Irakurriena
- 1. Orbik Cybersecurity, kooperatiba bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 2. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 3. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 4. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 5. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 6. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 7. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 8. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 9. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 10. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON torneoaren finala otsailaren 22an izango da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean. Challenge kategorian, 10 eta 16 urte arteko ikasleez osaturiko taldeak beraien proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta LEGO piezez eraikitako robot batekin robot jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin. SUMERGED erronkaren bidez, ozeanoak nola eta zergatik esploratzen dituzten ikasi dute ikasleek, teknologia modu sortzailean erabiliz.
Torneoa gauzatzeko ezinbestekoa da boluntarioen lana eta, hain zuzen ere, herritarrek FLL Euskadi-MONDRAGON ekitaldian parte hartzeko deia egin dute gaur prentsaurrean. Bertan izan dira Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkatea, Nekane Errasti Lozares Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza koordinatzailea eta ikertzailea, Maite Legarra Eizagirre MONDRAGON Korporazioko Erakarpen eta Talentu Garapeneko kidea eta Nagore Lauroba Izaguirre boluntarioa.
Maider Morrasek “poztasuna” adierazi du beste urte batez Arrasate izateagatik First Lego League-en Euskadiko finaleko egoitzetako bat. Adierazi duenez, “alde batetik, Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutza balorean jartzen du, eta bestetik, teknologia talentuaren hiri bilakatzen du”. Gaineratu du, “lehiakortasunera mugatu beharrean, festa giroko eguna” dela, eta “modu sortzaile eta dibertigarrian, teknologien eta berrikuntzen mundura sartzeko aukera” ematen diela gazteei.
Maite Legarrak hiru arrazoi azpimarratu ditu MONDRAGONen parte hartzearen inguruan: “Erantzukizun soziala lehenengo. Gizarte moduan zientzia eta teknologiako bokazioak gazteengan ikusarazteko eta lantzeko beharra dugu eta FLL-k horretarako testuingurua ematen digu. Bigarrena da kooperatibak kokatuta dauden inguruko hezkuntza zentroekin harremana izateko aukera ematen digula. Estrategia global baten barruan ZTIM Hub proiektua dugu, Mondragon Unibertsitatearen bi fakultatek eta MONDRAGONeko kooperatibek sustatuta, bokazio horiek ikastetxeetara eramateko. Hirugarrena da MONDRAGONeko baloreek eta FLL-koek bat egiten dutela: talde lana sustatzea, inpaktu soziala bilatzea eta ikuspegi kritikoa izatea”.
Nekane Errastik azpimarratu du sekula Arrasaten izan den ediziorik handiena izango dela: 43 talde izango dira parte hartzen, 350 gazte inguru eta horiekin batera datozen guraso eta lagunak kontatuz gero, 800 lagun inguru espero dituzte Iturripeko Campusean. Aurtengo berritasunetako bat da ekitaldia Erronka Garbia proiektuaren barruan egingo dela eta ekintza guztietan jasangarritasuna hartuko da kontuan.
Nagore Laurobak urtero parte hartzen du boluntario bezala First Lego League lehiaketan eta herritarrak parte hartzera animatu nahi izan ditu: “Jai bat da, goiz agradable bat pasatzen duzu oso motibatuta dauden gaztetxoz inguratuta eta energia hartzeko ekitaldi bat da”.
43 talde
FLL Euskadi-MONDRAGON lehiaketa ofiziala izango da eta bertako lehen sailkatuek Espainia mailako txapelketarako txartela lortuko dute.
Bi mailatako taldeak izango dira: Explore (6-9 urte) eta Challenge (10-16 urte). Arrasaten 43 taldek parte hartuko dute: 17 Explore eta 26 Challenge.
Jardunaldiak egoki funtzionatzeko behar beharrezkoa da boluntarioen laguntza. Horretarako, hemen izena eman ahal izango duzu, eta otsailaren 22an Mondragon Unibertsitateko Iturripeko Campusean egingo den ekitaldia bertatik bertara bizi ahal izango duzu.
Boluntarioen rolak
- Arbitro: Roboten jolasa kontrolatuko dut.
- Epaile: Taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditut.
- Floater: Lehiaketak irauten duen bitartean taldeei laguntza emango diet hitzordu ezberdinetara garaiz iristen direla eta egun osoan ondo pasatzen dutela bermatzeko.
- Zientzialari: FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditut.
- Timekeeper & Scorekeeper: Mahai-jokoaren software-a eta partiden iraupena kontrolatuko ditut.
- Eremuen arduradun (Field, PIT & Queue volunteer): Lehiaketaren eremuak kontrolatuko ditut taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko.
Bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea helburu
Gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzeko erreferentziazko hezkuntza-programa da FIRST LEGO League. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta EHUk antolatzen dute nazioarteko hezkuntza-programa hau Euskadin. Arrasateko ekitaldiak Arrasateko Udalaren eta MONDRAGONeko hainbat kooperatibaren babesa izango du: Ausolan, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, LKS Next, Lortek eta Maier. MONDRAGON ZTIM HUB proiektuaren barruan kokatzen da ekintza hau; gazteengan ZTIM bokazioak sustatu eta Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloekiko interesa piztea helburu duen egitasmoa da.