Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.
Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
Fagor Arrasatek instalazio berriak irekiko ditu Chicagon 2020an
Fagor Arrasatek, deformazio eta konformazio bidezko makina-erreminten diseinuan, fabrikazioan eta horniduran espezialistak, Chicagoko eremu metropolitanoan zerbitzua emateko lantegi berria eraikitzeko duen proiektua aurkeztu du Fabtech 2019 azokan.
Proiektuaren asmoa da salmenta osteko zerbitzua indartzea eta bezeroekiko harremana estutzea merkatu honetan
Lantegi berriaren kokaleku zehatza adierazi ez bada ere, Fagor Arrasatek merkatu estatubatuarrarekin duen konpromisoaren froga garbia da. Zentzu horretan, konpainiaren standetan ikusi ahal izan dira herrialdeko automobilgintzarako eta altzairu eta aluminio ekoizleentzat orain arte egin dituen proiekturik garrantzitsuenen adibideak, tartean direla estanpazio lerroak, transfer prentsak eta serboprentsak edo kadentzia altuko prentsa lerroak, beste askoren artean.
Fagor Arrasatek Chicagolanden egingo duen zerbitzu lantegi berria 2020aren bukaerarako egongo da jardunean, eta zubi-garabiz hornitutako pabiloi eraiki berri batean kokatuko da. Instalazio berriek bulego gune bat ere edukiko dute, eta herrialdean gaur egun dauden Fagor Arrasateren egitura komertziala eta zerbitzukoa osatuko dituzte, konpaniak Willowbrooken, Illinoisen, duen egoitzatik koordinatuta.
Proiektuaren asmoa da salmenta osteko zerbitzua indartzea eta bezeroekiko harremana estutzea merkatu honetan, azken urteetan Fagor Arrasatek proiektu ugari egin baitu bertan eta merkatu horretako eskaria goraka ari baita.
Automobilaren industriarako soluzioak
Merkatu iparamerikarrarekin hartutako konpromisoaren erakusgarri gisa, Fagor Arrasatek bi stand eduki ditu Fabtech 2019 azokan, Metalen konformazioaren gainean Ipar Amerikan egiten den ekitaldirik garrantzitsuenean. D46043 standean, automobilgintzaren industriari eskaini baitzaio, konpainiak Estatu Batuetan eta Europan egin dituen proiekturik garrantzitsuenetako batzuk erakutsi ditu. Proiektu horien artean daude, besteak beste, transfer prentsa bat konglomeratu industrial handi baterako, konpositeetarako 2500 Tonako lerro oso bat zelula automatiko batekin, prentsa serbotransferrak eta FlexCell prentsa sinkronizatuak. Standean, halaber, estanpazio lerroetan eta automatizazio sistema aurreratuenekin hornitutako blanking lerroetan garatutako azken garapen batzuk erakutsi ziren.
Automobilgintzaren sektorerako soluzioei dagokienez, azpimarratzekoak dira konpainiak beroko estanpaziorako (Press Hardening) lerroetan egin dituen azken garapenak. Azken urteetan Fagor Arrasate OEMen giltza eskura erako hornitzaile gisa sendotu da eta urtebete baino gutxiagoko epeak zituzten proiektu batzuk osotu ditu. Berriki entregatu ditu bi proiektu OEM nagusientzat, bai eta beroko estanpaziorako hainbat lerro ere TIER 1 mailako enpresentzat. Horrenbesteko garrantzia duten fabrikatzaileen konfiantza
edukitzeak ematen dion bermeari eta automatizazio sistema transfer zein feeder propioetan metatutako esperientzia ikaragarriari esker, Fagor Arrasatek itxaropen handiak ditu beroko estanpazioaren sektorean hazteko.
FlexCell lerroak dira automobilgintzaren sektorerako Fagor Arrasatek garatu duen beste linea bat. Sistema horrekin lerro bakarrean fabrikatu daitezke pieza txikiak eta karrozeriako pieza ertainak, normalean bereizita eta ekipo desberdinekin egiten diren prozesuak bateratuta. Horrela, xafla metalikoen estanpazioko produktibitatea handitzen da, egin beharreko inbertsioa txikiagoa izanda.
Fagor Arrasatek erakutsi ditu, halaber, kadentzia altuko prentsa lerroetan egin dituen azken garapenak (Wave Lines). Sistema horren asmoa da automobilaren industrian gero eta handiagoa den produktibitate handiko lerroen eskaerari erantzutea. Sistemak pieza bakoitza manipulatzeko eta prentsa batetik beste batera lekualdatzeko prozesua arintzen du, belaunaldi berriko kontrol sinkronikoa duen abiadura handiko robotak erabiliz, zeinarekin lerroaren produktibitatea %40 ere handitu baitaiteke. Teknologia horretan nabarmena da pasa den urtean Seaterako egin zen Servo Hybrid WaveLine lerro baten proiektua. Kadentzia altuko lehen prentsa lerro hibridoa da Europan. Minutuko 15 kolpera ere iristen da, etengabe lan egiten du, eta konfigurazio hibridoa eta simulagailu digitala dauzka Siemensen PLS plataforman, eta horrek egiten du Europako aurreratuenetako bat izatea.
Altzairuaren eta aluminioaren industrietarako soluzioak
Konpainiaren bigarren standa, A4586 zenbakikoa, altzairu eta aluminio ekoizleei zuzenduta egon zen berariaz. Fagor Arrasatek gaur egun AEBn dituen proiektu batzuk aurkeztu zituen, eta horien artean luzetarako ebaketa lerroa nabarmentzen da (slitting line). Laser Flat teknologiaz aluminioa zeharka ebakitzeko lerroa (CTL) ere erakutsi zuen. Garapen honek trokel errotooszilante bat dauka, zeina minutuko 180 kolpera iristen baita eta doitasun maila handia baitu laser bidezko nibelazioan, 1mm/m baino gutxiagoko errore marjinarekin.
Altzairuaren eta aluminioaren industriei dagokienez, Fagor Arrasatek hainbat ikerketa proiektu jarri ditu martxan ibilgailu arinagoak eta garbiagoak garatzeko helburuarekin erabiltzen diren material berriak ezaugarritzeko eta eskuratutako ezagutzak konpainiaren lautzeko makinen garapen berrietan txertatzeko. Eremu honetako azken mugarria izan da “arrabolen bitartezko lauketarako gida”-ren argitalpena. Sektoreko ekoizleei bobina metalikoa egoki lautzeko urratsak eskaintzeko asmoarekin diseinatu da dokumentua, izan ere, ezinbesteko urratsa da bobinaren ondorengo prozesamendurako, lortutako piezen kalitatea modu erabakigarrian baldintzatzen baitu.