Faktore ordezkaezin hori

Faktore ordezkaezin hori

Beñat Flores, Aitor Zuberogoitia (Humanitate Digital Globalak gradua)
Ez da denbora asko 4.0 industriaz ari ginela eta dagoeneko 5.0 aroaz dihardugu, XVIII. mendean lurrun-makinek eragindako astinduaren parekoa eragingo ei duen aro batez.
2022/01/04

Gauzen Internetak (IoT) ekarriko duen erabateko interkonexioak eta robotikak markaturiko garaiak izango dira: geroz eta gehiago, hirietan kontzentratuko da bizitza, produkzio-prozesuak bizkortu egingo dira pertsonen eta cobot-en elkarrekintzari esker, eta, horren ondorioz, fakturazio-prozesuak asko pertsonalizatuko dira (masa-ekoizpen garaian ez bezala).

Haatik, dagoeneko ate-joka dugun etorkizun horrek buztinezko oinak izango ditu baldin eta, batetik, geroz eta agerikoagoak diren planetaren mugak aintzat hartu eta jasangarritasun klabean pentsatzen ez badugu eta, bestetik, mundu interkonektatu horretan elkarbizitzara begira jarri eta lokalaren eta globalaren arteko dialektika ganoraz jorratzen ez badugu.

Lan errepikakor eta automatikoak aberetu egiten gaituela esan ohi da; agertoki konplexu honetan, tankera horretako zereginak adimen artifizialaren esku utziko ahalko ditugu geroz eta gehiago, eta geroz eta preziatuagoa izango da Vidalek “la ineludible necesidad de lo humano” modura izendatzen duen hori, hots, gure dimentsio emozional, sortzailea, loturak egin, harreman-sareak osatu, taldeak lideratu eta estrategiak diseinatzeko daukagun gaitasuna.

Estrategikoa eta ezinbestekoa da, beraz, faktore ordezkaezin hori elikatzea, autoezagutzatik abiatuta eta dimentsio global eta digitalak gure heziketa-planen erdian txertatuta.