tokia da, bere baitan barneratzen dituelako funtsezkoak eta oinarrizkoak diren baldintzak: euskara eta euskal kulturarekin lotzen dugun indar sinbolikoa da, pentsamendu ireki eta eraikitzaile baten erreferentea da, eta betidanik gizarteak gizarte bezala dituen erronkei aurre egiteko aparteko begirada argia eta garbia eskaini izan du”.
Era berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, ere proiektua nabarmendu du. “Arantzazulab-en egingo den ikerketak balio erantsia du: sortzen den ezagutza hori gizarteari helaraztea. Egingo dena herrira bueltatzea eta herrian txertatzea”. Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko errektoreordea, gaineratu du “ondo pentsatuta, transferentzia proiektu ideala da herrian txertatuak gauden erakundeontzat ezagutza hain baliagarri dena berriz ere gizartearen esku uzten duelako, eta, gainera, eraldaketarako gaitasun berrituarekin”.
Azkenik, Irekiera eta Nazioartekotze alorrean, laugarren ardatz estrategikoa dena, aurrerapauso nabarmenak eman ditu Arantzazulab-ek, eta dagoeneko nazioarteko eragile erreferenteekin lankidetza sareak josten ari da, esperientzia aurreratuetatik ezagutza hartzeko eta eragin ahalmenak batzeko. “Batzuk aipatzearren, Australia, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania edota Norvegia-ko erakunde eta laborategiekin hasi ditugu lehen harremanak”, xehetu du Naiara Goiak. Streaming bidez zuzenean eskaini den aurkezpen ekitaldian, nazioarteko eragileekin bi solasaldi berezi izan dira. Hala, bada, Australiatik Matt Ryan-ek, The Governance Lab-eko ikerlari seniorra New Yorkeko Unibertsitatean, eta Parisetik Claudia Chwalisz-ek, OCDEk herritarren parte-hartze prozesu berritzaileei buruz egiten duen lanaren buru dena, parte hartzeko aukera izan dute. Egun, biak ala biak Arantzazulab-ekin elkarlanean ari dira.
Laborategiak herritarrak, gazteak, iritzi liderrak, ekintzaileak, ikerlariak, erakunde publikoak eta gizarte eragileak eta adinekoak aktibatu nahi ditu. Finean, Arantzazulab izan dadin etorkizuneko erronken inguruan elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko, hausnartzeko eta esperimentatzeko guztiontzat elkargune.