Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Laboral Kutxak lau urtetarako hitzarmena sinatu dute
Akordio honi esker Laboral Kutxak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektu orokorra garatzen lagunduko du.
Bertsozale Elkartearen proiektu kulturalak bertsolaritzaren zaintza eta etorkizuna bermatzeaz gain, gizartearentzat onuragarriak diren hainbat alorretan eragiten du: pertsonen garapenean, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan, besteak beste.
Laboral Kutxak gizartearekin dituen konpromisoen artean, kultura eta euskararen zaintza eta sustapena ditu helburu nagusi.
Helburuetan bat eginda, bi erakundeek lau urterako elkarlana hitzartu dute.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua
Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu eta bere etorkizuna ziurtatzeko helburuarekin sortutako irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Helburuok erdiesteko sei elkarte ari dira lanean proiektu bateratuan, 2.365 bazkideren babesarekin.
Hiru eremu nagusitan egiten du lan elkarteak: transmisioan, sustapenean eta ikerkuntzan.
- Belaunaldien transmisioa eragiteko hainbat proiektu ditu esku artean: hezkuntza arautuan, urtero, 20.000tik gora gaztetxori bertsolaritza irakasten zaie klase orduetan. Aisialdiko eskaintza gisa bertso-udalekuak, barnetegiak eta abar antolatzen dira. Baita eskolarteko txapelketak eta bertso-eskolen egunak ere.
- Bertsolaritzaren sustapenean eragiteko Hitzetik Hortzera telebista saioa, bertsoa sareko plaza digitala, txapelketak, eta hainbat sariketa antolatzen ditu elkarteak.
- Ikerketari esker bertsolaritza garai berrietara egokitzen asmatu da. Bertsolaritzaren ikerketa Mintzola Fundazioaren bitartez garatzen du Bertsozale Elkarteak. Ikerketa lan horien emaitzak zabaltzeko ikastaroak, jardunaldiak eta argitalpenak ekoiztea da Mintzola Fundazioaren egitekoa.
Aipatutako egitasmoa etengabe eragiten jarraitu ahal izateko lankidetzak ezinbestekoak dira Bertsozale Elkartearentzat. Elkarlanean oinarrituz egin du 27 urteko ibilbidea. Zentzu horretan, Laboral Kutxarekin adostutako elkarlanak bultzada handia eskainiko dio bertsolaritzari eta euskarari.
Laboral Kutxa, kultura eta euskararen zaintza
Laboral Kutxa sortu zenekoa da euskal kulturaren eta euskararen garapenaren aldeko lana eta konpromisoa, entitatearen estatutu sozialetan ere jasotzen den moduan. Beraz, bere nortasun agirian dauka euskararekiko apustua atxikia.
Izateko modu horri erantzunez, hamaika proiektu, egitasmo eta ekimen bideratzen lagundu ohi du Euskal Herrian barrena, hainbat eta hainbat talde eragile, elkarte, entitate eta erakunderekin batera jardunez. Elkarlanaren, kooperatibismoaren haritik, mota bateko edo besteko laguntza eskainiz (materiala utziz, aholkularitza emanez, diruz babestuz, langileak jarriz…), makina bat amets egin bihurtu ditu Laboral Kutxan euskalgintzan diharduen unibertso zabalean.
Eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea aipatuta, gogora ekarri beharra dago lehenago ere, duela 10 urte inguru, “Luberri” izeneko ekimena bideratu zutela elkarrekin elkarteak berak eta Laboral Kutxak. Horrela, garai bateko bertsozaletasuna galdua zegoen herrietan bertsotarako zaletasuna berreskuratzen jardun zuten, bertsolari gazteak eta aski ezagunak zirenak hainbat bertso-saio partekatuz. Orduan, herrietako jendea arduratu zen ekitaldia antolatzeaz, eta Bertsozale Elkarteak behar ziren koordinazio-lanak egin zituen, herrigintzaren sustraietara joz.
Eta 10 urteren bueltan berriz ere Bertsozale Elkartearekin elkarlanean aritzeak, poztasun handia dakarkie Laboral Kutxa osatzen duten guztiei, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan aurrerapauso esanguratsua den neurrian.