Garapenerako bidea marraztera dator Leartibai Fundazioa

Leartibai Fundazioak, Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzeko sortutako erakundeak, gaur hasi du bere ibilbidea Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriak eta Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiak eman diote hasiera ofiziala.
2022/02/03

Eskualdeko eragile ezberdinak indarrak batuta ekingo diote hemendik aurrera Leartibai Fundazioaren baitan, 20 urteko ibilbidean zehar Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak egin duten lanari jarraipena emateko. Eskualdeko 12 udalek garapen ekonomikoaren alde egindako apustu irmoari esker, eta erakunde pribatuek proiektu berri honi eman dioten babesa eta laguntzari esker, Lea-Artibai eskualderako garapen ekonomikoak bide berri bat marraztuko du hemendik aurrera, elkarlanean, eskualdeko etorkizuna elkarrekin irudikatuz eta landuz, garapenaren bidean.

3D6A7016.jpg

Fundazioko patronatuko kideak Bizkaiko Ahaldun nagusiarekin, Leartibai Fundazioko presidente eta zuzendari nagusiarekin batera.

Gaurko ekitaldian, eskualdeko 12 udalen izenean, Luis Egurrola Markinako alkateak hartu du hitza. Egurrolak historia apur bat egiteaz gainera, etorkizunera begira jarri da. "Adostasunetik abiatuz egin genuen, egin dugu eta orain pauso berri bat eman dugu. Asko gara garapen ekonomikoaren ardura dugunok, erakunde publiko zein pribatuak, eta denon ardura izango da gure eskualdea hobetuko duten proiektu estrategikoak burutzea". Indarrak batzearen alde agertu da, sinergiak aprobetxatzearen alde, "soilik olatu horrek ekarriko baitu eskualdearentzat etorkizun oparo, emankor eta aberasgarria". Ainhoa Arrizubieta Fundazioko zuzendari nagusiaren esanetan ere, "eskualdeko plan estrategikoa ekoizteko Leartibai Fundazioak egingo duen lana oso emankorra izango da: enplegua sustatuz, landa eremua lehen mailan jarriz, turismo ekintzak bideratuz, industria eta berrikuntza berrindartuz...". Aitor Alberdi (industriaren arloaren inguruan), Gontzal Hernando (turismo eredu jasangarriaren arloan), Jone Antxotegi (Aulestiko alkatea) eta Noelia Barruetabeña, Azaro Fundazioko ordezkaria ere protagonista izan dira gaurko ekitaldian. Denek nabarmendu dituzte elkarlana, gobernantza eredu berria, erakunde publiko pribatuen arteko oreka eta eskualdearentzat fundazioak dakarren garapen bide berria.

Sorreratik elkarlanean

Lea-Artibai eskualdeko eta Bizkaiko erakunde publiko eta pribatuen elkarlanaren ondorioz sortu da Leartibai Fundazioa, eta horregatik, gaurko ekitaldia ez dute galdu nahi izan: Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Luis Egurrola, Leartibai Fundazioko lehendakariak eta Markinako alkateak; Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendariak; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak; Lea-Artibai eskualdeko 12 udaletako alkateak eta Cristina Múgica; Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusiak. Bertan izan dira baita ere, Lea-Artibai eskualdean pisu espezifiko propioa duten sektore ezberdinetako ordezkariak (enpresak, ekintzaileak, herri txikietako ordezkariak eta Fundazioaren patronoak). Aurrerantzean, orain arte izan den bezalaxe, denok batera eta denok helburu batekin ekingo diote ibilbide berriari.

Ongi etorri, Leartibai Fundazioa!

Irakaskuntza teknikoa

Zentro teknologikoa, Elikagaien Teknologian eta Polimeroetan espezializatua.