Galdu da espiritu kooperatiboa? Eskerrak! (I)

Galdu da espiritu kooperatiboa? Eskerrak! (I)

Ander Etxeberria, Hedapen Kooperatiboaren arduraduna MONDRAGONen
Ohikoa da entzutea gaur egun ez dagoela espiritu kooperatiborik, aspaldi galdu zela.
2024/07/16

Horrelakoak esaten dituztenen artean daude kooperatibetan lana egiten ez duten pertsonak, kooperatibetako bazkideak eta kooperatibetan aritu zirenak. Nire aldetik, espero dut jubilatzerakoan horrelakorik ez esatea, galdetu beharko bainioke nire buruari aktibo nengoenean zer egin nuen.

Goazen harira. Hasteko, gogoratu beharra dago edozein erakunderen (enpresa, kultur elkartea, kirol kluba…) edo tradizioren (herriko jaiak, Gabonetako afari familiarrak…) lehengo garaiak nostalgiaz ikusten ditugula eta idealizatu egiten ditugula askotan.

“Gogoratu beharra dago edozein erakunderen edo tradizioren lehengo garaiak nostalgiaz ikusten ditugula eta idealizatu egiten ditugula askotan. Baita kooperatibek ere!”

Nolakoa izan zen MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboa hasierako garaietan? Hainbat ezaugarriren artean hiru ekarri ditut hona: boto kopurua, emakumearenganako tratamendua eta ingurumenarekiko ardura.

  1. Ulgorreko lehenengo hamar urteetan bazkideek ez zuten boto eskubide bera. Botoa indizearen araberakoa zen: bazkide baten indizea 1,4 bazen 1,4 boto zituen eta beste batena 2,3 bazen, 2,3 boto zituen. Gero ezarri zen bazkide bat, boto bat sistema. Zergatik aldatu zuten? Orduko kronikek diotenez, hemendik eta handik jasotako presioengatik, eta praktikan diferentzia nabarmenik ez zegoelako boto kualifikatuaren eta boto kopuru berdinaren artean.

  2. Hasierako urteetan emakumeek gizonen %90a kobratzen zuten kategoria berean. Gainera, emakumeek lana utzi behar zuten ezkontzen zirenean. LagunArok berak ezkonsari prestazioa izan zuen ezkontzen ziren neska bazkideentzat kooperatiba derrigorrez utzi beharraren ordainetan. Lehenengo, legeak berak agintzen zuen ezkontzen ziren emakumeei automatikoki baja ematea. Aurrerago, legea aldatu zen ezkondutako emakumeek lanean jarraitu ahal izateko, baina kooperatibek urte batzuk gehiago mantendu zuten araua.

  3. Hainbat hamarkadatan Deba ibaia izan da penintsulako kantauriar isurialdeko ibairik kutsatuenetakoa. Ibaiertzean kokatuta zeuden (eta dauden) enpresentzat ibaia baino estolda zen. Isurketak ohikoak ziren. Leintz bailaran hainbatek gogoratzen du 70eko hamarkadan Debaren kolorea egun batean grisa zela, beste batean morea…

Zenbat hobetu duten arlo horietan kooperatibek!

Eskerrak espiritu kooperatiboa aspaldi galdu zela.