Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
EUSPOT lehiaketaren zazpigarren edizioa aurkeztu da
Aurkeztu da Euspot 2018ko edizioa. Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketaren zazpigarren edizioa martxan da.
“Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa eta aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduraduna Edurne Balzategi eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan dira Iban Garcia youtuberra eta Ana Goitia instagramer ezagunak, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.
Aurtengo berrikuntzak
Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, musika sinkronizazio onenaren saria izango dugu aurten Audionetwork-ek eskainita eta bestetik, formazioan egingo da saiakera berezia, Euskal Herri osoko hainbat eskolekin harremanak sendotu eta formazio saio gehiago eskainiko dira.
Aurtengo gaia: “IRUDI DIGITALA GURE BIZITZAKO HARREMANETAN”
Aurten, Euspot lehiaketak sare sozialen erabileraren inguruan hausnarketa egitea nahi du. Sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dira, eta horrek gure artean harremantzeko moduak ere baldintzatzen ditu. Nerabe zein helduok, sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari garrantzia handiegia ematen ote diogu? Alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten ote diogu? Horretaz jabetu behar gara. Sare sozialetan eman beharreko irudiak baldintzatzen gaitu? Besteek esango edo erantzungo dutenaren arabera jokatzen dugu? Nahi duguna bakarrik erakutsi edo esaten dugu? Sare sozialak, gure esku dauden erremintak, jendeak gutaz nahiko lukeenaren erakusleiho edo eragile bihurtu ditugu? Dena ez da erreala, fikzio asko dago bertan eta guztia ez da dirudiena; ez jauzi tranpa horretan. Zure jokamoldea aldatzen ari zara ‘atsegin dut’ edo jarraitzaile gehiago lortzeko?
Lanak aurkezteko epea
Parte-hartzaileek maiatzaren 2ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.
2.550 euro saritan
Bost sari banatuko dira:
1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro