Irakurriena
- 1. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 2. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 3. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 4. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
- 5. MONDRAGON Healthek osasunerako eta zaintzarako teknologia aurkeztu du FITECUn
- 6. TU Lankide berritua: 7 hobekuntza MONDRAGONi buruz informatzeko
Fagor Ederlanek 1,5 milioi euro bideratu ditu gizarte egitasmoak laguntzera

Hain zuzen ere, aipaturikoa, kooperatibak IPDK lankidetza funtsean bildutako zenbatekoa da: urteko irabazien %12 doa bertara. Esan gabe doa ez dela kopuru finkoa, kooperatibako jardueraren emaitzen araberakoa baizik.
Fagor Ederlanetik aipatu bezala, inguruarekin duen lankidetza estrategia “aktiborako eta etengaberako” bitarteko da lankidetza funtsa, kooperatiba gisa, horixe baita “funtsezko oinarri”.
Finean, Fagor Ederlaneko kideek “berebiziko garrantzia” ematen diote gizartearen “benetako beharrak” erantzuteko zereginari: “Gizartearen benetako beharrei erantzuten dieten jarduerak, hitzarmenak eta politikak garatzen ditugu. Horrela, koherenteak gara, bai gure izaerarekin, baita gure egitasmo sozio-enpresarialarekin ere”.
Era horretan, “gizartea eraldatzeko” konpromisoz dihardu Fagor Ederlanek. Hartarako, nagusiki, hiru esparru dituzte langai: ingurumenaren iraunkortasuna, kontsumo arduratsua eta gizarte inklusioa. Eta, gaur-gaurkoz, 37 egitasmo laguntzen dituzte, “izaera, tamaina eta ezaugarri ezberdinetakoak”.
Nagusiki, herriko eta eskualdeko entitateak ditu erdigunean Fagor Ederlanek. Hor daude Arrasate Musikal, Goieskola eta kirol alorreko zenbait dinamika -Eskoriatzako, Bergarako, Arrasateko eta Aretxabaletako haur zein gazteentzako kirolak, kasurako-. Eta horretan geratu barik, bestelako alorrei ere egiten die ekarpenik. Sustapen Sozial eta Kooperatiboa oinarri, esaterako, gizarte-berrikuntzaren bueltako egitasmoak, euskararen alorrekoak, Mundukide eta bestelako lankidetzak hauspotzen dituzte. Gainerakoan, Zaporeak, Iturrigorri, Aspanogi, Aspargi eta Retinosis Gipuzkoa moduko elkarteak ere laguntzen dituzte Fagor Ederlaneko kideek.
Eskaera egiteko aukera
Kooperatibaren laguntza-funtsaren harirako eskaera egiteko aukera dagoela gogorarazi gura izan die Fagor Ederlanek herriko eta eskualdeko entitateei. “Oso erraza da. Gutun edo e-posta bidez helarazi behar zaio eskaera kooperatibari. Ostean, galdetegi bat erantzun beharko du eskatzaileak, egitasmoa eta entitate eskatzailea ezagutarazteko”. Hori eginda, kooperatiba litzateke eskaera aztertzearen eta erabaki bat hartzearen arduradun. Zehatz esanda, aurkezturiko egitasmoek garapen sozialean eta kulturalean duten eragina aztertuko lukete Fagor Ederlaneko kideek.