Fagor Arrasate, Koniker eta Ikerlanek elkarlana indartu dute

Helburua, 4.0 industriako eta fabrikazio aurreratuko soluzioak garatzea izango da.
Card image cap
David Pascual, Fagor Arrasateko zuzendari nagusia; Marcelino Caballero, IKERLANeko zuzendari nagusia; eta David Chico, Fagor Arrasateko I+G arloko zuzendaria.
2019/10/16

Etorkizuneko industriarako balio handiko soluzioak garatzeko helburuarekin FAGOR ARRASATE enpresak, bere I+G unitateak, KONIKER, eta zentro teknologikoak, IKERLAN, berritu egin dute 2016tik indarrean zegoen elkarlan akordioa eta, horrela, indartu egin dute fabrikazio aurreratuko teknologien eta 4.0 Industriaren aplikazioan aurrera egiten jarraitzeko zuten asmoa.

Hitzarmenaren bitartez, elkarren arteko lankidetza sendotu dute hiru erakundeek eta, horrenbestez, hurrengo bost urteetan jarraituko dute puntako teknologien garapenean eta aplikazioan sakontzen.

Azken urteotan, lankidetza horrek emaitza garrantzitsuak ekarri ditu, bereziki Fagor Arrasateko produktu eta prozesu industrialen eraldaketa digitalean. Nabarmentzekoa da FA Link MAP (Machine Alert Platform) plataforma digitalaren garapena eta merkaturatzea. Plataforma horrek konektagarritsuna ematen die makinei, funtzionamendu parametro esanguratsuenak urrutitik eta segurtasun osoarekin monitorizatzeko eta ekoizpenaren mantentzea eta kalitatea optimizatzeko, horiek prozesu gakoak baitira automozioa bezalako sektoreetan.

Era berean, Digital Twin plataformaren garapena bultzatzen ari dira. Horrek 3D simulatzaile batean erreproduzitzen du makina, eragin handiena duten sistemen jarrera diseinu fasean doitzeko, esate baterako honako parametroa hauetan: ziklo denbora, energia kontsumoa eta piezen eta produktuen kalitatea.

Tresna horrekin, Fagor Arrasatek bere instalazioen kontrol sistemak doitu eta balioztatu ditzake, benetako instalazio bat muntatu beharrik izan gabe. Horrela lortzen du garapen eta abian jartze prozesuetan denbora eta arriskuak murriztea, bereziki eragingailu hidraulikoak dituzten makinetan.

Urteotako beste ikerketa arlo bat izan da muntaketa prozesuen eraginkortasuna ardaztzat zuena, metodologia eta tresna digital berritzaileak erabilita. Proiektu horien emaitzari esker, Fagor Arrasatek bere produktuen fabrikazio eta muntaketa prozesuen denborak aurreikusi eta ziurtatu ditzake. Horrek guztiak eraginkortasuna hobetzea eta bezeroei erantzun hobea ematea eragin du, eskari desberdinak aldi berean ekoizteko gaitasuna izanda.

Proiektu zorroa handia da eta, besteak beste, horien artean nabarmentzekoak dira Syncro 3D izeneko simulazio tresna, prentsen ibilbidea optimizatzeko erabiltzen dena, edo makinen osasun estrukturala eta osagai kritikoak zaintzeko erabiltzen diren tresnak.

 

Digitalizazioan, zibersegurtasunean eta Adimen Artifizialean sakontzea

Akordioaren baitan, hiru erakundeok hainbat plan dituzte datozen urteotarako, batez ere honako arlo hauetan gauzatuko direnak: teknologia digitalak, simulazioa eta kontrola, eraginkortasun operatiboa, energia biltegiratzearen kudeaketa eta horretarako soluzioak, eta mekanika aplikatua.   

Aurreko aldian inplementatu zen FA Link MAP plataforman oinarrituta, garapen berriak datuen analisirako funtzioak txertatzera bideratuko dira, ekipamenduen mantentze lanen etorkizuneko beharrak aurreikusi eta, horrela, instalazioen erabilgarritasuna eta malgutasuna handitu ahal izateko. Esparru horretan, gakoa izango da aktibo digitalizatuen zibersegurtasuneko soluzioen bilakaera, Blockchain izeneko teknologia txertatuz, horrekin sistema elektronikoak eta komunikazioak blindatuko baitira, sabotaje eta informazio lapurreten aurka.

Bestalde, modelatzeko eta kontrol aurreratuko teknologiak ere erabiliko dira. Aurreko zikloan garrantzitsua izan zen Digital Twin eta simulazio tresnak inplementatzea; aldi berrian, ordea, Adimen Artifizialean egin nahi da aurrera, makinak kontrolatu eta prozesuak automatizatzeko. Horretarako, lehendik dauden modelatzeko tresnen laguntzarekin, kontrol adimentsuan oinarritutako soluzio berriak garatuko dira. Kontrol paradigma berri hori sartuta, makinak eta ekoizpen lineak era autonomoan eta adimentsuan egokitzeko gauza izan daitezen lortu nahi da, ekoizpen prozesuen  funtzionamendu eta operazio baldintzen aurrean. Horrekin, era zuzenean hobetuko dira honako alderdi hauek: Fagor Arrasateko bezeroen lantegien erabilgarritasuna, moldakortasuna, ziklo denbora edo energia kontsumoa.

Era berean, akordioaren bitartez eraginkortasun operatiborako teknologiak garatu nahi dira, digitalizazio handiko 4.0 lan inguruetan eta instalazioetan txertatzeko, horrela beste urrats bat emanez muntaketa eta ekoizpen prozesuen epeak eta kostuak murrizteko.

Energia biltegiratzearen inguruan, hiru erakundeek nahi dute Fagor Arrasateko instalazioetan energia berreskuratu, biltegiratu eta kontrolatzeko teknologiak inplementatzea, bezeroaren kostu operatiboak murriztu ahal izateko. Egungo testuinguruan, energia kostua handitzen ari da eta, horren aurrean, lehiarako abantaila garbia da makina eta lineen bezeroei produkzio bolumen bererako kontsumo txikiagoak eskaini ahal izatea. Hori horrela, elektrizitatea biltegiratzeak protagonismoa berezia izango du garatu beharreko soluzio eta teknologietan, behar den potentzia elektrikoen puntak murriztu ahal izateko.

Azkenik, osagai kritikoen diseinuan eta fidagarritasun estrukturalean egingo da lan, fabrikazio eta muntaketa kostuak murrizteko diseinu mekaniko aurreratuak ikertuz. Osagaien fidagarritasun estrukturala ere aztertuko da, modelatzeko soluzio aurreratuen eta konpontzeko teknologien bitartez, makinen erabilgarritasuna eta bizitza baliagarria handitzeko helburuarekin.

 

Lankidetza indartua

4.0 industria gelditzeko iritsi zen eta digitalizazio industriala gure industria eraldatzen ari da. Teknologia horien garapenak eta inplementazioak horren aldeko apustu sendoa eskatzen du, eta horixe da Fagor Arrasate egiten ari dena. Gu, berriz, berarekin lankidetzan ari gara, gure ikuspegia eta esperientzia eskainiz. Akordioa berritzea testuinguru horretan kokatu behar da eta indartu egiten du gure misioa, enpresen erronkei erantzuteko ezagutza teknologikoak eskaintzea, alegia”, azpimarratu du IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok.

Bestalde, Fagor Arrasateko zuzendari nagusi David Pascualek nabarmendu du lankidetza indartzeak digitalizazioan aurrera egitea dakarrela: “Hitzarmena berritzea oso positiboa da Fagor Arrasarterentzat, horrek ahalbidetuko baitigu teknologiak garatu eta geureganatzea, gure bezeroei produktu eta zerbitzu onenak eskaintzeko eta merkatuan lehiakorrak izaten jarraitzeko".

Fagor Arrasateko I+G arloko zuzendari David Chicok, berriz, baieztatu du “diferentzial teknologikoa eta bezeroari zerbitzua ematea gakoak izango direla merkatuan lehiakorrak izaten jarraitzeko eta, horretarako, oso garrantzitsua dela ikerketa aplikatuan lehiakorrenak diren zentroekin sinergiak izatea”.

 

Konpromisoak: talentua eta inguruarekiko konpromisoa

Hitzarmenak ikerketa du helburu eta Fagor Arrasatek, Konikerrek eta IKERLANek konpromisoa hartu dute talde osoaren talentua eta trebakuntza bultzatzen lan egiteko, euren profesionalen gaitasun handia sendotuz eta profesional onenak erakarriz, profesional espezializatuak IKERLANetik Fagor Arrasatera igarotzea bultzatuz.

Era berean, eta gure inguruarekiko dugun konpromisoaren erakusle, hitzarmenak euskara laneko ohiko hizkuntza gisa erabiltzea ere jasotzen du eta, ildo horretan, bileretan eta hitzarmenaren jarraipena egiteko aktetan euskara erabiliko dela bermatzen da.

Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.

Ikerketa zentro teknologikoa

Konformatu eta mihiztadurako I+G zentroa