Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren matrikula egiteko epea ireki da
Mondragon Unibertsitateak Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 5. edizioa eskainiko du ikasturte berri honetan eta berau berrikuntzekin dator gainera. Batetik, saio presentzialak hilean behin emango dira, modu trinkoan, asteburuetan. Bestetik, hizlariekin hartu-eman sakonagoa izateko aukera egongo da. Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere, euskal kulturaren ordezkari ezagunek hartuko dute parte Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako campusean egingo diren saioetan.
Dagoeneko, urriaren 7ra arte, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan izena emateko aukera dago. Ikastaroaren egutegiari dagokionez, eskolak hasiko dira 2014ko urriaren 18an eta amaituko dira 2015eko ekainaren 14an. Saio guztiak Eskoriatzako campusean izango dira eta behar izanez gero, inguruan lo egiteko aukera ere eskainiko da.
Formatuan aldaketa
Aste barruko saio presentzialetik, asteburuko saio trinkoetara egin du jauzi Euskal Kulturgintza Transmisioa aditu tituluaren (EKT) bosgarren edizioak. Hala, aurreko edizioetan ez bezala, oraingo honetan, ikasle eta hizlariak hilean behin elkartuko dira, hileko asteburu batean. Saioak zapatuan 09:00etan hasiko dira eta domekan, 17:00etan, bukatuko dira.
Saioak egingo dira, Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Otorduak ere bertan izango dira, eta, hala behar duenarentzat, lo egiteko lekua ere egongo da. Aldaketa horrekin matrikulatzeko bidea ireki nahi izan zaie, orain artean, astean zehar saioetara etorri ahal izan ez direnei. Gainera, asteburuetako saio trinko horiek ahal bideratuko dute hizlari eta ikaskideen arteko hartu-emanean sakontzea.
50 pertsonaia ezagun inguru
Aurreko edizioetan bezala, euskal kulturaren izen ospetsu askok hartuko dute parte 5. edizioan. Besteak beste, hitzaldiak eskainiko dituzte Irati Jimenezek, Mari Luz Estebanek, Juan Jose Ibarretxek, Jesus Egigurenek, Eider Rodriguezek, Ander Lipusek eta Joseba Sarrionandiak.
Edizio honetan, zenbait hizlarik gogoeta berezia egingo dute euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz. Horretarako hainbat saio harilkatuko dira ikasturtean zehar. Bertan izango dira Paulo Iztueta, Joseba Sarrionandia, Kike Amonarriz, Juan Jose Ibarretxe, Xabier Zubizarreta, Jesus Egiguren, Mari Luz Esteban, Jose Angel Irigarai eta Joseba Zulaika. Esaterako, Joseba Sarrionandia idazlea eta pentsalariak bi saiotan hartuko du parte. Lehenean jardungo da nazio kulturalaren egoera eta aurrerabideez, bigarrenean, aldiz, begiratua egingo die euskal literaturaren azken 50 urteei eta aurrera begirako erronkei.
Informazio gehiago: