Irakurriena
- 1. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 2. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 3. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 4. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 5. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 6. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 7. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 8. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 9. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 10. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
Euskara ardatz, Nafarroako enpresen arteko topaketa
Helburuak honako hauek izan dira: batetik, Nafarroako gizarteari kooperatibetako euskara batzordeen lanen berri ematea eta beste enpresa batzuengana iristea; bestetik, euskara planetako esperientziak eta praktika onak partekatzea; eta, azkenik, MAPSAk euskara planarekin izan duen ibilbidea sozializatzea eta jendarteratzea. Topaketa EMUN kooperatibak gidatu du.
Juantxo Martinez-Garcirian MAPSAko lehendakariak kooperatibak euskara planarekin egin duen ibilbidea azaldu du; besteak beste, hizkuntza politika esplizitatu izanak bazkideen eskubideak eta betebeharrak zehaztea erraztu duela azpimarratu du.
Arlo sozioekonomikoa gakoa da euskararen prestigiorako
Ondoren, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak Euskararen Plan Estrategikoa azaldu du; besteak beste, enpresetan euskara planak sustatzea aurreikusten du Euskarabideak. Era berean, azpimarratu du arlo sozioekonomikoa gakoa dela euskararen prestigiorako.
Halaber, topaketan Sagrario Aleman eta Juan Kruz Lakastak euren iritzia eman dute; batetik, biek ala biek, euskalgintza eta administrazioaren artean elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu dute; eta, bestetik, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko sinergiak batzeak duen garrantzia azpimarratu dute.
Jarraian, enpresetako euskara planei egin zaie erreferentzia, horiek izan baitira topaketako protagonistak. Jakina da Nafarroako egoera soziolinguistikoa zein den; euskararen foru legea, euskararen erabilera… Arlo sozioekonomikoan, aldiz, enpresek hizkuntzaren normalizazio prozesuan duten esku-hartzea nolakoa den ez da hainbeste zabaldu. Egun, Nafarroako hainbat enpresak du euskara plana: Mapsa, Fagor Ederlan Tafalla eta Altsasuko MONDRAGONeko kooperatibek, esaterako. Halaber, Nafarroan hedatuta dauden eta euskara plana duten beste kooperatiba kide batzuk ere badira (Laboral Kutxa, LKS eta Eroski).
Zenbait enpresatako esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izan da Topaketan. MAPSAk azken urte hauetan izan dituen lorpenen berri eman du, besteak beste, hizkuntza politika eta euskara eskolak. Bestalde, Fagor Ederlaneko errealitate ezberdinak aurkeztu dira, batetik, Fagor Ederlan Tafallaren euskara plana eta, bestetik, Ederlan kooperatibak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko plantetan izan duen euskararen normalizazio prozesuaren erakundetzea.
Ander Etxeberriak, Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren zuzendari eta euskara koordinatzaileak eskaini zuen itxiera hitzaldia
Euskararen normalkuntza helburu duten horien guztien ahaleginak partekatzeko eta esperientziak trukatzeko helburuarekin Nafarroako Enpresen Euskara Batzordea eratu zen, MONDRAGONek gidatzen duena. Batzordea edozein enpresentzat irekita dagoela azpimarratu da, ez baita ezinbestekoa euskara plana edukitzea edo MONDRAGONeko kide izatea Batzordean parte hartzeko.
Amaitzeko, topaketari itxiera eman dio MONDRAGON taldearen izenean Ander Etxeberriak, Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren zuzendari eta euskara koordinatzaileak. Anderrek, MONDRAGONek euskara normalizatzeko ezarrita dituen Oinarriak eta euskara planak garatzeko Korporazioak bideratzen dituen laguntzak aipatzeaz gain, nabarmendu du kooperatiba bakoitzaren egoera soziolinguistikora egokitutako normalkuntza plan bat abiatzeak kolektiboari dakarzkion onurak.