Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Fagor Taldearen zortzi kooperatibetako ordezkariek jaso dute Abbadia Saria
“Hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker, berretsi duzue posible dela lantokian euskararen erabilera normalizatzeko urrats sendoak egitea eta, aldi berean, mundu eleanitz batean, nazioarteko merkatu zorrotzenetara zabaldu eta bertan lehiatzea”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, hitz horien bitartez aitortu du gaur Fagor Taldeak hamarkada luzez euskararen erabilera indartzeko egindako lan kolektiboa, Arrasateko Kulturolan Abbadia Saria emateko egindako ekitaldian.
MONDRAGONeko Fagor Taldea osatzen duten zortzi kooperatibetako ordezkariek eta taldeko presidenteak, Joxean Alustizak, jaso dute errekonozimendua, langile guztien izenean.
Fagor Taldeko presidenteak, Joxean Alustizak, esker oneko hitzak izan ditu eta euskararen sustapenean lankide izan dituzten eragile, erakunde eta gainontzeko kooperatibekin urte hauetan guztietan izandako elkarlanaren garrantziari erreparatu dio, euskarak gaur egun Fagorren duen estatusa lortzeko bidean. “Gure kooperatibetako lan jardunean aritu diren eta ari diren milaka lankide eta bazkide gogoratu nahiko nituzke. Guztion ahaleginak ekarri gaitu hona".
"Gero eta ageriagoa da lan mundua euskalduntzeak duen garrantzia. Hala izanik, enpresetan, tailerretan, etab. euskararen alde diren pertsona guztiei eskaini nahi diet saria”, adierazi du Alustizak.
Lehen aldiz, saridunaren sorterrian bertan antolatu du Abbadia Saria emateko ekitaldia Aldundiak. Kepa Errasti aktoreak gidatutako saioan, sei hamarkadako ibilbide luzean Fagorrek euskarekin izan duen harremana izan da ekitaldiaren hari nagusia, fikziozko istorio batekin antzeztuta, eta, musikak, kantuak eta ikus-entzunezkoak lagunduta. Eremu sozioekonomikoan euskara normalizatzeko politikak sustatzeari buruz hitz egin du baita ere Jon Sarasuak adituak, euskara beraren onuren ikuspegitik, bai eta enpresak jasotzen dituenetatik. Fagor Taldeko ordezkariaren eta diputatu nagusiaren hitzek osatu dute ekitaldia.
Markel Olano ahaldun nagusiak Fagor Taldeko kooperatibek euskararen alde egindako ibilbidea goraipatu du. Bere iritziz, “hamarkada luzez hainbat eta hainbat lagunek egindako lanari esker”, erakutsi dutelako zer nolako “onurak” ekarri ditzakeen lan eremuan euskararen erabilera normalizatzeak. “Garai zailenetan ere, gure hizkuntzaren aldeko apustuari eutsi diozue. Euskararen sustapenean adibide aurreratua zarete, zabaldu beharreko eredua”, gaineratu du.
Ehunka langileri aitortza
Abbadia Sariarekin, Fagor Taldeari aitortza egin zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak. Alde batetik, euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri dute, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa.
Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz, eta gaur egun arlo honetako errekonozimendu garrantzitsu bihurtu da. Pandemia dela eta atzeratu ostean, gaur egin ahal izan dute sari emate ekitaldia.