Gazteak eta tokiko global begirada
Mondragon Unibertsitatearen MENDEBERRI 2025 eta Mundukideren GEHIKOOP proiektuek, gazteak gizarte eraldaketara bideratzeko duten helburu amankomunetik sortutako ekimenak, Enpresagintzako myGADEko eta Goi Eskola Politeknikoko gradu desberdinetako lehen mailako 800 ikasle eta 17 irakasle elkartu ditu, ekintza ezberdinen bitartez mundua zentzu zabalean aztertzeko helburuarekin.
GEHIKOOPek, gizarte eraldaketa prozesuetan, tokiko global begirada txertatzea du helburu, hegoalde geografiko zein globaleko agenteekin elkarlanean.
MENDEBERRI 2025-ek proposatutako hezkuntza-ereduak berriz, etorkizuneko profesionalen hezkuntzan 6 ardatz ditu oinarri, besteak beste, Ikaslea munduko herritarra izatea. Goi Eskola Politeknikoak Arrasaten, Bilbon, Goierrin eta Orona Ideon dituen campusetan, Mundukidek Mozambiken zuzentzen duen programa aztertu zen ikasleekin. Mozambike iparraldeko kontestu zehatza ezagutu eta bertako biztanleek egunerokotasunean dituzten zailtasunak identifikatu ondoren, hobekuntzarako proposamenak aurkeztu zituzten. Enpresagintzako Oñati, Irun eta Bilboko ikasleei Mundukidek dituen bi erronka luzatu zaizkie eta ikasleek taldeka proposamen desberdinak landu dituzte.
Erronkak ondorengoak izan dira: Nola erakarri daitezke gazteak Nazioarteko Lankidetzara?
Nola gerturatu gazteak eta enpresak gizarte eraldaketa prozesuetan parte hartzera? Mundukidek ikasleekin burututako prozesuetan, eta MU estrategiarekin bat eginez, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) modu aktiboan sustatzen dira. Genero eta ingurugiroaren jasangarritasunari dagozkion mundu mailako erronkak, ikasleek bai tokiko eta bai globaleko errealitatetik aztertu ditzaten.
Iturria: https://mundukide.org/eu/albisteak/nuevo-boletin-43/