Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Euskara Planaren 20. urteurrena ospatu du Batz kooperatibak
Apirilaren 29an egin zuten ekitaldi berezia eta bertan izan ziren Batz-eko Euskara Batzordeko kideak, Xaber Ozerinjauregi presidentea, lehen Euskara Batzordeko kideak, eta erakunde publikoetako ordezkariak. Erakunde publikoetako ordezkariak ere hurbildu ziren bertara: Illart Gumuzio, Igorreko alkatea; Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia; eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
Xaber Ozerinjauregik nabarmendu zuenez, Batz-ek lan handia egiten du hizkuntza aniztasuna lantzerakoan: “550 langile gara hemen Arratian, 1200dik gora mundu osoan banatuta gaude; asko eta era askotakoak gara, leku askotakoak, baina aniztasun honetan euskarak bere lekua izango du. Batz-en hizkuntzaren aniztasuna bizi dogu, gure kooperatiban sei edo zazpi hizkuntza erabiltzen dira egunero. Dena ez dogu euskaraz egiten, baina euskara leku esanguratsu baten ipini behar dugu. Eta hori da gure konpromisoa”.
Bide horretan, kooperatibak erakunde publikoen aldetik jaso duen laguntza eta onarpena eskertu du. Izan ere, urte hauetan guztietan diru-laguntza ekonomikoak jasotzeaz gain, zilarrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du Batz-ek birritan.
Euskara Planaren ibilbidea
Batz-en hasierako urteetan, lantaldea Arratialdeko lagunez osatuta zegoen, eta beraien harremanak euskaraz izaten ziren. Enpresa handituz joan zen eta apurka, hizkuntzari dagokionez harremanak aldatu ziren eta gaztelera nagusitzen hasi zen. 2000. urtean 380 langile inguru zeuden Batz-en, eta horietatik euskaldunak ziren hamarretik zazpi. Baina hizkuntza paisaian gaztelera zen nagusi, baita dokumentazioan ere. Horrez gain, harreman asko ere gazteleraz ziren. Hau da, langileen gehiengoa euskalduna izan arren eguneroko hartu-eman formalean gaztelera gailentzen zen.
Aurretik kezka bazegoen, baina 2000. urtean langile-talde batek aurkeztu zuen euskara plana martxan jartzeko proposamena zuzendaritzan. Proiektua landu eta martxan jartzeko Elhuyar aholkularitzari eskatu zitzaion laguntza teknikoa, eta beraiekin batera abiatu zen Euskara Plana. 2013. urtetik, ordea, Ahize-AEK aholkularitzak darama Batz-eko Euskara Plana garatzeko ardura.
Euskara planak lau helburu nagusi jarri zituen hasiera hartan: barne-harremanetan euskara sustatzea, kanpo-harremanetan erabilera bultzatzea, giza baliabideen bidez euskara sustatzea, eta hizkuntza paisaia euskalduntzea.
Ildo horretan, 2007an Euskararen Politika Orokorra (EPO) onartu zuen Batz-ek, eta horren arabera, euskararen erabilerak enpresan zelakoa izan behar zuen gidatzen zuen. Langileen arteko harremanetan, zein kanpoko hornitzaileekin izan behar ziren komunikazioetan zein irizpide jarraitu behar ziren, bilerak nola egin, eta errotulaziorako oinarriak ezarri ziren. Lanpostu bakoitzak izan beharko lituzkeen hizkuntza eskakizunak ere ezarri ditu kooperatibak urte hauetan.
Horri guztiari esker, 20 urteko ibilbidean euskarak ikusgarritasuna irabazi du Batz-en, eta hizkuntzaren kudeaketa sistematizatuta dago. Horren lekuko da urte hauetan guztietan zehar jaso dituen ziurtagiriak: 2009an eta 2017an zilarrezko Bikain ziurtagiria eskuratu zuen, eta 2007an Bai Euskarari.
Azken urteetan bide horri heldu zaio, eta pandemia gainditzen hasi den garai hauetarako etorkizuneko ildoak zehazten hasi da egungo Euskara Batzordea. Udazken honetan plan estrategiko berria lantzen hasiko da Batz.
BATZ: erreferente euskara sustatzen
Batz elkarlanean aritu da hainbat erakunderekin euskararen erabilera lan munduan sustatzeko. Horietako askotan, gainera, lidergo lana hartu izan du. Horien artean daude ekimen hauek: Euslan, Euskaragileak, eusGara, eta Indeus.
Hitzaldi ugari ere eskaini dituzte Batz-eko Euskara Batzordeko kideek enpresan egindako urratsak azaltzeko, eta gainerako enpresei euskara sustatzeko bidean laguntzeko. Besteak beste, Udaltop jardunaldietan parte hartu izan dute, baita Kontseiluak antolatutako jardunaldietan ere.