Elkarrizketa: Javier Goienetxea, MONDRAGONeko Kongresuaren lehendakaria

"Lege berriaren bitartez, kooperatibek malgutasun operatiboa eta nortasun kooperatiboaren arteko oreka bilatzeko tresnak izango dituzte".
Card image cap
2019/12/20

Zein da onartu berri den Legearen balorazio orokorra?

Oso positiboa. Azken sei urteotan buru-belarri izan gara arau honetan lanean eta oso pozgarria izan da ikustea bere onarpenak lortu duen adostasun zabala. Eguneraketa hau oso beharrezkoa da, batez ere kontuan hartuta orain arte izan dugun legeak 26 urte zituela eta ordutik mundua era bat aldatu dela.

Legearen zein aspektu nabarmenduko zenuke?

Aurre proiektuak gobernu korporatiboari buruzko funtsezko aspektuak jaso ditu, abenduaren 3ko 31/2014 Lege Estatalak ezarri zuenaren arabera, gure kooperatibetako gobernantzaren hobekuntza ziurtatzeko. Eta, modu beran, krisialdi enpresarioa emanez gero, bazkideek izan dezaketen erantzukizuna ere zehazten da.

Horrez gain, elkarte kooperatiboaren eszisioa edo segregazioa arautzen da; kooperatiben eraldaketarako betebeharrak ezabatzen dira; eta banatu ezin diren funtsak transferitzeko modu operatiboa malgutu egiten da, horrela ondare kooperatiboaren beste kontzeptu batzuk ere argituz.  

Lege berriaren bitartez, kooperatibek oreka bilatzeko aukera izango dute malgutasun operatiboa eta nortasuna kooperatiboaren artean. Hau da, alde batetik, elkarte kooperatibo baten nortasuna definitzen duten berezko ezaugarriak mantenduko dira, baina era berean, bestelako enpresek dituzten tresna batzuekin hornituko dira, baldintza berdinetan lehiatu ahal izateko.

Horrez gain, asko hitz egin da bazkide ez den kontratatutako pertsonalaren ordu kopurua igotzeari buruz.

Portzentajea %25 edo %30 izan behar denari buruzko eztabaida ez da hain garrantzitsua. Ez du oinarrizko ezer apurtzen eta gainera ohiko praktika da beste legealdi kooperatiboetan. Izan ere, Estatu mailako Kooperatiben Legeak eta Kantabria, Katalunia, Murtzia, Balentziako legeek %30eko portzentajea ezartzen dute. Eta portzentaje altuagoak (40-50%) ere ezartzen dira Extremadura eta Andaluziaren kasuetan.

Langileen kontratazioa ez da kooperatibek borondatez egiten duten zerbait, baizik eta beharrez, merkatuen lehiakortasunari malgutasunez erantzun ahal izateko. Enpresa eredu ezberdinen artean, gurea da parte hartzaile handiena bermatzen duena. Gainera, kontuan izan behar da langile hauek emaitza positiboen (etekinak) banaketan ere parte hartzen dutela, nahiz eta kooperatibaren emaitzak negatiboak (galerak) direnean ez duten parte hartzen.

Eta, zer diozu kanpoko pertsonak administratzaile modura sartzeari buruz?

Gure kooperatibetan, administratzaileen profesionalizazioa eta hauei ordaintzea ia existitzen ez den praktika da. Argi dago irizpideak ezartzeko aukera ematen digula eta kanpoko talentua gurera ekartzea onuragarria izan daitekeela, gure kooperatibetako garapen sozio-enpresarioa hobetzeko, beharra dagoenean.