Gipuzkoa lehen postuan dago Europan langileen partaidetzari dagokionez

Langileek enpresetan parte hartzeari buruzko behatokia aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak.
Card image cap
2019/11/28

Liburu batean jaso dira Mondragon Unibertsitateak 333 enpresatako 1.714 pertsonaren artean egin duen ikerketaren ondorioak.

Ikerketak agerian jarri du langileek enpresetan parte hartzeak eragin onuragarria duela pertsonen ongizatean eta enpresen emaitza ekonomikoetan.

Bai langileek enpresetan duten partaidetzari buruzko behatokia, bai ondorioen liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Zehazki, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan daude bata eta bestea. Gipuzkoako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko proiektuak jartzen ditu abian programa horrek, esperientzia pilotuen bidez. Hain zuzen ere, langileek enpresetan zenbateraino parte hartzen duten ikertzea da programaren barruan sartzen diren lan-ildoetako bat. Zehazki, partaidetza horrek langileen ongizatean, lurralde-garapenean eta enpresen emaitza ekonomikoetan dituen ondorioak aztertzea da ikerketaren helburua. Hala, liburuak argi utzi du langileek enpresetan parte hartzeak eragin onuragarria duela pertsonen ongizatean eta enpresen emaitza ekonomikoetan. «Enpresan partaidetza handiagoa izateak lotura zuzena du pertsonen ongizatearekin eta, aldi berean, erakundearen etekin ekonomiko handiagoarekin», azpimarratzen du liburuak.

Liburuak jasotzen ditu, alde batetik, behatokiak emandako ondorio nagusiak, eta, bestetik, langileen partaidetza sustatzeko formulak ezarri nahi dituzten herri-administrazio eta enpresa-erakundeentzako argudioak eta adibide praktikoak.

Behatokia eta liburua aurkezteko ekitaldia Orona Ideo campusean egin da. Bertan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Mondragon Unibertsitateko errektorea, Vicente Atxa; proiektua aurrera eraman duen ikertzaile-taldeko kideak; eta ikerketan parte hartu duten 3 enpresetako ordezkariak (GSR S. Coop., Talleres Altube SL eta Soraluce S. Coop. enpresetakoak). Aurkezpenaren ondoren, mahai-ingurua egin da, behatokian eta liburuan jasotzen diren gaien inguruan.

“Lehenik eta behin, desberdintasun gutxien dituen komunitate aurreratua lortzeko, aberastasuna sortu behar da. Aberastasun hori sortzeko, behar beharrezkoak dira enpresak eta industria lehiakorrak, eta horretan, nire ustez, lehiakortasun horretan, langileen parte-hartze handiena duten enpresek, abantailak dituzte beste enpresetako ereduarekin konparatuta”, esan du Mondragon Unibertsitateko errektoreak. Vicente Atxaren ustez, “kasu honetan, puntu indartsu batetik abiatzen gara, Gipuzkoa bait da bai eredu kooperatiboan eta baita ere ez-kooperatiboan, pertsonen parte hartzearen sorlekua eta erreferentzia”.

Markel Olano diputatu nagusiak ikerketaren garrantzia azpimarratu du, lurraldearen "giza eta ekonomia garapenerako" funtsezko gaia jorratzen duelako. "Langileen partaidetza Gipuzkoaren eredu sozio-ekonomikoaren ikurretako bat da. Errealitate hori sendotzen jarraitu behar dugu, gure enpresen lehiakortasunari eta gizartearen kohesioari mesede egiten diolako", laburbildu du Olanok. Gaineratu duenez, onura horren erakusle dira jabegoan langileen partaidetza duten enpresak, zeinak modu horretan "lurraldean sustraitzen" diren eta jabegoan "egon daitezkeen belaunaldi aldaketak" modu arduratsuan aurre egiteko bide bat zabaltzen duten.

Mondragon Unibertsitatea-Diputación

Bide asko eta guztiak baliotsuak

Ikerketak agerian jarri du, adibidez, langileen partaidetza bultzatzeko prozesu guztiak ez doazela bide beretik. Bide asko daude eta guztiak dira baliotsuak. Baina, edozein dela ere aukeratutako formula, parte hartzeko prozesu integraletarantz aurrera egitea da onena. Zehazki, hiru mailatan sustatu behar da partaidetza: gestioan, emaitzetan eta kapitalean. Eta, Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dutenez, partaidetzaren bidean aurrera egiteko gakoa ez da enpresaren tamaina edo egitura, ezta haren izaera juridikoa ere, baizik eta lidergoaren estiloa eta enpresaren kultura. Hortik abiatuta —dio txostenak— jarraitu beharreko bideak honako emaitza hauek ekarri behar ditu: enpresaren lehiakortasuna hobetzea, enplegua sortzea, enplegua egonkorragoa izatea, enpresak iraupen luzeagoa izatea eta enpresa lurraldean sustraituago egotea.

Ikerketa egiteko 333 enpresatako 1.741 langileko lagina hartu da aintzat. Hauek izan dira enpresen sektoreak: automozioa (430 langile), makina-erreminta (331 langile), zerbitzu aurreratuak (298 langile), osagaiak (233 langile), sormen-industriak (238 langile) eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (211 langile). 

Mondragon Unibertsitatea-Diputación

Ondorio batzuk

Partaidetza sustatzeko aurrerapauso gehien ematen ari den lurraldeetako bat da Gipuzkoa. Egia bada ere lurraldea erreferentzia bat dela enpresen emaitzetan eta jabetzan parte hartzeari dagokionez (kooperatiben eta lan-sozietateen pisuari esker, hein batean), gestioan parte hartzeari dagokionez ere oso posizio aurreratuetan daude aztertutako sektore batzuk. Dena dela, desberdintasun handiak daude haien artean.

Nolanahi ere, enpresan parte hartzea onuragarria da langilearentzat, enpresarentzat eta lurraldearentzat. Horixe da ikerketaren ondorio nagusia. Liburuko lehen kapituluak testuinguruan jartzen du partaidetza integrala, eta partaidetza horrek aipatutako hiru mailetan dituen onurak zehazten ditu. Ildo horretan, garrantzitsua ez da mugarri zehatzak jartzea gai horretan, baizik eta parte hartzeko hiru mailak —jabetza, gestioa eta emaitzak— barne hartzen dituen estrategia integraletarantz aurrera egitea. Txostenak beste ondorio batzuk eman ditu, esaterako, emaitzetan parte hartzearekin batera beste aldaketa batzuk egin behar direla eguneroko jardunean, eta jabetzan parte hartzeak ez duela beti bermatzen partaidetza integrala, gestioan ere aldaketak egin behar baitira.

Egoera Europarekin alderatuta

Bigarren kapituluak Gipuzkoaren posizioa zehazten du Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, parte hartzeko hiru maila horiek aztertuta. Puntu horretan, azpimarra daiteke Gipuzkoa lehen postuan dagoela Europako herrialdeen artean langileek enpresen jabetzan parte hartzeari dagokionez. Hala, aztertutako sektore guztiek emandako emaitzak Europako batez bestekoaren oso gainetik daude kapitalean parte hartzearen aldetik. Gipuzkoako enpresen ezaugarri hori eta irabazietan parte hartzeari dagokiona (horretan sailkapenaren erdialdean dago Gipuzkoa) lurraldearen bereizgarrietako bi dira, eta, adituen ustez, eutsi beharreko indarguneetako bat.

Gestioan parte hartzeari dagokionez, berriz, txostenaren ondorio nagusiak dio Gipuzkoa Europako batez bestekoaren inguruan dagoela langileek enpresetan duten erabakitzeko askatasunaren aldetik. Ildo horretan, erakundeko zereginak aukeratu edo haien ordena aldatu ahal direlako pertzepzioaren ikuspegitik nabarmentzen da Gipuzkoa, Europako batez bestekoaren gainetik. Izan ere, aldagai horretan emaitzarik onena izan duten 7 herrialdeen artean dago Gipuzkoa. Lanaren antolakuntzari lotutako erabakietan eragina izateko gaitasunaren ikuspegitik, ordea, azken postuetan dago.

Partaidetza, ongizatea eta jasangarritasun ekonomikoa

Liburuaren hirugarren kapituluak aztergai ditu partaidetzak pertsonen ongizatean eta erakundeen jasangarritasun ekonomikoan dituen ondorioak. Zentzu horretan, zenbat eta gehiago parte hartu enpresan, orduan eta handiagoa da pertsonen ongizatea eta enpresen errentagarritasuna.

Ongizatearen ikuspegitik, esan behar da enpresan parte hartzeko hiru maila horietatik gestioan parte hartzea dela pertsonen ongizatearekin loturarik estuena duena.

Halere, ikerketak ez du ebidentziarik aurkitu enpresan parte hartzeak errendimendua handitzen duela ziurtatzeko. Nolanahi ere, argudio teorikoek baietz adierazten dute, eta ziurtzat ematen dute errendimendu pertsonala hobetzen duen elementua dela.

Partaidetza eta lurralderako ekarpena

Liburuko azken kapituluak begi-bistan jartzen du langileek parte hartzen duten enpresek beren lurraldearen garapenari egiten dioten ekarpena. Azkenik, txostenaren arabera, kooperatibek dinamismo handiagoa dute beren ingurunera egokitzeko, eta ekarpen handiagoa egiten dute haren garapenerako, erresilientzia handiagoa baitute jarduerari eta enpleguari dagokienez. Era berean, sustraituta egotea eta ingurunearekiko konpromisoa dira langileen partaidetza duten enpresei  lotutako beste ezaugarri batzuk

Mondragon Unibertsitateko ikertzaileen hitzetan, «txostenak argi utzi du kooperatibek eta, zehazki, parte hartutako enpresek euskal gizartean eta ekonomian betetzen duten eginkizuna». Haien iritziz, «partaidetzak ahaldundu egiten ditu langileak, haien konpromisoa eta inplikazioa handituz. Termino psikosozialetan, beren enpresetan lan egiten duten langileek ongizate hobea dute; eremu ekonomikoan, langileek enpresetan parte hartzeak hobetu egiten ditu enpresen emaitzak; eta, lurraldeari dagokionez, partaidetzak lankidetza eta kohesio soziala errazten ditu».

Irakaskuntza unibertsitate zentroa