Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu berri du Fagor Taldeak
Askotarikoak dira aurrera begirako ibilbiderako finkatuak dituen lortu gurak. Oro har, talde lehiakor, berritzaile eta demokratikoa izaten segitzeko helburuz dihardu, pertsonen eta planetaren zaintza oinarrian izanda eta lurraldearekiko konpromisoa indartuta. Bestetik, interkooperazioa ez litzateke bazterrean geratuko. Hain zuzen ere, izaera ezberdineko erakundeekin jardun gura du elkarlanean iraunkortasun estrategiaren egikaritze prozesuan -hor daude, hainbaten artean, Mondragon Korporazioa, Unibertsitateak, erakunde publikoak, eta, oro har, komunitatea-.
Hala, proiektu kooperatiboa berritzeko konpromisoa hartu du Fagor Taldeak. Halaxe azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak:
“Gizarteak dituen erronkak, geureak ere badira. Bat egin gura dugu belaunaldi berrien kezka eta aspirazioekin, eta, horretarako, gure proiektu kooperatiboa gaurkotu behar dugu”.
Estrategia bat, bost ardatz
Bost dira Fagor 2030 iraunkortasun estrategiak barnebiltzen dituen ardatzak eta askotariko lan ildoak zein helburuak ditu horietako bakoitzak:
Negozioak eraldatu gura ditu, ekonomia digital, deskarbonizatu eta zirkular baten testuinguruan enplegua sortzen segitzeko. Aurreikuspenen arabera, industriak nabarmen nabariko du digitalizazioranzko eta deskarbonizazioranzko joera. Hori horrela, lehiakor izaten segi gura badu, negozio eta ekoizpen ereduak zein produktu kartera moldatu behar ditu kooperatiba taldeak. Horretarako, beharrezko lirateke berrikuntza eta etorkizunari aurrea hartzeko anbizioa.
Gobernantza eredu demokratikoa hobetzen eta garatzen segitu guran dabil Fagor Taldea. Finean, bazkide bat, bozka bat printzipioa oinarri duen gobernantza demokratikoa da haren bereizgarri nagusia. Eta horixe bera hobetzen segitzeko konpromisoz dihardu, besteren artean, organo ezberdinetarako hautatuko pertsonei formazio egokia emanez eta kultura kooperatiboan sakonduz.
Kideek euren onena eman dezaten, testuinguru egokiak sortu gura ditu. Taldearen ustez, horixe da negozioen lehiakortasunerako ardatz, eta, hori horrela, pertsonen inplikazioarendako eta konpromisoarendako mesedegarri izango diren testuinguruak sortu gura ditu, hainbaten artean, talde lana bultzatuz, garapen pertsonala eta profesionala uztartuz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz, Taldeko kideen osasuna zainduz edota euskaraz lan egiteko aukera eskainiz.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko zereginean, karbono aztarna murriztu gura du Fagor Taldeak, Pariseko akordioan eta Europako Itun Berdean finkaturiko helburuekin koherentzian. Izan ere, arazoaren parte den heinean, soluzioaren parte izatea dagokio. “Larrialdi klimatikoari aurre egin eta belaunaldi berriak ez hipotekatzeko, dagokion konpromisoak hartu behar ditu bakoitzak”, argitu du Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Lurraldearen eraldaketan inplikaturik egon gura du Fagor Taldeak. Bada, komunitatearekiko konpromisoak ezaugarritu du sortzetik, eta halaxe segi gura du etorkizunean ere. Hartarako, lurralde erronketan inplikatzeko konpromisoa berretsi du Fagor Taldeak Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bidez, beti ere, gainontzeko eragileekin lankidetzan jarduteko konpromisoz, gizarte autoeratu, inklusibo eta iraunkor bat ipar izanda.
Aurrera begira, aldaketak
Fagor 2030 iraunkortasun estrategiak esangura izango du Fagor Taldearen etorkizuneko ibilbidean. Otxandianok gogorarazi duenez, onartuak daude zenbait konpromiso, eta, beraz, horiek betetzeko lan egingo dute ondorengo urteetan: “Geure egin ditugu zenbait erronka, helburu eta konpromiso. Adostuak ditugu iparra eta ibilbide orria, eta, orain, bidea egiten hastea dagokigu”.
Dagoeneko nabari da Fagor 2030 estrategiaren eragina. Esaterako, 2020an, iraunkortasun memoriak landu dira Taldeko kooperatiba gehienetan. Hartan, besteak beste, karbono aztarna neurtu da. Eta jasotako datu horiei esker, CO2 emisioa murrizteko neurri eraginkorragoak zehaztu ahal izango ditu Taldeak etorkizunean.
Originala: https://www.fagor.eus/