Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
Fagor Ederlan, irauteko ekonomia zirkularrean

Munduko bi autoetatik batek Fagor Ederlanen osagaietako bat darama soinean. Chassis eta powertrain esparruko osagaiak ekoizten ditu MONDRAGONeko kooperatibak, eta mundu mailako auto fabrikatzaile nagusienak nahiz sektoreko hornitzaile garrantzitsuenak ditu bezero. Automozioaren merkatuak urte oparoak izan baditu ere, garai ilunak bizitzen ari da azkenaldian, erabateko eraldaketan murgilduta dagoelarik. Txinako merkatuaren lehia bizia, Alemaniaren krisia, jasangarritasun baldintza zorrotzak edota etengabeko berritzeko beharrak erabat baldintzatu du sektorea, baina Fagor Taldeko kooperatiba historikoak berean dihardu. "Munduko ibilgailu fabrikatzaile nagusiak gure bezeroak dira, eta horrek ahalbidetzen digu haiekin batera sektoreak aurrean dituen erronka garrantzitsuenak ulertzea, partekatzea eta erronka horiei erantzutea", azaldu du Maite Pikasarri Jasangarritasun eta Digitalizazio zuzendariak.
573 milioi euroko negozio bolumena izan zuen iaz, lantegiak ditu Europan, Txinan, Hego Amerikan eta Ipar Amerikan, eta Fagor Talde osoaren gisan, fakturazioa handitu du azken urteotan. Aitzitik, kooperatiba jakitun da automozio sektoreko enpresa izanik, ingurumenean inpaktu handia sor dezakeela, eta 2,4 milioi euroko inbertsioa gauzatu du ingurunearekiko harremana hobetzeko asmoz. Autoaren industria mugikortasunaren kontzeptu berrirantz eraldatzen ari da bete-betean, zeinak jasangarria behar duen eta karbono emisioei dagokienez neutroa. "Guk geuk garatzen dugun jarduera industrialak ingurunean gero eta inpaktu txikiagoa izatea nahi dugu, eta gure karbono aztarna minimizatu, sektoreari ideiak emanda, etorkizunean mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin", dio Pikasarrik.
Mugikortasunaren kontzeptu berri horri erantzuna eman nahi dio kooperatibak. "Gero eta osagai arinagoak garatzen ditugu azken ibilgailuaren emisioak murrizten laguntzeko. Esaterako, disko bimetalikoak, aluminiozko diskoak, subframeak edo motor elektrikoen karkasak", argitu du. Halaber, diskoen estaldura gama berri bat ere lantzen ari dira, balaztatze uneko partikulen emisioen gainean Europako araudiek ezartzen dutenari erantzun ahal izateko. "Ibilgailu elektrikorako sistema berriak ere garatzen ditugu, hala nola bateriak, Fagor Ederbatten bidez. Arlo horretan, jada bateria arinduak eta bolumen txikikoak garatu ditugu eta saltzen ari gara, autobusetarako, trenetarako eta beste ibilgailu batzuetarako", gehitu du.
Hidrogenoarekin ere lanean hasi dira, izan ere, gas naturalaren bidez euren ekoizpen prozesuen ingurumen inpaktua murrizteko energia osagai garrantzitsua izan daitekeela uste du kooperatibak.
Karbono aztarna murrizteko konpromisoa
Erakunde baten karbono aztarna, hau da, berotegi efektuko gasen emisioak, hiru irismen mailatan oinarrituta neurtzen da: enpresan bertan sortutako eta hark kontrolatzen dituen zuzeneko emisioak, energia kontsumoarekin lotutako zeharkako emisioak eta enpresaren jardueraren ondorioz sortzen diren baina enpresaren jabetzakoak ez diren eta kontrolatzen ez dituen iturrietan sortzen diren zeharkako beste emisio batzuk. Fagor Ederlanek urtero neurtzen du bere karbono aztarna, eta 2022-2032 aldirako deskarbonizaziorako bide-orria ezarrita du. Hala, 2032rako lehen eta bigarren irismeneko berotegi efektuko gasen emisio absolutuak %50,4 murriztea du helburu, eta epe berean, hirugarren irismeneko emisioak %30 murrizteko konpromisoa ere adierazi du.
"Gaur egun kontsumitzen dugun elektrizitatearen ia %100ak jatorri berriztagarria du eta kontsumitzen ditugun lehengaien %82 birziklatuak dira"
Horretarako, bada, elektrizitatearen eta gasaren kontsumoa murriztea, energia berriztagarrien kontsumoa handitzea, gas naturala kontsumitzen duten instalazioak eta prozesuak elektrifikatzea eta material birziklatuaren erabilera handitzea jo ditu gakotzat Pikasarrik. "Gaur egun kontsumitzen dugun elektrizitatearen ia %100ak jatorri berriztagarria du eta kontsumitzen ditugun lehengaien %82 birziklatuak dira", gehitu du.
Berrikuntzaren garrantzia
Ekonomia zirkularra sustatzea eta, aldi berean, produktu nahiz prozesuan goi mailako kalitateari eustea erronka handia da Fagor Taldeko enpresarentzat, eta horretarako, hornidura kateak eta bezeroek inplikatuta egotea “funtsezkoa” dela uste du Pikasarrik. Lehenak “lehengaiaren ezaugarriak bermatuko dituen askotariko fluxu zirkular jarraituak sortzeko”, eta bigarrenak, “produktu espezifikazioetan piezen funtzionaltasuna ziurtatuko duten material mota zabalagoak adosteko”.
Ekinbide hauek guztiak burutu ahal izateko berrikuntza du oinarri. Arrasateko Edertek berrikuntza zentroan testatzen dituzte produktu, material eta prozesu berriak. “Hori da gure bereizgarrietako bat, I+G+b gure ekoizpen plantetara transferitzeko dugun gaitasun handia”. benetako fabrikazio instalazioak dituzte bertan, ekoizpen planten berdinak, non berrikuntzan jarduten duten espresuki, serieko ekoizpenaren antzeko ingurunea birsortuta, eta hortik garapen berriak euren fabriketara transferitzen dituzte zuzenean. “Europan ez dago gaitasun horiek dituen lehiakiderik”, nabarmendu du Pikasarrik.
"Berrikuntza gure plantetara transferitzeko dugun gaitasuna da da gure bereizgarrietako bat"
Iaz 2025-2028 aldirako plan estrategikoa ondu zuen enpresak, eta, besteak beste, bi ildo estrategiko zehaztu zituzten gai horiekin lotuta. Horietako bat da, berrikuntzarekin lotuta, eraldaketa digitala sustatzearena da, "eraginkorragoak eta berritzaileagoak" izan nahi baitute. Bigarren ildo estrategikoa, aldiz, ESG irizpideak kooperatibaren zeharkako elementu gisa integratzea du helburu. "Jasangarritasunari lotutako ESG irizpideen integrazioan modu egituratuan aurrera egitea bilatzen dugu, Fagor Ederlaneko interes talde guztien eskaera asetzeko", azpimarratu du.

Elektrifikaziora bidea egiten
Elektrifikazioranzko bidean da automozio sektorea, eta Pikasarrik aitortu du lehiakideak, Asiakoak bereziki, eta, Txinakoak zehazki, orain dela urte batzuk aurreikusitakoa baino abiadura handiagoan sartu direla merkatuan. Horren aurrean, arestian aipatutako plan estrategikoa oinarri harturik, lehiakorrak, berritzaileak eta irekiak izatea, negozio berrietan dibertsifikatzea eta estrategia gauzatzeko beharrezkoa den talentua garatzea eta erakartzea" jo ditu gakotzat Jasangarritasun eta Digitalizazio zuzendariak.
Europan, ordea, mugikortasun elektrikoa ez da esperotako abiaduran sartu, zuzendariaren ustez, eta ez du merkatu kuota handitu ere egin. Joera horrek ez die eragin handirik egin Chassis-a oinarri duten osagaietan (balazta eta esekidura sistemak), ez eta egiturazko osagaietan ere, izan ere, bere hitzetan, “osagai horiek errekuntza ibilgailu, hibrido edo elektriko guztietan beharrezkoa dira”. Aitzitik, powertrain esparruko osagaietan sumatu dute eboluzioa, eta “moldatzen jakin” izan dutela dio arduradunak.
“Ibilgailu elektrikoek eta hibridoek merkatuan pisua irabazten jarraituko dute, baina barne errekuntzako ibilgailuek ere euren merkatu nitxoa izango dute”
Epe ertainean, ibilgailu parkea “askotarikoa” izatea espero du motorizazioei dagokienez, baina jakitun da elektrifikazioa “joera argia eta geldiezina” dela. “Ibilgailu elektrikoek eta hibridoek merkatuan pisua irabazten jarraituko dute, baina barne errekuntzako ibilgailuek ere euren merkatu nitxoa izango dute”.
Automozio sektoreak dituen erronkak aukera bihurtzea da giltzarri Pikasarriren ustetan, eta berrikuntza eta ekonomia zirkularra bi zutarri nagusienak direla uste badu ere, eredu kooperatiboa ere gako dela dio, “egonkortasuna eta sendotasuna ematen baitigu, bai eta egunez egun hori posible egiten duen pertsonen konpromisoa eta inplikazioa ere, garrantzitsuena, alegia”, bukatu du.
(Erreportajearen iturria: Enpresabidea)