Fagor Arrasatek 102 milioi euroko balioa duten proiektuak lortu ditu 2022ko lehen lauhilekoan

Automobilgintzaren inbertsio-ekimenak berpiztu egin dira sektorearen elektrifikazioak bultzatuta, eta etxetresna elektrikoen sektoreak bultzada mantendu egin du maila globalean.
Card image cap
Prentsa ezberdinen produkzio linea Fagor Arrasateren lantoki nagusian, Arrasaten, Gipuzkoa.
2022/06/02

Fagor Arrasatek kontratazio-erritmo bikainarekin ekin dio 2022ari jarduten duen sektore guztietan, eta 26 proiektu berri esleitzea lortu du urteko lehen lauhilekoan, 102 milioi euroko balioarekin.

2022rako aurreikuspenak

Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiaren arabera,”2022. urtea 2021a baino aurreikuspen hobeekin hasi zen, baina ziurgabetasunekin, susperraldi globalerako arriskuak areagotu egin zirelako, eta egia esan, jada aurreikusten da espero baino ahulagoa izatea susperraldi hori eta herrialdeen arteko dibergentziak handiak izatea”. 

Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusia: "2022ko ekitaldirako, eskaera berrien bolumena % 20 inguru handitzea aurreikusten dugu, 190 milioi eurotik gorako zifra lortzeko”.

Hala, murrizketen inpaktu sakonak ekonomia batzuetan izan duen kalteei (beren produkzio-sarearen arabera) inflazio handi baten inpaktu aurreikusgarria gehitu behar zaio. Halaber, zenbait ekonomia berreskuratzea arriskuan jartzen du, batez ere murrizketa ondoko gertaera puntuala izan ordez denboran luzatzen bada, horrek lehengaien eta energiaren kostuan eta soldaten bidezko atzeraelikaduran duen eraginagatik.

Nolanahi ere, “2021ean hasitako ibilbidea sendotzea espero dugu Fagor Arrasaten. Horrela, 2022ko ekitaldirako, eskaera berrien bolumena % 20 inguru handitzea aurreikusten dugu, 190 milioi eurotik gorako zifra lortzeko”, ondorioztatu du Unai López Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak.

Jarduera berreskuratzea

2020an pandemiak eragin handia izan zuen Fagor Arrasatek jarduten duen sektoreetako inbertsio-jardueran, eta esleipen-prozesuak moteldu egin zituen, batez ere automobilaren sektorean. Horren ondoren, fabrikatzaile gipuzkoarrak ilusioz beteriko ekitaldia itxi zuen 2021ean, 160 milioi euroko kaptazioekin – 2020koa baino % 70 handiagoa eta ekitaldirako aurreikuspena baino % 8,5 handiagoa –, eta ia pandemia aurreko mailetan. 2021eko ekitaldiko salmenten zifra 126 milioi eurokoa izan zen, 2020ko kaptazio-maila izugarri baxuak oraindik eragiten zion eta, 8,2 milioi euroko EBITDA batekin.


Eskualdeka, 2021ean, NAFTA eremu geografikoaren portaera nabarmentzen da, kaptazioen heren bat bertatik datorrelako. Aipagarria da, halaber, Turkiaren jokabidea, automobilgintzaren sektoreko fabrikatzaileen eta hornitzaileen ekoizpen-jarduera garrantzitsua kontzentratzen ari baita herrialde horretan, eta Fagor Arrasatek kontratu garrantzitsuak lortu baititu herrialdean duen presentzia sendotuz. Balantzaren beste muturrean, Alemaniako merkatuak inbertsio maila baxua mantendu du.

Jarduera-eremuen arabera, oso modu positiboan nabarmentzen da etxetresna elektrikoen negozio-unitatearen portaera, sektoreak maila globalean duen eskari handiak bultzatuta, COVID-19tik eratorria. Hori horrela izanik, negozio-unitateak etekin bikaina izan du, 2020ko ekitaldiarekiko kaptazioak berreskuratuz eta 2021eko Gestio Planaren aurreikuspenak eta pandemiaren aurreko urteetako kaptazioak hobetuz.


Automobilaren negozio-unitatean, sektorearen elektrifikazioak bultzatutako inbertsio-ekimenak berpiztu dira, eta premia (adibidez, material arinak) eta aplikazio berriak (adibidez, bateriak eta deribatuak) sortu dira, non Fagor Arrasatek irtenbide berritzaileak/puntakoak eskaintzen dituen. Ildo horretan, nabarmendu behar da konpositeak prozesatzeko eta konformatzeko instalazioak Fagor Arrasateren kaptazio berrien % 10 inguru direla dagoeneko.


Siderurgiako negozio-unitateari dagokionez, 2021ean lehengaien prezioen gorakadak mesede egin dio unitate horri, eta horren ondorioz, altzairuaren eta aluminioaren balio-kateko bezeroen inbertsio-gosea suspertu da, pandemiaren aurreko mailetatik urrun dagoen arren. 

Fagor Arrasateri buruz

Fagor Arrasate munduko liderra da altzairua, aluminioa eta herdoilgaitza konformatzeko neurrira egindako soluzioen diseinuan eta fabrikazioan: prentsak eta estanpazio-sistemak, metalezko bobinak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroak eta metalezko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema osoak. Konpositeen konformazioan, beroko eta hotzeko forjaketa-sistemetan eta beroko estanpazioan ere aditua da.

Globalki jarduten du, eta bere bezero nagusien artean daude automobilgintzaren sektoreko mundu mailako fabrikatzaile garrantzitsuenak, hala nola, Volkswagen Taldea, Ford, Stellantis edo Tesla, arlo horretako hornitzaile estrategikoak, hala nola, Gestamp, CIE edo Magna, siderurgia sektoreko enpresak, hala nola, Tata, Arcelor Mittal, Acerinox, Gonvarri edo Bamesa, eta etxetresna elektrikoen sektoreko konpainiak, hala nola, Bosch- Siemens, Whirlpool, Mabe, General Electric edo Haier.

60 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Fagor Arrasatek 6 ekoizpen-planta, laguntza teknikoko 5 zerbitzu-zentro eta I+G+b zentro bat ditu, bai eta ordezkaritza komertzial ugari munduan zehar. Gaur egun, Fagor Arrasatek 660 lanpostu ditu, Euskal Herriko, Txinako, Mexikoko, Alemaniako eta AEBetako lantegietan banatuta. Esportazioak Fagor Arrasateren ekoizpenaren % 85 inguru dira. MODRAGON Korporazioko kide sortzaileetako bat da, hau da, Europako enpresa-talde handienetako baten kide sortzailea, gaur egun 80.000 profesional dituena.

 

Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.