Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Gizabidea Fundazioak 2 milioi euro emango dizkio Mondragon Unibertsitatearen HIREKIN proiektuari
Horixe izan da hartu den konpromisoa Gizabidea Fundazioak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak sinaturiko hitzarmenean. Fundazioaren egoitzan egin da hitzarmen sinatzea, eta Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko eta Gizabidea Fundazioko lehendakariak; eta Juan Mari Palencia Fernandez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lehendakariak esku hartu dute hartan. Joxean Alustiza Usandizaga Gizabidea Fundazioko eta Fagor Taldeko lehendakariak “etorkizuneko inbertsiotzat” du sinatu berri den akordioa: “Urrats berri bat egin dugu hezkuntzaren, ezagutzaren, ikerkuntzaren eta ekintzailetasunaren bidean. Etorkizunean inbertitzen ari garen ziurtasunetik, komunitatea aberasten eta ahalduntzen dihardugu, besteren artean, Mondragon Unibertsitatea sustatzen ari den proiektu interesgarri eta berritzaile hau finantzatuz”.
Gauzak horrela, azken urteetako dinamikari heldurik darrai Fagor Taldeak, erroturik dagoen komunitatearekin duen “konpromisoaren” baitan. Hain zuzen ere, azken 40 urteotan, 28 milioi euro ditu bideratuak Fagorrek, Gizabidea Fundazioaren bidez, bailarako hezkuntza eragile kooperatiboen azpiegitura beharren finantzaziora.
“Fagor Taldeak tinko sinesten du gizarte sano batek aukera berdintasunean oinarrituriko kalitatezko hezkuntza kooperatiboa behar duela izan oinarrian”, aitortu du Alustizak. Bada, azken urteetan eginiko inbertsioa erdigunean, MGEP (MU), Huhezi (MU) eta Arizmendi ikastolaren eraikin gehienen jabe da Fundazioa. Eta hezkuntza-ondarea zaintzen eta egitasmo berriak babesten darrai horietan. Fagor Taldeko kooperatibak dira Gizabidea Fundazioaren patrono fundatzaile nagusiak.
HIREKIN, industriaren eraldaketarako bitarteko
Lurraldeko industriaren eraldaketa bultzatu gura du HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza guneak, industria digital, deskarbonizatu eta zirkular bateranzko bidean. Horretarako, tartean, lurraldeko berrikuntza- ekosistema konektatzea eta enpresetan barne-ekintzailetza bultzatzea bilatuko lituzke, beharrezko liratekeen azpiegiturak eta zerbitzuak eskainiz.
“Gizabidea Fundazioaren misioari erantzuten dio. Eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoa bultzatu gura du hezkuntzaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren bidez”, argitu du Alustizak.
Oro har, industria gune degradatu baten egokitzea eta errekuperazioa eragingo lituzke HIREKIN egitasmoak -dagoeneko martxan dira Uribe auzoko urbanizazio lanak, 4 milioi euro inguruko aurrekontuarekin-, eta hainbat espazio eskainiko lituzke bertan kokaturiko berrikuntza eta ekintzailetza guneak. Horien artean dira espazio industrial bereizgarria (altuera eta base sismikoak eraginda, besteren artean), bestelako tailer eremuak, kosorkuntzarako zein negozio eredu iraunkorretarako esperimentaziorako espazioak, zenbaketa edota simulazio gelak, prototipoetarako ekipamendu generikodun tailerrak...
“Balio erantsi handiko industria iraunkorrean oinarrituriko ekonomia lehiakorragorako beharrezko den trantsizio teknologiko-energetikoan lagunduko du HIREKINek. Horretarako, dibertsifikazio egitasmoen ideiagintza eta garapena, ekintzailetza eta koekintzailetza industrial zein teknologikoan sakonduko du”, azaldu du Juan Mari Palencia Fernandez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lehendakariak. Hezkuntza zentro harena da ekinbidearen lidertza, eta, hainbaten artean, eragile desberdinen arteko elkarlana bultzatu gura du -enpresak, pertsona ekintzaileak, ikertzaileak, ikasleak...-.
Era berean, HIREKIN berrikuntza gunean bailarari egingo liokeen ekarpena azpimarratu gura izan du Palenciak. “Lagungarri izango da Debagoienak lurralde ekintzaile teknologiko gisa haren posizionamendua hobetu dezan”, dio.