Fagor Taldeak azken urtean izan duen egokitzeko eta berritzeko gaitasuna azpimarratu du

Covid-19ak baldintzatuta, aurreko urtean baino apalagoak izan dira emaitza ekonomikoak. Zehatz esanda, 1.260 milioi euroko salmentak izan ditu Fagor Taldeak, eta 28,4 milioi euroko irabaziekin bukatu du urtea.
Card image cap
Joxean Alustizak iazko datuak eta etorkizunera begira dituzten erronkak errepasatu ditu.
2021/05/27

Atzo (maiatzak 26) egin du 2021eko Batzar Nagusia Fagor Taldeak. Bada, askotarikoak izan dira bertan jorraturikoak: 2020 ekitaldiaren balorazioa, Covid-19aren testuingurua, aurrera begirako erronkak… “Ez da urte erraza izan. Covid-19ak ezezagun dugun testuinguruan gauzka. Dena den, esango nuke egoera berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi dugula, geure jarduna unean unekora moldatzekoa. 2020koa ekitaldi konplikatua izan den arren, gure bazkideek egindako ahaleginei esker, urtea emaitza txukunekin bukatzea lortu dugu”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak.

Bestetik, ezin uka Covid-19ak eragina izan duela urteko jardunean: “Covid-19aren eragina ez da ustekabean pasa. Egoera konplikatuak bizi izan genituen konfinamenduaren gogorrenean, eta ziurgabetasun handia izan dugu urte guztian zehar".

"Une gordinenetan ere, aurrera begira jarraitu dugu, egoerara moldatzeko beharrezkoak izan diren neurriak hartu eta etorkizuneko apustuei eutsiz”.

Oro har, Covid-19ak baldintzatuta, aurreko urtean baino apalagoak izan dira emaitza ekonomikoak. Zehatz esanda, 1.260 milioi euroko salmentak izan ditu Fagor Taldeak, eta 28,4 milioi euroko irabaziekin bukatu du urtea. Guztira, 5.009 lanpostu izan ditu Euskal Herrian, eta, 10.000tik gora, atzerriko plantak aintzat hartuta.

Etorkizuna hobetzeko, lanean

Ostera, azken hilabeteetan landuriko Fagor 2030 iraunkortasun estrategia proposamena onartu du Fagor Taldeak. Horrenbestez, gaurtik aurrera, bere egina du Etorkizuna hobetzeko lanean leloa, eta, hari men eginez, bost konpromiso nagusi hartu ditu hamarkada honi begira: negozioak eraldatzea, ekonomia digital, deskarbonizatu eta zirkular baten testuinguruan enplegua sortzen jarraitzeko; gobernantza eredu demokratikoa hobetzen eta garatzen jarraitzea; testuinguru egokiak sortzea pertsonek euren onena eman dezaten; larrialdi klimatikoari aurre egiteko karbono aztarna murriztea; eta lurraldearen eraldaketan inplikatzea.

IPDK banaketa

Komunitateari ekarpena egin guran darrai Fagor Taldeak. Eta horixe bera azpimarratu du Batzar Nagusian. “Komunitatetik sortu ginen, haren parte gara eta hari ekarpena egitea dagokigu”, azpimarratu du Fagor Taldeko lehendakariak. Zeregin horretan, bada, esangura handia du IPDK banaketak. Orotara, 4.067.653 euro bideratu ditu Taldeak IPDK fondotik. Kopuru horrekin, ekarpenak jaso dituzte, besteak beste, Debagoiena 2030ek (1.313.531 euro), kooperatibetako euskara planek (650.824 euro), Gizabidea Fundazioak (325.412 euro), Mondragon Fundazioak (813.531 euro), Mundukide Fundazioak (162.706 euro) eta interkooperazio proiektu ezberdinek (100.417 euro).

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea