Galdu da espiritu kooperatiboa? (III)
Edonola ere, kontuan hartu behar da enpresa mota berri bat asmatu zutela eta demostratu behar zutela funtzionatzen zuela. Enpresa kooperatibo industrialak existitzen ziren, baina ULGORek ezaugarri bereizgarriak zituen. Ez zegoen horrelakorik munduan eta enpresa kapitalistak bezain eraginkorra, edo eraginkorragoa, izan behar zuen.
Dena den, lehengo garaiak faltan botatzen dituenari ez diot entzuten ondokoa: orduko gizartea oso erlijiosoa zela eta gaurkoa ez. Eliza katolikoaren doktrina soziala bizi zuen langile askok, bereziki hasierako kooperatiben sortzaileek. Horrela, ULGOReko 1959. urteko Batzar Nagusian honela esan zen: «Señores socios, nos hemos constituido en sociedad cooperativa por haber entendido que es la forma social que mejor garantiza el sentido humano y cristiano que debe privar la vida y el desarrollo de una empresa.»
Urteetara, Jesus Larrañagaren Interioridades de una Utopía, 1998ko liburuan, Jesusek berak Alfonso Gorroñogoitia elkarrizketatzen du. Galdetzen dio «¿Piensas que ha compensado tanto esfuerzo? ». Alfonsoren erantzuna da: «Sí, por supuesto; sin duda alguna; sin mácula de reserva mental. Sentimentalmente hablando tengo dudas, porque pretendiendo hacer un pueblo más justo, más humano, más fraternal, ha resultado un pueblo más insolidario, más hedonista y “menos cristiano”».
“Esan genezake orduan eta orain espiritu kooperatiboa badagoela; edo, alderantziz, gaur ez badago espiritu kooperatiborik, lehen ere ez”
Eta kooperatibak, hala eta guztiz ere, lehen bezain indartsuak dira. Esan genezake, hortaz, orduan eta orain espiritu kooperatiboa badagoela; edo, alderantziz, gaur ez badago espiritu kooperatiborik, lehen ere ez.
Anekdota batekin bukatzen dut. Otalorako MONE (Mondragoneko Esperientzia azaltzeko gunea) zabaldu berri, aspaldi jubilatutako kooperatiba baten fundatzailea etorri zen bisitan. Gustura izan ginen bata besteari entzuten. Espiritu kooperatiboaren gaia irten zen. Galdetu nion orduan: «Imajinatzen dut zuek, fundatzaileek, espiritu kooperatibo sendoa izango zenutela, baina aurrerago proiektura batu ziren lagunak ez zirela hain sutsuak izango». «Oker zaude» erantzun zidan. Eta gehitu zuen: «Kooperatibista amorratua ni nintzen soilik».