Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Euskara espazioan izan zenekoa
Euskarak 1994eko uztailean egin zuen bere estreinako bidaia espaziora. Duela 30 urte, hain juxtu. Orain arte, bakarra izan da, antza. Gure hizkuntza espazioan Sorioneku izan zen edo ez, auskalo. Baina zoriak nahi izan du pasadizoa argitara ateratzea Ikerlanen 50. urteurrenaren ospakizunaren testuinguruan. Espazioan izandako euskarazko lehen hitzak "Ikerlan teknologi ikertegia" izan baitziren, eta euren eskutik iritsi baitzen.
Zer-nola gertatu zen jakiteko, atzera egin behar. Bidaia IML-2 —2nd International Microgravity Laboratory— izeneko hegaldian egin zuen, 15 egun iraun zuena. Hegaldi horretan, "80 esperimentu baino gehiago egin ziren bereziki garaturiko 12 tresnekin. Horietako bat RAMSES izan zen", jaso zuen Joseba Landaluze Ikerlaneko Ikertzaile Seniorrak 1997an idatzitako testu baten.
Kontrolerako tresna. Ezkerrean ikusten den pantailan agertzen ziren euskarazko hitzak | Argazkia: utzitakoa
RAMSES Recherche Appliquée dans les Méthodes d’Électrophorèse Spatiales-en siglak dira. "Frantziako laborategi garrantzitsu batek Interferón delako sustantzia artifizialki ekoitzi nahi zuen, biologikoki hura lortzeak sekulako kostua baitzuen", azaldu dio EnpresaBIDEAri Alberto Ruiz de Olano Ikerlanen proiektuaren lidergoa eraman zuen ikertzaileak. Aipaturiko sustantziak gorputzeko sistema inmunitarioari laguntzen dio infekzioak eta minbizia bezalako gaixotasunei aurre egiten. "RAMSES proiektuaren helburua izan zen tresna bat diseinatu eta egitea laborategian sintezitatutako sustantziak garbitzeko. Garbiketa hori Columbia espazio-jaurtigailuan kokatuta zegoen Spacelab laborategian egin zen, grabitate ezean elektroforesia izeneko prozesua erabiliz", gaineratu du. Izan ere, sintezitatutako sustantzia garbitzeko prozesuak "zorrotza" behar zuen izan, eta hori soilik "grabitaterik gabeko egoeran" lor zitekeen.
Kontrol sistemaren diseinua Ikerlanen esku
Arestian aipatu bezala, Ikerlan izan zen RAMSES-en parte hartu zuen erakundeetako bat. IML-2ren hegaldia orbitatzeko, NASAak ESA Europako Agentzia Espazialari eskaini zion zenbait esperimentu txertatu ahal izatea. "RAMSES proiektuan zeuden zenbait enpresek atzera egin zuten kalitate eta segurtasuneko eskaerak askoz ere zorrotzagoak baitziren", adierazi du Ruiz de Olanok.
Testuinguru horretan, Ikerlani eskaintza egin zitzaion CCAS tresnaren kontrol sistema egiteko, baita astronautak tresnaren erabileran entrenatzeko sistema garatzeko ere. Horrekin batera, Mondragon taldeko kooperatibaren esku izan zen neurturikoa lortu, digitalizatu eta biltegiratzea, eta datuetara sarbidea ahalbidetuko zuen lotura eskaintzea, Lurraren eta espazioaren arteko komunikazioa erraztuko zuen komunikazio-linea jakin baten bitartez. "Horretarako, teklatuaren eta pantailaren tratamenduaz landa 50ren bat sentsore-seinale irakurriz hiru zirkuituren tenperatura-kontrola egiten zen, eta halaber potentzi unitatearentzako kontsignak ere sortzen ziren", zioen Landaluzek 1997an.
Ikerlani eskaintza egin zitzaion CCAS tresnaren kontrol sistema egiteko, baita astronautak tresnaren erabileran entrenatzeko sistema garatzeko ere
Lan horretan, baina, beste entitate ugariren eskutik joan ziren. "Sintetizatutako proteinen garbiketa prozesuaren diseinatzaileak Toulouseko Unibertsitateko Kimika Fakultatekoak ziren. Eurekin eta proiektuan parte hartu zuten beste hainbat entitaterekin —Matra MS, RU, CNES, ESA, NASA, CSL, Soludia,...— lankidetzan aritu ginen garapenak iraun zuen hiru urteetan eta orbitan eginiko hegaldiaren 15 egunetan", nabarmendu du proiektu arduradunak. Proiektua bere osotasunean 1989 eta 1994 urte bitartean garatu zen.
Proiektuak "garrantzia handia" izan zuen Ikerlanentzat. Batetik, espaziora salto egin zutelako "eta europar espazio-arloan puntako enpresekin lan egiteko aukera izan genuelako, elkar-ezagutza erraztuz", kontatu dio EnpresaBIDEAri Landaluzek, 1997ko testuaren egileak berak.
Bestetik, garatzeko aukerak eskaini zizkielako. "Ikerketa teknologikoko zentro gisa, lorturiko esperientzia oso erabilgarria izan da ondorengo garapenean", plazaratu du Ruiz de Olanok. "Espaziorako estandarrak eta arauak oso desberdinak dira, eskuarki tresna elektronikoak diseinatzean aplikatzen direnekin erkatuta. Hurbilago daude hegazkigintzan eta industria militarrean aplikatzen direnetatik. Hori berria zen Ikerlanentzat. Eta osagaiak lortzea ez zen erraza izan, ezta diseinatze-metodologia ere. Hor asko ikasi egin genuen", gaineratu du Landaluzek.
Alberto Ruiz de Olano: "Ikerketa teknologikoko zentro gisa, lorturiko esperientzia oso erabilgarria izan da ondorengo garapenean"
Ekonomikoki 250 milioi pezetako kostua —ia 400.000 euro— suposatu zion, ordura arte, diru kopuruari dagokionez, garatutako proiekturik garrantzitsuena.
Espazioan ere euskaraz
Orduan, nola iritsi ziren euskarazko hitzak espaziora? Bada, CCASak zuen pantailan. "Lehenengo CCASa egin genuenean, ordenagailu batean oinarrituta, pizterakoan hotzean menu bat bakarrik ez ateratzeagatik, lehenengo aurkezpen-pantaila agertzen zen". Hor ziren txertatuak, hain zuzen ere, Ikerlan teknologi ikertegia hitzak, ingelesezko "jarraitzeko sakatu tekla bat” testuarekin. "Albertok tresna bidali baino lehenago kendu beharko zela esan zuen, baina jaramonik ez, eta espaziora ere heldu zen", nabarmendu du Landaluzek.
Joseba Landaluze: "Gutxi badira ere, tamainaz pantailakada oso bat betetzen zuten, eta 10 minutu baino gehiago iraun zuten zenbait astronautaren begien aurrean"
1997an idatzitako testuan, honela zioen ikertzaile seniorrak: "Gutxi badira ere, tamainaz pantailakada oso bat betetzen zuten, eta 10 minutu baino gehiago iraun zuten zenbait astronautaren begien aurrean".
Nola iritsi gara honaino
Pasadizoa gaur egundaino iristeko, gako izan zen 1997an Landaluzek idatzitako pieza hura. Kooperatiban euskara sustatzeko eginiko egitasmoetako baten ondorioz idatzi zuen. "1995aren bueltan Ikerlanen euskara-plana zegoen dagoeneko, eta beste gauzen artean euskara-zirkuluak zeuden, nolabait departamentu baten edo biren langileek osatuak, euskararekin loturako jarduerak egiteko (alfabetatze teknikoa, euskara proiektuetan txertatzeko ahaleginak, eta abar)", azaldu du.
Landaluze zirkulu horietako parte izanik, martxan jarri zuten jardueretako bat izan zen partaide bakoitzak gai bat prestatu eta beste zirkulukideei azaltzea. "Bakoitza bere esparruko proiektuez aritzen zen; horrela euskara lantzen zen, eta baita ezagutza teknikoa zabaldu ere partaideen artean". Landaluzek idatzitako testuen artean izan zen, besteak beste, RAMSES proiektuari buruzkoa. 1997an lehen euskal herritarra —Léopold Eyharts biarriztarra— espazioratuko zela jakin zenean idatzi zuen —1998ko urtarrilaren 29an egin zuen bidaia—.
Horrek esan nahi al du Neil Amstrong astronautaren hitzak hartu eta gizakiarentzat pauso txiki bat izandakoa, pauso handi bat izan zela euskararentzat? "Pasadizo bat besterik ez da, pasadizo dibertigarria. Horregatik, bakarrik, euskara ez da salbatuko, baina eremu gehiago, batez ere lan-munduan, irabazi beharko genuke", aldarrikatu du Landaluzek.
Iturria: Enpresabidea