GH CRANESek eta IKERLANek lankidetza hitzarmena sinatu dute I+G arloan

Azken urteotako harremana sendotzea da helburua, eta elkarren artean landu dituzten ikerketa esparruetan sakontzea.
Card image cap
2020/03/04

IKERLAN euskal zentro teknologikoak eta  zubi garabi sektorean, munduko bost enpresa liderretako den GH Cranes enpresa gipuzkoarrak, lankidetza hitzarmena sinatu dute I+G arloan, azken urteotako harremana sendotzeko helburuarekin eta elkarren artean landu dituzten ikerketa esparruetan sakontzeko.

Hitzarmen berri honek hiru urteko iraupena izango du eta azken lau urteotan elkarren artean egindako ikerketa sendotzera dator. Urte horietan aurrerapen handiak lortu dira honako esparru hauetan: IKTak eta 4.0 teknologiak, garabien elektrifikazioa –Estatuan eta Europan erreferente bilakatu den “zero igorpen” produktu eredu berri bat
garatuz–,  aktibo adimendunen serbitizazioa eta kudeaketa, eta diseinu eta fidagarritasun estrukturala.

Akordio berria IKERLANen egoitza nagusian izenpetu da, Arrasaten, eta bertan izan dira, GH Cranes enpresatik, bertako zuzendari nagusia Josean Guerra, I+G arloko zuzendaria Pablo Pedros, Marketin arloko zuzendaria Garbiñe Guerra eta  Giza Baliabideetako zuzendaria Ainara Iguiniz. IKERLANetik, berriz, bertako zuzendari nagusia Marcelino Caballero, Elektronika, Informazioa eta Komunikazio Teknologiak Unitateko zuzendaria Unai Viscarret, Fabrikazio Aurreratua eta Energia eta Potentziako Elektronika unitateetako zuzendaria Xabier Sagartzazu, eta Pertsonen eta Marketin zuzendaria Ion Etxeberria.

GH Craneseko I+G arloko zuzendari Pablo Pedrosek adierazi duenez, akordioa “oso positiboa da gure enpresarako. Azken urteotan IKERLANekin batera aritu gara elkarlanean hainbat ikerketa esparrutan eta orain egindako lanaren emaitzak biltzen ari gara eta aurrerapen horiek gure negozioan txertatzen”. 

IKTak eta 4.0 teknologiak

IKTen eta 4.0 teknologien esparruan, azken urteotan IKERLAN elkar lanean aritu da GH Cranesekin garabien digitalizazioan, datuen analisia egin eta horiek biltegiratzeko, IKERLAN KONNEKT soluzio digitaletan oinarritutako plataforma digital bat garatuz. Horrek mundu osoan bere bezeroen lantegietan instalatutako garabien egoerari buruzko informazioa ematen du urrunetik.

Horren parean, konektibitate zelularreko nodo bat (3G eta 4 G) garatu da, garabien informazioa bildu eta era seguruan hodeira bidaltzeko, datu bolumen handiak prozesatzea ahalbideratzen duen plataforma pertsonalizatu baten bitartez.  Era berean, loT eta Big Data teknologietan oinarritutako Cloud Plataforma bat ere garatu da. Horrek bezeroaren lantegian hedatutako ekipamendu guztien datuak biltzen ditu eta GH Cranesi ahalbideratzen dio garabien urruneko kalibrazioa eta monitorizazioa denbora errealean. Era horretan, GH Cranesek garabien emaitza analitikoak eskura ditzake, garabien errendimendua eta mantentze lan prediktiboa optimizatzeko, horrela garabien funtzionamendua hobetuz eta euren ustiapen kostua murriztuz.

Hitzarmenaren barruan daude beste esparru hauek ere: aktibo adimendunen serbitizazioa eta kudeaketa, Service negozioaren etorkizuneko profilari eragingo diona, eta baita diseinu eta fidagarritasun estrukturalari ere. Hori guztia, kalkulurako tresna efiziente baten garapenarekin, zeinak honako hauek analizatzen dituen: garabien erresistentzia estrukturala, iraulketarekiko egonkortasuna, nekearekiko erresistentzia eta gilbordurarekiko segurtasuna.

Hitzarmen honen barrukoa da, era berean, garabien elektrifikazio osoa. Horretarako, produktu eredu berri bat garatu da, “zero igorpen” kontzeptuan oinarrituta, zeinak garabiaren efizientziaren gaienean eragiten duen, biltegiratze elektrikoan oinarrituta, energia kutsagarriagoak ordezkatuz. Proiektu hau erreferente bihurtu da Estatuan eta Europan.

Ikerketa zentro teknologikoa