Irakurriena
- 1. FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
- 2. Orbik Cybersecurity, kooperatiba bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 3. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 4. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 5. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 6. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 7. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 8. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 9. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 10. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
Euskal gatazkaren adierazpen kulturala hizpide Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak euskal gatazkari buruzko mahai-ingurua antolatu du, Kontakizuna kontagai: euskal gatazka kulturaren talaiatik izenburupean, Aretxabaletako campuseko Komunikazioko ikasleentzat. Ekitaldian partaide izan dira Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragilea, Oihana Iguaran bertsolaria, Josu Martinez zinemagilea eta Iban Zaldua idazlea.
Ane Zuazubiskar kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea aritu da moderatzaile-lanetan
Euskal kultura garaikideko askotariko adierazpide artistikoetan euskal gatazka nola irudikatu den aztertu dute. Mahai-ingurua Gizalegez akordioaren harira antolatu da, Bizikidetza, Giza Eskubideak eta Aniztasuna ardatz dituen Eusko Jaurlaritzaren planaren esparruan. Bakearen kultura sustatzea eta giza eskubideen urraketa eta era guztietako indarkeria prebenitzea da Gizalegezen helburua.
Hausnarketarako mahaia
Ane Zuazubiskar kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea aritu da moderatzaile-lanetan. Euskal Herriko azken aldiko historian euskal gatazkak ekoizpen artistikoan izandako presentzia eta absentzia azpimarratze aldera, solasaldia hiru ataletan banatu dute, iraganari, orainari eta etorkizunari erreparatzeko.
Hizlarien hitzaldian, Iban Zaldua idazleak nabarmendu duenez, literaturaren kasuan, euskal gatazka ardatz duten euskarazko eta gaztelaniazko lehen liburuak 70eko hamarkadakoak direla. Hala ere, garai batean euskal idazleek gatazkari buruz ezer idatzi ez zutelako ustea zabaldu zela adierazi du. "Egia da" lehorte "bat izan zela 80ko hamarkadan, non ia ez baitzen gai horri buruzko libururik argitaratu – ez euskaraz, ez gaztelaniaz –. Hala ere, "lehorteak" 90eko hamarkadako boomarekin amaitzen da. Fikzioa pluralagoa eta kalitate handiagokoa da datozen hamarkadetan, eta hori 2010etik aurrera nabarmenagoa da ETAren armagabetzearen ondoren. Zalduak ere artearen autonomia aldarrikatu du. "Literatura-sorkuntzaren helburua edo artearen helburua ezin da izan mezu ideologiko bat zabaltzea. Idazlearen helburua liburu on bat idaztea izan behar da", azaldu du.
Oihana Iguaran bertsolariak azaldu duenez, bertsolaria "herriaren ahotsa" izan da mendez-mende, eta ikuspuntu horretatik kantatu du euskal gatazkei buruz
Gotzon Barandiaranek, bere aldetik, kontatu du XX. mendearen amaiera eta XXI. mendearen lehen hamarkada bitartean euskaraz sortutako kantu asko "galtzaileen kontzientziatik" idatzita daudela. Nemesio Etxaniz eta Mixel Labéguerieren hitzetatik hasi eta mende honetako talde askoren hitzetaraino, euskal musikak "zapalduen aldarrikapenak" jaso ditu. "Gatazka armatua bizi izan zuten belaunaldiko artistengan nabari da gaiak nekea sortzen duela, baina gustatuko litzaidake sortzaile horiek kontatzeko dutena entzutea", azaldu du.
Bestalde, Oihana Iguaran bertsolariak azaldu duenez, bertsolaria "herriaren ahotsa" izan da mendez-mende, eta ikuspuntu horretatik kantatu du euskal gatazkei buruz. "Bertsolariek, oro har, bertsio ofizialetik kanpoko diskurtsoa izan dute eta hedabide nagusietan agertzen ez ziren diskurtsoak kantatu dituzte".
Azkenik, zinemari dagokionez, Josu Martinezek kontatu du duela gutxi arte ez dela euskal gatazkari buruzko filmik landu. Hala ere, aitortu duenez, "munduko beste gatazka batzuekin alderatuta, Ipar Irlandakoekin edo Hegoafrikakoekin kasuekin adibidez, ez da kualitatiboki inpaktua izan duen pelikularik egin izan Euskal gatazkari buruz”.