Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Gaztenpresak 278 negozio eta 547 lanpostu berri sorrarazi ditu 2021ean
2021eko balantzeak emaitza onak erakusten ditu helburuen betetze-mailari dagokionez: Gaztenpresak 278 negozio sortzen lagundu du iazko ekitaldian, eta, horiei esker, 547 lanpostu berri sortu dira.
Fundazioaren 2021eko jardueraren berri eman dute, prentsaurrekoan, LABORAL Kutxako Negozio Garapeneko zuzendari eta Gaztenpresa Fundazioaren lehendakari Ibon Urgoitik, Lanbideko zuzendari nagusi Gloria Múgicak eta Gaztenpresako zuzendari Inma Ramosek.
Gaztenpresako lehendakariak eskerrak eman dizkie fundazioko kideei, egindako lanagatik, eta sortutako lanpostu bakoitzaren garrantzia nabarmendu du: «Oraindik j Iazko ekitaldian zailtasunak izan zituzten enpresa askori laguntzeko egindako ahalegina ere nabarmendu du Ibon Urgoitik: «Negozio berriak garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe; baina, agerian jarri nahi dut, era berean, oztopo handiz jositako egoera honetan lan-proiektuari eusteko edo beste norabide bat emateko guregana laguntza eske etorri diren pertsona askori emandako laguntza. Izan ere, enpresak sortzea bezain garrantzitsua da abian daudenei eustea».
Gloria Múgica: «Lanbidek enplegua sortzeko bide guztiak sustatzen ditu, tartean ekintzailetza, bai programa propioen bidez, bai Gaztenpresarekin eta antzeko erakundeekin elkarlanean»
Ondoren, Gloria Múgicak hartu du hitza, eta azpimarratu du Lanbidek enplegua sortzeko bide guztiak sustatzen dituela; besteak beste, langileen trebakuntza, enpresek eskainitako lan-aukerak betetzeko profil egokia eskura dezaten, eta enplegatzeko zailtasunak dituzten pertsonak —gazteak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak eta dibertsitate funtzionala dutenak— kontratatzeko programak. Eta enplegua sortzeko bide horien artean, ekintzailetza aipatu du, zeinaren erakusgarrietako bat baita Gaztenpresa. Haren hitzetan, «Lanbide bitarteko nagusitzat duen bultzada publiko berriari esker, enpleguari buruzko datu historikoak ditugu gaur egun: legealdiaren hasieran baino 48.000 lagun gehiago ditugu lanean, kotizatzen eta eskubideen jabe. Azken ia bi urteotan astindu gaituen ziurgabetasuna gorabehera, etorriko zaigunari aurre egiteko oinarririk onena da lorpen hori».
Ibon Urgoiti: «Iazko ekitaldian, lehendik zeuden proiektuei eusteko adina baliabide erabili ditugu proiektu berriak sortzeko»
Esku-hartzeen txanda amaitzeko, Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak fundazioaren 2021eko lorpen nagusien laburpena egin du.
Bilakaerari buruzko datuak
Fundazioak 1.788 eskaera jaso ditu 2021ean, 2020an baino % 140 gehiago eta 2019an adinatsu.
Iristen zaizkion proposamen guztiak aztertzen ditu Gaztenpresak, eta bideragarritzat hartzen dituenak soilik igarotzen dira hurrengo etapara. Aurrera egiteko aukerarik ez duten proiektuak atzera botatzen ditu, dela negozioereduaren planteamendua okerra delako, dela ekintzaileak bete nahi duen jarduerari buruz gutxiegi dakielako, dela finantza-desoreka dagoelako eta abar. Aurkeztutako 4 ideiatatik 3 baztertzen dituen iragazki horrek funtsezko balioa ematen du ekintzailetzaren zikloan; izan ere, horri esker, Gaztenpresak babestutako proiektuen % 72k iraun egiten du, ireki eta 5 urtera. Datu hori askoz hobea da EAEko negozioen batezbesteko iraupena baino, ez baita % 44ra iristen (Eustat).
Bestalde, baliabideak eta finantzaketa eskuratzea da ekintzailetza-proiektu orok gainditu beharreko oztopo nagusietako bat. Ildo horretan, 2021ean aurkeztutako proiektuek batez beste 71.200 euroko inbertsioa behar izan dute. Zenbateko horren zati bat banku-maileguen bidez osatzen da: batez beste 35.618 euro proiektuko.
Enpresa finkatzea da Gaztenpresaren jardueraren beste elementu garrantzitsu bat. Laguntza-eskaera ugari izan dira, batez ere ekintzaileek Gaztenpresaren 51 web-mintegietan parte hartzeko izena eman eta gero —Astelehen digitalak, Finantza-osasuneko asteazkenak eta ondoren sortzen diren tutoretza digitalak—. Horrez gain, mentoring-programak, fundazioaren funtsezko beste zutabeetako batek, jarduerari eutsi dio 2021eko ekitaldi osoan zehar, eta 33 harremanhitzarmen sinatu dira horren baitan.
Ekintzaileen profila
Batez beste 40 urte inguru dituzte fundazioak lagunduta lan-proiektuari ekitea erabakitzen duten ekintzaileek; % 44 emakumea da eta % 56 gizona; % 73k ez du unibertsitate-titulurik; % 44 langabezian zegoen, aurreko lan-egoerari dagokionez; % 74k banakako enpresaburua izatea erabakitzen du, eta % 26k sozietate bat eratzea (% 75ek sozietate mugatua eta % 25ek sozietate kooperatiboa).
1994an jaio zenetik, 6.264 enpresa txiki eta 11.404 lanpostu sorrarazi ditu LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioak.
Gizarte-eragina eta GJHekin bat etortzea
Gaztenpresak, LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioak, 1994an ekin zion bere ibilbideari, eta, 24 urte hauetan, 23.000 eskaera baino gehiago artatu ditu . Horien ondorioz, 6.264 enpresa txiki eta 11.404 lanpostu sortu dira.
Fundazioak etengabe egokitzeko bokazioari eutsi dio urteotan, eta, iazko ekitaldian, beste urrats bat egitea erabaki zuen: 2030 Agendaren nazioarteko esparruan, ingurunean duen gizarte-eragina neurtzen hasi da, bere jarduera garapen jasangarrirako helburuekin (GJHekin) lerrokatuz, NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren eta Maila Anitzeko Euskadi 2030 Agendaren arabera. Lortu nahi den azken eragina argia da: sare sozioekonomiko bideragarria, bidezkoa, berdinzalea eta etorkizunera bideratua sendotzen laguntzea, jasangarritasunarekiko zein ekintzaile-kulturarekiko konpromiso irmoari eutsiz.
Eragina neurtu baino lehen, bere misioa birdefinitu du fundazioak, eta honela formulatu: «Ekin nahi duten inguruko pertsonei laguntzea, arrakasta lortzeko ahalik eta aukerarik gehien izan dezaten eta enpleguaren bidez aberastasuna sor dezaten».
Ondorio gisa, Gaztenpresak ekarpen zuzena egiten die genero-berdintasunari (5. GJHa), lan duinari eta hazkunde ekonomikoari (8. GJHa) eta desberdinkeriak murrizteari (10. GJHa), eta zeharkakoa kalitateko hezkuntzari (4. GJHa), hiri eta komunitate jasangarriei (11. GJHa), produkzio eta kontsumo arduratsuari (12. GJHa) eta helburuak lortzeko aliantzak sortzeari (17. GJHa).