Gabonetako klasikoan Gipuzkoako talde nagusiak batuko dira

Arizmendi Ikastolak dagoeneko klasikoa bilakatu den Emakumezkoen Futbol Txapelketa aurkeztu du gaur. Hamabigarren edizioa jokatuko da aurten, abenduaren 30ean eta 31n, eta Gipuzkoako talde nagusiak batuko dira Ibarra futbol zelaian.
Card image cap
2016/12/14

Oihana Aldai, Oiartzun taldeko atezain atxabaltarra; Aitor Diaz de Mendibil, Real Sociedad taldeko zuzendaritzako kidea; Gorka Gabilondo, Arizmendi Ikastolako kanpo kirol ekintzen sustatzailea; Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea; eta Elena Errasti, Arizmendi Ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendaria hedabideen aurrean agertu dira gaur, Arizmendi Ikastolak antolatzen duen Emakumezkoen Gabonetako Futbol Txapelketa aurkeztera, dagoeneko klasikoa bilakatu dena. 

Arizmendi Ikastolaren Emakumezko Futbol Txapelkeetaren aurkezpena

Gaurko aurkezpenean Arizmendi-UDA taldeko jokalari asko gerturatu da Ibarra kiroldegira. 

Reala eta Oiartzun, lehenengo mailan ari diren Gipuzkoako bi ordezkariak izango dira Aretxabaletan

Orain hamabi urte antolatzen hasita, hamaika bider jokatu da dagoeneko Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa. Txapelketa Debagoieneko ekimen inportantea bilakatu da, eta, hortaz, bailarako talde guztiek hartzen dute parte: Mondrak, Bergarak, Aloñamendik eta Arizmendik. Hala ere, horiek ez ezik bailaratik kanpo beste talde batzuk ere etorri ohi dira: Lazkao, Lagun onak, Eibar, Anaitasuna, Urki... Txapelketa Ibarra futbol-zelaian (Aretxabaletan) egiten da.

Alebinak, infantilak, kadeteak eta seniorrak

Aurten, txapelketan lau maila arituko dira: alebinak, infantilak, kadeteak eta seniorrak. Lehenengo hiru mailetan futbol 8ko txapelketa egingo da, eta senior mailan futbol 11ko goi mailako triangular bat izango da. Hain justu ere, senior mailan Gipuzkoako talde onenak etorriko dira: Reala eta Oiartzun, lehenengo mailan ari diren Gipuzkoako bi ordezkariak, eta haiekin batera Debagoieneko selekzioa arituko da. Bergarako, Mondrako eta Arizmendiko senior taldeetako neskek osatzen dute selekzioa.

Abenduaren 30 eta 31n 

Arestian aipatu bezala, txapelketa Aretxabaletako Ibarra futbol-zelaian jokatuko da eta partiduak abenduaren 30 eta 31n izango dira. Alebin, infantil eta kadete mailako txapelketak, abenduaren 30ean jokatuko dira eta senior mailako triangularra abenduaren 31n.

Alebin, infantil eta kadete mailako taldeak honako hauek izango dira: Arizmendi, Aloña Mendi, Bergara, Lagun onak, Eibar, Lazkao, Urki, Antzuola eta Mutriku.

Senior mailako taldeak, berriz, honako hauek:

Bailarako Selekzioa, Real Sociedad eta Oiartzun taldeek neurtuko dituzte indarrak. Partida amaieran, futbol-txapelketako sariak banatuko direlarik.     

Txapelketaren helburuak

Helburu nagusia da kirol praktika sustatzea eta neskei ere aukera ematea ligatik kanpo futbolarekin gozatzeko. Duela hamar urte, antolatzaileek ikusi zuten mutilentzat hainbat txapelketa antolatzen zirela baina neskentzat ez zegoela horrelakorik. Kontuan izanda Arizmendi Kirol Elkartean neskak ere badabiltzala futbolean, beraientzat txapelketa bat antolatzea erabaki zuten.

Era berean, goi mailako nesken futbol partida egitearen arrazoi nagusietako bat da bailarako neskak motibatzea. Debagoienan neska askok egiten du futbolean, eta txapelketaren bitartez horientzat aukera ezin hobea da Euskal Herriko futbolari onenekin jokatzeko. Sari ederra izaten da aukeratuentzat.

Nesken futbolari bultzada ematea; gizonezkoen futbolak askoz ere indar handiagoa dauka eta txapelketarekin nesken futbolari ere aukerak zabaltzen zaizkio. Baina gainera, beste herrietako kirolariekin harremanak sustatu nahi dira, eta ondo pasatzea ezinbestekoa izango da.

Arizmendi Ikastolaren Emakumezko Futbol Txapelkeetaren aurkezpena  

Hezkuntza ez-formala

Hezkuntza ez-formala Arizmendi Ikastolaren egitasmo pedagogikoaren ardatz nagusietako bat dela azaldu du gaurko aurkezpenean Elena Errastik. Haren esanetan, "ikastolako partaideei aisialdia kudeatzen laguntzeko sortu zen. Heziketa-jarduera eskolatik harago atera nahi du, gozamenerako aukera emanik edonori". Arizmendi Ikastolan aisialdia kudeatzeko egitasmoa berezia da, besteak beste, adin guztietako partaideentzako ekimenak antolatzen direlako bertan. Ikasleriari dagokionez, esaterako, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzakoentzat ez ezik, Haur Hezkuntzakoentzat ere gero eta eskaintza zabalagoa dauka Hezkuntza ez-formalak. Monitore Eskola ere kudeatzen du, bertan batuz ikasle nagusiak eta ikasle ohiak. Bestetik, guraso eta langileentzat ikastaro eta tailerrak antolatu ohi ditu. Urtean zehar egiten diren ekintzetan batez beste 7.000 lagunek hartu ohi du parte ikasturtean zehar.

Gaurko aurkezpenaren argazki bilduma: argazkiak.

 

Irakaskuntza