Irakurriena
- 1. MSI Taldeak urteko ETE industrial onenaren saria jaso du
- 2. 20 urteko ibilbide arrakastatsua ospatu du Gerodan kooperatibak
- 3. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen Kursaalen
- 4. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 5. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 6. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
Fagor Ederlaneko lan-bazkideek euren kooperatibaren 50.urteurrena ospatzeko abestia eta bideoklipa grabatu dituzte
1963ko uztailaren 1ean sortu zen Fagor Ederlan Koop. Elkartea. Fundiciones Esteibar eta Comet enpresek bat egin eta proiektu kooperatiboa sustatu zuten Eskoriatzan. Harrezkero, enpresa hazi egin da, eta Fagor Ederlan Group da gaur egun. 3.000 langile baino gehiagorekin mundu osoan eta lantokiak Usurbil, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Tafalla eta Txinan. 2013an 50 urte bete dituzte eta urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte, besteak beste 'Ederlantzen' kantuaren sorkuntza eta bideokliparen grabazioa.
Guztira, 40 langile baino gehiagok parte hartu dute grabazioan eta Antxon Sarasua musikari profesionalaren laguntza izan dute, izan ere, Antxonen emaztea ere Fagor Ederlaneko lan-bazkidea da. Letrak berriz, Ederlaneko euskara departamentuak egin ditu, Asier Iriondoren koordinaziopean.
Ideia hasieratik lehendakaritzatik sortutako batzorde antolatzaileak sustatu zuen eta kooperatibaren organo guztien oniritzia izan du. Bideoklipa, berriz, Arteman Komunikazioa enpresak egin du, Fagor Ederlanekin elkarlanean eta sintonia ederrean.
Grabazioa Andoainen
Ederlantzen kantua alaia da, dibertigarria, eta instrumentu ugariren nahasketarekin sortu du Antxon Sarasuak. Gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, baxua, saxoa, klarinetea, gaita, tronpeta, akordeoia, bibolina, flauta... askotariko instrumentuak jo dituzte Ederlaneko langileek.
Eta bideoklipa egiterakoan, Artemanekoek planoak grabatu zituzten lantokietan (Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasaten) eta baita lantokietatik kanpo, Debagoieneko zenbait gune ederretan. Otalora Jauregian, Eskoriatzako plazan, Apotzagako auzoan eta Urkuluko urtegian. Soinuaren grabazioa, berriz, Andoainen burutu zen, Neurotika Sound estudioetan. Bertan, Antxon Sarasuak egin zituen zuzendari lanak, lan-jardunaldi luze baina emankorrean.
Fagor Ederlaneko zenbait langile grabazioan.