Euskadiko Kutxak 70 milioi euro bideratu ditu gizarte ekonomiako enpresak finantzatzera

ERKIDEko lehendakariak, Juan Mari Conchak, eta Euskadiko Kutxa Ipar Kutxako enpresa-arloko zuzendariak, Josu Arraizak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketa eta sorrera errazteko.
2013/01/31

Gizarte-ekonomiako enpresen premia nagusiak betetzeko diseinatu da hitzarmena. Hala, ekintzaileek produkzio-jarduerari ekiteko eta garatzeko finantzaketa-lerro berriak izango dituzte, eta enpresek likidezia uneoro izateko eta inbertsio berriak ahalbidetzeko produktuak.

Gainera, hitzarmenari esker, gizarte-ekonomiako enpresek dirulaguntza-aurrerakinak eskuratu, bazkideen kapital-ekarpena erraztu eta nazioartera irteteko aholkularitza jaso ahal izango dute.

Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, luza daitekeena.

Hitzarmenaren zuzkidura 70.000.000 €-koa da, bost jarduera-lerro nagusitan banatuta:

Ekintzaile eta kooperatiba berriak: 15.000.000€; Zirkulatzailea: 25.000.000€; Dirulaguntza publikoen aurrerakinak: 10.000.000€; Internazionalizazioa: 10.000.000€; Enpresen kapital sozialerako ekarpenak: 10.000.000€.

14 sukurtsal

Euskadiko Kutxa Ipar Kutxak gaur egun 14 sukurtsal ditu enpresentzat soilik; horrez gain, produktu-adituez osatutako 7 talde ditu (Cash management, Kanpo-merkataritza, Factoring eta confirming, Leasing eta renting eta Finantzaketa korporatiboa eta egituratua).

ERKIDEk lan elkartuko (industria, eraikuntza eta zerbitzuak), irakaskuntzako eta kredituko  844 kooperatiba biltzen ditu bere baitan. Horiek guztiek 44.239 lagun enplegatzen dituzte eta haien fakturazioa 7.586.115.000 eurokoa izan zen 2010ean.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.